Atxiloketak

Guardia Zibilak beste lagun bat atxilotu du, Getxon

Inge Urrutia atzeman dute gaur eguerdian, Algorta auzoan. Asteartean beste bederatzi euskal herritar atxilotu zituen, ETArekin zerikusia dutelakoan, eta etzi eramango dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera Garzonen aurrera. Errioxan bi zulo aurkitu dituztela esan dute: Ozkabarten bat, 125 kilo lehergairekin, eta Ezkarain bestea.

2008ko uztailaren 24a
19:58
Entzun
Guardia Zibilak Inge Urrutia atxilotu du gaur eguerdian Getxon (Bizkaia), Algorta auzoan. Asteartean ETAren aurka egindako operazioarekin lotu dute atxiloketa.



Etxetik irten duenean, kalez jantzitako guardia zibilek atzeman eta autoan eraman dute Urrutia, Askatasunak jakinarazi duenez.

Herenegun goizean bederatzi lagun atxilotu zituzten Bizkaian, Galizian eta Espainian, eta ETAren Bizkaia sarea-ren kontrako "kolpe latz" moduan aurkeztu zuen polizia operazioa Espainiako Gobernuak. Bilbon Arkaitz Goikoetxea, Maialen Zuazo eta Anabel Prieto hartu zituzten atxilo; Elorrion (Bizkaia) Gaizka Jareño eta Adur Aristegi; Getxon Algorta auzoan (Bizkaia) Iñigo Gutierrez eta Mikel Saratxo; Nigranen (Pontevedra, Galizia) Algortako bizilagun Aitor Kotano; eta Fuengirolan (Andaluzia, Espainia) Elorrioko Libe Agirre.

Gaur jakin denez, etzi eramango dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera Baltasar Garzon epailearen aurrera.

Askatasunak eta haien senideek atxiloketak salatzeaz gain, poliziaren eskuetan torturak jasateko arrisku handia zegoela ohartarazi zuten. Zentzu horretan, tortura saihesteko protokoloa ezartzeko eskatu du Garzonek. Askatasunak dioenez, konfiantzako medikuek ikusi ahal izan dituzte atxilotuak. "Hala erem ez dakigu zein egoeratan dauden".

Operazioa salatzeko mobilizazioak egingo dituzte gaur ere. Algortan 20:00etan Telletxen, Elorrion 19:30ean plazan, eta Bilbon Santutxu auzoan 20:30ean Karmelo plazan.

Bi zulo Errioxan

Guardia Zibilak jakinarazi duenez, dagoeneko bi dira Errioxako iparraldean (Espainia), Arabatik gertu, topatu dituzten zuloak. Azkena gaur arratsaldean aurkitu dutela esan dute, Ozkabarte (Santo Domingo de la Calzada, gaztelaniaz) inguruan, eta 125 kilo lehergai atzeman dituztela. Goizean arma zulo bat aurkitu dute Ezkaraitik gertu, Valdezcaray eski estazioaren inguruetan, Valgañon herrian.

Azken egunotan Bizkaian, Galizian eta Espainian Guardia Zibilak egindako operazioaren harira egin dituzte aurkikuntzak, iturri ofizialen arabera. Azaldu dutenez, Ezkaraiko zuloan bizkarzorro bat atzeman dute, barruan subfusil bat eta autoak ebasteko tresneria eta lasaigarriak zituela.

Ezkarai ondoko zuloa aztertzeaz gain, Errioxako herri horretako auzune batean etxebizitza bat miatu du Guardia Zibilak. Itxura batean, operazioan atxilotutako baten senidearena da etxebizitza hori.

Madrilgo iturri ofizialek zabaldu dutenez, ETAko zuzendaritzak Espainiako Auzitegi Nagusiko epaile Fernando Grande Marlaskaren gaineko informazioa biltzeko eta haren kontrako atentatua prestatzeko agindu zion iaz Bizkaia sarea-ri. Epaileak etxebizitza dauka miatutako urbanizazio berean. Egunotako operazioa Garzonek agindu du.

Hain justu, arratsaldean Garzon eta Arkaitz Goikoetxea (ustez Bizkaia sareko burua) helikopteroz eraman dituzte Errioxara, beste zulo bat -bigarrena- aurkitu nahian. 18:30ak arte egon dira han, eta Guardia Zibilak 19:15ean eman du aurkikuntza horren berri.

Lehenbiziko zuloaren gaineko xehetasunak ematean polizia iturriek azaldu dute bederatzi metro koadro dituela, eta Ezkarai ondoko Valgañon herriko Tresfuentesko elizaren harresi ondoan dago egina, mendira ematen duen aldean. Valgañon herrian 155 biztanle daude, eta eliza horretatik gertu eskola eta udaleku batzuk daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.