politika

Guardia Zibilaren atxiloketetako txostena "sinesgarria" dela diote abokatuek

Gertatutakoa “aditzera eman eta berriro ez pasatzeko” agerraldia egin dute Castells, Iruin, Landa, Reizabal, Baglietto, Elosua, Zenon eta Goirizelaiak gaur, Donostian. Apirilaren 14an hiru abokaturen eta bertze zazpi euskal herritarren kontrako operazioan Guardia Zibilak erabilitako agiria argitaratu zuen BERRIAk asteartean.

2010eko ekainaren 4a
13:53
Entzun
Miguel Castells, Iñigo Iruin, Kepa Landa, Alvaro Reizabal, Ainhoa Baglietto, Jose Mari Elosua, Alfonso Zenon eta Jone Goirizelaia abokatuek adierazi dute Guardia Zibilaren azken atxiloketen txostena “sinesgarria” dela, "Guardia Zibilak berea dela onartu duelako". Horretaz gain, salatu dute agiria ez dela “agente baten gauza”, “Guardia Zibilaren irizpide orokorra” dela baizik.

Bagliettok esan du dokumentuak ezin duela zirriborroa izan, ordenadorez idatzia baitago, eta izen-abizenak, goitizenak, telefono zenbakiak eta komandantzien arteko loturak ageri baitira. Zati bat eskuz idatzita dago, eta hiru letra mota desberdin ageri dira, abokatuak jakinarazi duenez.

Gertatutakoa “aditzera eman eta berriro ez pasatzeko” helburuz egin dute agerraldia abokatuek gaur Donostian, Bagliettok azaldu duenez. Txostena atxilotuetako baten postontzian agertu zela jakinarazi du, Donostiako Antigua auzoan. Gertaeraren garrantzia azpimarratu du, horrelako agiri bat argitara atera delako “lehenengo aldiz”.

Orain arte Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak emandako txostenak legelarien eskuetan egondakoan, horietan poliziek beti legezko jarduerak egiten dituztela aipatu izan da, baina Bagliettok azpimarratu du Guardia Zibilaren txostenean argi geratzen dela "hori guztia urratzen" dela.

Txostenaren berri izan zutenean, Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen eskuetan utzi zutela jakinarazi dute abokatuek. Hala ere, sumarioa sekretupean dagoenez, ez dute erabaki zer pauso emango dituzten. Dagoeneko salatu dituzte atxilotuei egindako tratu txarrak.

Apirilaren 14an hiru abokaturen eta bertze zazpi euskal herritarren kontra egin zuten polizia operazioa prestatzeko erabilitako txostena argitaratu zuen BERRIAk asteartean. Txostenean nabarmen gelditzen dira gutxienez hiru irregulartasun: batetik, atxilotu batzuei tratu berezia eman zietela; bertzetik, atxilotuen "adierazpenen bat lortzea, akusazio judizialak berreste aldera" bideratuta egon behar duela; eta hirugarrenik, legeak debekatu arren, galdeketetarako polizia talde bereziak antolatzen dituztela.

Guardia Zibilak txostena agente batena zela onartu du, baina hori agiri ofiziala ez dela adierazi zion Grande Marlaska epaileari, txostena jaso ondoren honek argibideak eskatu zizkionean.

EAJ, EA, ezker abertzalea, Aralar, EB eta Alternatibak gogor salatu dute abokatuen operazioan erabilitako txostenaren edukia, eta AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduarentzat agiri hori "torturaren errealitatearen froga argia" da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.