Astelehen gauean elkarrizketa egin zioten Francisco Aldecoa politologoari TVEko 24h kanalean. Adituak Trump eta nazioarteko egoera izan zituen hizpide. Agurtzeko unean, Xabier Fortes kazetariak haren izena gogoratu zuen: «Francisco Aldecoa... Luzarraga, ezta?». Eta gero: «Denak euskal abizenak. Francisco... Patxi».
Errespetu osoz mintzatu zen Fortes, baina aurrean kasik fenomeno arraro bat balu bezala. Aldecoa Luzarraga, Madrilen sortua, baina deiturak periferiakoak. Espainia plural koloretsuaren izakia edo. Palentziako bati ez zion «denak abizen gaztelarrak» esango.
Periferiatzat jotzen gaituzte. Ez soilik Madrilen: periferiak omen diren lurraldeetan ere bai. Gabriel Rufianek adierazi du aste honetan: Espainiako bozetan eskuinari aurre egiteko, «periferiako ezkerrak» bildu beharra dago —«hautaketa semantiko bitxia independentista batentzat», azaldu du, arrazoiz, Josep Martí Blanch-ek—. Periferia? Nongoa? Norena?
Rufianen hasierako proposamenean Podemos ere agertzen zen, zenbait hedabideren arabera —El Mundo, La Vanguardia—. Geroagoko adierazpenetan alderdi morearen arrastorik ez. Ez da harritzekoa.
Katalunian oraindik gogoan dute Pablo Iglesiasek proces-aren garaietan independentistei bidali zien mezua: kontuz zer egiten duzuen, faxismoaren mamua iratzarriko duzue eta. Diskurtso matxista zelanbait justifikatzen duen arrazoibide mota erabili zuen, arlo politikora eramanda. Beste testuinguru batean, noski, baina funtsean eskema berdina hartu —«ez aldarrikatu zure askatasuna zapaltzailearekin adostu gabe; ez jokatu, ez jantzi, ez dantzatu horrela, matxismoa esnatuko baituzu»— eta erreproduzitu egin zuen, independentistak errudun bihurtuta: «Faxismoaren mamua iratzartzen ari dira».
Aholku bitxia izan zen, zeren eta beste arlo batzuetan Iglesiasek ez baitu hainbeste erreparorik eskumaren aurka gogor jardun behar dela esateko. Gaia afera nazionala denean, aldiz, nahiago du zuhur jokatu. Zergatik ote? Ai, amici, amici... Besterik ere bota zuen Iglesiasek Katalunian. 2015eko bozetako kanpainan etxean ez geratzeko esan zien «andaluziarren bilobei» eta «extremadurarren seme-alabei». Ez al zen nahikoa gazteei botoa emateko eskatzea, inoren arbasoen jatorria aipatu gabe? Etnizista deitu zioten sare sozialetan. «Independentzia bozkatuko dut ez dudalako nahi zu bezalako pertsonek klabe etnikoan bozkatzen duen talde etnikotzat jo nazaten», idatzi zuten mezu batean.
Gu periferia? Katalunian edo Euskal Herrian hori dioenak beste nonbaiten du erreferentzia nazionala: Espainian
Juan Carlos Monederok ere mingaina askatu zuen independentismoa ETArekin konparatu zuenean: «Basakeriak egitean zetzan ETAren estrategia, estatuaren erantzuna gehiegizkoa izan zedin (...) Emaitza hain ikaragarriak zituen erokeria hura estrategia baten parte ez ote zen susmoa dut. Orain errepikatzen ari da, zorionez, indarkeriarik gabe».
Oso plurinazionalak dira, baina periferia delakoan hitzetatik haratago joan nahi badugu, akabo txantxak. Gero, gauzak okertzen direnean, xantaia politiko-emozionala egiten digute: «Aurre egin faxismoari!». Noizbait askapen nazionalari ekinez gero, bestelakoa izango da leloa: ez iratzarri faxismoaren mamua! Zergatik konpondu behar ditugu beti Espainiako ezkerren arazoak eta haiek inoiz ez gureak? Noiz batuko dira Madrilgo ezkerrak arazo nazionalari behin betiko konponbide demokratikoa emateko? 78ko erregimena ahoan beti, baina haren kontrako erasorik handiena Katalunian egin zuten 2017an, eskuina eta ezkerra baturik. 2015eko martxoan bide-orri bateratua aurkeztu zuten independentistek. Zer egin zuen urte bereko apirilean Espainiako kastaren kontrako ezker iraultzaile errepublikanoak? Felipe VI.ari Game of Thrones seriea oparitu.
Gu periferia? Katalunian edo Euskal Herrian hori dioenak beste nonbaiten du erreferentzia nazionala: Espainian. Zer garen argi ez badakigu, jai dugu. Ez gara telebistan aztertu beharreko izaki bizidun bitxiak. Ez gara periferia. Hemendik begiratzen diogu munduari, ez Madrildik, ez Paristik. Mundua da gure periferia.