David Ardanaz. Donapeako irakaslea

«Guk ez dugu deus eskatu, tokiz aldatzea inposatu egin nahi digute»

edurne elizondo
Iruñea
2013ko urriaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donapea Lanbide Heziketako ikastetxeko kideek argi dute: irakasleen azken bileran 78k parte hartu zuten, eta haietako 77k zentroa tokiz aldatzearen aurkako boza eman zuten. Batek zuri bozkatu zuen. Nafarroako Gobernuaren planaren aurkako botoa eman zuen David Ardanazek (Agoitz, Nafarroa, 1969). Irakasleak salatu du ikastetxeak inoiz ez duela toki aldatzerik eskatu, eta egitasmoa inposatu egin dietela.

Donapeak ezezko borobila eman dio tokiz aldatzeko planari. Zer giro dago zentroan?

Ezezkoa borobila izan da, bai. Eta argi ikusi da irakasleon azken bileran. 78tik 77k erran genion ezetz tokiz aldatzeko egitasmoari. Horren aurretik egindako beste bilera batean, hiruzpalau irakasle agertu ziren gobernuaren planaren alde. Orain inork ez du babesten. Gero eta argiago baitugu proiektu hau zer den.

Zer dago Donapea tokiz aldatzeko planaren atzean, zuen ustez?

Argi dago ikastetxea tokiz aldatzeko inolako arrazoirik ez dagoela. Egin nahi duten gauza bakarra da Nafarroako Unibertsitateari mesede egin.

Lanbide Heziketako campusa egin nahi du gobernuak, Etxabakoitzen. Zer iruditzen zaizu?

Ez dela hori konponbidea. Gainera, kontuan hartu behar da orain baino toki gutxiago izanen dugula. Osasun Eskolarekin batera egonen gara campus horretan. Orain 800 ikasle ditugu, eta campusean 1.500 izanen gara, espazio txikiago batean. Ez du zentzurik.

Zuekin negoziatu dute?

Ez. 2011. urtean sinatu zuten PSNk eta UPNk akordioa, proiektu hau martxan jartzeko, eta hitzarmen haren berri prentsaren bidez izan genuen. Guri ez digute deus galdetu. Guk ez dugu ikastetxea tokiz aldatzeko eskatu, inposatu egin digute plan hori. Salatzeko moduko jokabidea da hori, nire ustez.

PSNk izanen du giltza, hain zuzen, datorren asteko parlamentuko bozketan. Zer espero duzue?

PSNk jendaurrean esan du proiektuaren aurka dagoela, baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Nafarroako Parlamentuak badu aukera plan hau hutsean uzteko, eta guk horixe eskatu nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.