Protestak egin dituzte lehenago ere, eta haserre berarekin hartu dute Gipuzkoako Diputazioaren asmoa garraiolarien Hiru sindikatuan. Bertako garraiolarientzat izango da kalterik handiena, batez ere haiek gehiagotan pasatuko direlako bidesarien lekuetatik, eta ezingo dietelako deskonturik egin. Hori dio sindikatuko ordezkari Esteban Muruamendiarazek.
Hitz egin duzue aldundiarekin?
Orain dela hilabete pasa eskatu genuen bilera, eta gaur goizean [atzo] eman digute horren berri. Zehatz-mehatz ez dakite oraindik nola egin. Arrazoi eman digute: aspaldi esan genuen ezin dituztela bertako garraiolariak diskriminatu, Europak ez duela onartzen. Ez dakit zenbat diru ordaindu duten ikerketa baten erantzuna hori da: guri ere kobratu egin behar digutela. Ez du kanpokoak bakarrik ordainduko. Eta frekuentziaren arabera, Gipuzkoako eta Euskal Herriko garraiolariek ordainduko dute gehien. Garbi ikusten dugu Gipuzkoako Diputazioari bost axola zaiola bertako garraio sektorea. Nola gehiago erabiltzen ditugun bertako errepideak, guk ordainduko dugu gehien.
Bertakoei ez bada ere, ados zaudete kanpokoei kobratzearekin?
Kanpoko garraiolariek ordaintzen dute hemengo errepideetan ibiltzeagatik. Euskal Herrian sartzerakoan edo irteterakoan gasolioa botatzen dute; milaka milioi litro botatzen dituzte urtean kanpoko garraiolariek. Gasolioaren zerga berezia diputazioek kobratzen dute, ez Madrilgo gobernuak. Diputazioak ez du horretaz hitz egitea nahi. Ez dira dohainik pasatzen kanpoko garraiolariak.
N-1 autobideko kamioi zirkulazioa beste errepide batzuetara bideratzeko nahia aipatu dute.
AP-1etik bideratu nahi dutela esaten dute. Baina, azkenean, kamioia gidatzen doanak ez du erabakitzen nondik joan. Trafikoak antolatuta daude, eta zerbitzuak ere bai. Hau da, gasolioa botatzeko, kamioiaren mantentze lanak egiteko edo kargaren mugimenduak egiteko zerbitzuak N-1ean baldin badaude, hortik pasatu beharko dute kamioiek, nahiz eta bidesaria egon. Orain dela denbora gutxi Eusko Jaurlaritzak esan du Araia inguruan garraio gune logistiko bat bultzatu behar dela; Michelinek ere sekulako biltegia antolatu du. Dena hor dago. Esatea kamioiak ez direla hortik pasatuko bidesaria jarriz gero, hori dohainik hitz egitea da.
Erabakia hartua dagoela dirudi; udan lizitaziora aterako da plana. Hemendik aurrera zer asmo?
Ez gaude honekin ados, eta saiatuko gara jendaurrean garbi uzten. Badauzkagu arrazoiak hau dena esateko eta gure jarrerari eusteko. Iraun edo ez, hori da. Garraiolari autonomoek lanean jarraitzeko, ezin dugu onartu horrelako neurririk. Kalkulu bat egin dugu, muturrekoa: badago garraiolari bat egunean zortzi bidaia egiten dituena Beasaindik (Gipuzkoa) Altsasura (Nafarroa). Esan diguten prezioaren arabera —lau bat euro Etzegarateko zatian—, 64 euro izango dira egunean. Muturrekoa da, baina garraiolari bati hori gertatu behar zaio.
Esteban Muruamendiaraz. Hiru sindikatuko ordezkaria
«Guk pagatuko dugu gehien, guk erabiltzen baititugu gehien bertako bideak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu