«Gu ere heriotza zigorrera zigortuta gaude», salatu du Etxerat elkarteak

Mikel Egibar euskal presoaren senide batzuek istripu larria izan zuten asteartean, espetxera eginiko bisitatik bueltan zetozelaAlderdi politikoei eta instituzioei arduraz eta zentzuz jokatzeko exijitu diete

Mattin Troitiño eta Natxi Aranburu Etxerat elkarteko bozeramaileak, atzo, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
«Badirudi gu ere heriotza zigorrera zigortuta gaudela», salatu du Etxerat elkarteak, Mikel Egibar preso politikoaren bikotekideak eta seme-alabek izandako istripu larriaren harira. «Edozein unetan, edozein errepidetan eta edozein espetxeren aurrean bizitza gal dezakegu».Hala, Mattin Troitiño eta Natxi Aranburu Etxerat elkarteko kideek sakabanaketa politikak dakarren «ondorio lazgarriak» salatu zituen, eta erantzukizunak eskatu.

Egibar Zizurkilgoa da (Gipuzkoa), eta Zuerako espetxean dago gaur egun, Euskal Herritik ia300 kilometrora. Istripua astearteeguerdian jazo zen, Zaragoza inguruan (Aragoi, Espainia). Egibarren senideek kamioi batekin izan zuten ezbeharra, eta suhiltzaileek atera behar izan zituzten autotik, Etxerat-ekoek azaldu dutenez. Bikotekidea eta hamalau urteko semea Zaragozako Klinika ospitalera eraman zituzten zuzenean; hamabi urteko alaba, berriz, Miguel Servet ospitalera eraman behar izan zuten. «Badirudi alaba ondo dagoela, nahiz eta egoerak urduritasun handia eragin dion», gaineratu du Troitiñok.

Bikotekideak eta semeak izan dituzte ondoriorik larrienak. Bikotekidea intubatuta eta lasaigarriak emanda dagoela jakinarazi dute elkartekoek. «Arnasa hartzeko arazoak ditu;izan ere, masailezurra txikitua du», azaldu dute. Semeak, berriz, Troitiñok adierazi duenez, humeroa puskatua du, eta kolpeak ditu toraxean, buruan eta masailezurrean. Hala, biei ebakuntzak egingo dizkietela gaineratu dute.

Etxerat-ekoen ustetan, sakabanaketa eta istripuak senide helduekin lotzen ohi dira. Baina, Egibarren familiaren istripuarekin,«argi eta garbi» erakusten da hori ez dela horrela. Izan ere, gogorarazi dute ezbehar horretan bi umek bizitza arriskuan izan dutela. Hala, gertakizun horren aurrean, sakabanaketa babestu eta hari eusten dioten alderdi zein instituzioei galdegin diete ea zer duten esateko.

Etxerat-eko bozeramaileen esanetan, sakabanaketa politika kilometroak eraginaraztetik «haratago» doa.Hori dela eta, «arduraz eta zentzuz»jokatzeko exijitu diote alderdi politiko eta instituzioei.

«Heriotza zigorrera bidean»

Euskal preso politikoak «heriotza zigorrera kondenatuak» daudela salatu dute behin eta berriro Etxerat elkartekoek. Josu Uribetxebarriaren kasua jarri dute horren adibide moduan. «Hiltzear dago, eta preso jarraitzen du», jakinarazi dute Troitiñok eta Aranburuk. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamahiru presoekin ere beste hainbeste gertatzen ari dela esan dute. Horrekin batera, presoen senide eta lagunak ere «heriotza zigorrerako bidean daudela dirudi»,adierazi dute. Izan ere, elkarteko bozeramaileek salatu dutenez, «edozein unetan, edozein errepidetan eta edozein espetxeren aurrean bizitza gal dezakegu; bai Algecirasen, bai Bapaumen, baita Zueran ere».

Duela 23 urtetik —Espainiako Gobernuak euskal presoen sakabanaketa politika indarrean jarri zuenetik—, hamasei senide eta lagunek galdu dute bizia errepidean, eta ehunka senide eta lagunek istripuak izan dituzte. Azkenak maiatzean jazo ziren. Asteburu berean, Iñaki Arakama, Gorka Vidal, Oscar Calabozo eta Iñaki Alonso presoen lagun eta senideek auto istripua izan zuten. Nahiz eta ezbehar guzti horiek jazo, sakabanaketa politikak bere horretan jarraitzen duela salatu dute Etxeratekoek.Hori dela eta, elkarteko bozeramaileek galdera zuzena egin diete alderdi politikoei: «Haurren batek hil beharko ote du ardura politikoz jokatzeko eta sakabanaketa amaitzeko?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.