«Guk ez dakigu

Abiadura handiko trena euren lurretatik pasatuko dela baino ez dakite zenbait lurjabek; salatu dute Administrazioaren informaziorik ez dutela.

Ainhoa Sarasola.
2008ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Egitasmoaren arabera AHT euren lurretatik pasako dela jakin badakite zenbait lurjabek. Baina ez hori baino askoz ere gehiago. Administrazioak ez diela nahikoa informaziorik helarazten diote, eta ez dakitela egitasmoak nola kaltetuko dituen. Desjabetzeak hasita dauden beste toki batzuetan, berriz, prozesuak aurrera eramateko era eta informazio eza ere salatu dizkiote BERRIAri zenbait lurjabek.

Jose Antonio Zamalloak Zornotzan (Bizkaia) dituen sagastiak zeharkatuko lituzke AHTk. «Inguruan pasako den ez digute esan momentuz. Planoak badaude, baina ez denez behin betikoa, ez informatu, ez publikatu, ez ezer». Oraingoz ez da desjabetze tramiterik hasi.

AHTk eskualdean «izugarrizko eragina» izango duela dio Zamalloak. Lanek urtetan eragozpen handiak ekarriko dituztela dio, eta ez trenbidearenak soilik, baita haren inguruko sarbide eta bestelako azpiegiturenak ere. «Guk lotura zuzena dugu lurrekin. Sagardotegia dugu, baina horrez gain, ni frutagilea naiz eta sagastiak ditut. Hortik bideratzen dut nire lana, eta halako kontu batek eragozpen handiak sortzen ditu». AHTz gain, inguruotan beste azpiegitura batzuen eragina ere jasan izan dutela gogoratu du; autobidea, gasbideak... «Azkenean ito egiten gara, denek harrapatzen gaituztelako erdi-erdian».

Egungo bizimoduari eusteko asmoa eta esperantza baditu, baina proiektuak kalte egingo diola ziur da. «Oso txarto ikusten dut datorkigun istorioa. Oso potentea da eta norbere egoera ikusita, hori diruz ez da konpentsatzen». Lurjabeen artean askotariko iritziak egongo direla, baina «kezka handia» dela dio. «Ez da inor zuzendu zer gertatzen den azaltzera; oraindik inork ez digu esan kaltetuak garenik ere, eta teorian guk ez dugu zertan ezer jakin behar, pasatzen denik ere ez».

Agurtzane Diazi ere inork ez dio esan egitasmoak noraino kaltetuko duen. «Suposatzen da kaltetua naizela; orain dela urte pila bateko proiektuan ikusten zen nire lurra kaltetua zela, eta etxea ere ez dakigu zutik geldituko den, baina inongo informaziorik ez dugu». Duela 12 bat urte ikusi zuen proiektuaren arabera, bizi den Bergarako Angiozar auzoko Loidi baserritik oso gertu pasako litzateke trena; «etxea libratuko den edo ez» zalantza du. «Guk ez dakigu ezertxo ere ez». Dakiena hedabideetatik edo AHT Gelditu! Elkarlanetik jakin du.

«Etorkizuna beltza ikusten dut. Informaziorik ez duzunean ez dakizu zeri egin behar diozun aurre».Nekazaritza jarduera badute, baina hortik ez badira bizi ere, etorkizunean hala izatea nahi lukete Loidi baserrian. «Gure asmoa izan da beti nekazaritzatik bizitzea, baina urteotan, pasatuko ote den, etxea zutik geratuko den... mehatxu horrekin, gure etorkizuna ere hipotekatuta geratu da. Ez gara ausartu pausoa eman eta inbertitzen, ez dakigulako gero zer gertatuko den».



DESJABETZEETAN «IZUA».Legorretan bizi da Aitor Esnaola, baina Itsasondon ditu lurrak. Duela hilabete, «Jaurlaritzak bidalitako desjabetzen enpresa bat» zuzendu zen harengana, AHT bere sailetik pasako zela, desjabetze prozesuan lehen urratsak eginda zeudela eta bilera batera deituz Ordiziako udaletxean. Harekin harremanetan jartzen ziren lehen aldia zen. «Eurek planteatu zuten lurren balorazioa egingo zutela, hori izango zela desjabetzea. Bi aukera ditugu, eurek baloratutakoa onartu edo ez. Ordizian ia denek eskaintza onartu zutela esan zidaten lehenik, eta gero, eurena onartzen ez banuen, Estatuaren desjabetze enpresa etorriko zela eta eurena baino %40 gutxiago aginduko zidatela». Nekazariak bileretara bakarka deitzea eta harremana erdara hutsean izatea salatu du ere, eta desjabetze prozesuetan «izua» erabiltzen ari direla deritzo.

Halako jokabideen ordez, informazioa eta eztabaida aldarrikatu ditu Esnaolak. «Halako zerbait inposatu nahi duenak baino ez dio beldurrik eztabaidari».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.