Guardia Zibilak bart Lizartzan (Gipuzkoa) Peio Olano (49 urte) atxilotu du, ETArekin zerikusia duelakoan. Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du operazioa, eta erakunde armatuaren lehergaiak garraiatzea leporatzen dio. Iazko otsailean Salamancan (Espainia) ustez ETArena zen auto bat aurkitu zuen Poliziak lehergaiekin, eta horrekin lotu dute Olano.
Gaueko hamabiak inguruan iritsi zen Guardia Zibila Lizartzara, eta Olanoren etxea eta haren gurasoena miatu ditu goizeko laurak arte. Atxilotuaren etxetik ordenagailua eraman dute, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) esan duenez.
Olano inkomunikatuta daukate, eta haren konfiantzako abokatuek ez dakite atxiloketaren zergatia, ezta epailearen aurrera noiz eramango duten ere. AAMk ohartarazi du tortura jasotzeko arriskua duela.
20:00etan manifestazioa egingo dute Lizartzan, plazatik abiatuta.
Regina Otaola (PP) Lizartzako alkateari heriotza mehatxua egin ziola egotzita, Olanok bi urteko espetxe zigorra du betetzeko -iaz jarri zion zigorra Espainiako Auzitegi Nazionalak, baita hamabi mila euroko kalte-ordaina ere; Gorenak gero kargu publikoak betetzeko zortzi urteko inhabilitazioa ere ezarri zion-. 2007ko irailaren 7an izan zen ustezko mehatxua, herriko festetan Otaola udaletxean Espainiako bandera jartzen ari zela. Epailearen arabera, "hil egingo zara" oihu egin zion Olanok. 2007ko udal hauteskundeetan Espainiako Justiziak Lizartzako ezker abertzaleko hautagaitza baliogabe utzi zuen eta PPk horregatik lortu zuen alkatetza.
Polizia iturriek diote gaurko operazioak 2007ko gertaerengatik Olanok daukan zigorrarekin loturarik ez daukala.
atxiloketa
Guardia Zibilak Peio Olano atxilotu du bart Lizartzan, ETArekin lotuta
Erakunde armatuaren lehergaiak garraiatzea egozten diote. Olanok bi urteko kartzela zigorra du betetzeko 2007an PPko alkateari egindako ustezko mehatxuengatik, baina polizia iturriek diote gaurko operazioak ez daukala horrekin zerikusirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu