Alemaniako Volkswagen enpresa kongresu bat egiten ari da egunotan Barakaldoko BECen. Orotara 3.700 pertsona gonbidatu ditu bertara auto berri baten aurkezpena dela eta. Baina egunean zehareko hitzorduez gain, gauez ere hainbat ekitaldi antolatu ditu enpresak bidaiarientzat, besteak beste, festa pribatuak Bilboko Erriberako merkatu zaharrean.
SOS Alde Zaharra plataformak salatu duenez, Udalak baimena eman dio enpresari astean zehar musika goizeko 1:30ak arte jarri ahal izateko. "Hori bera auzokoek eskatu izan baliote ez zukeen sekula onartuko". Plataformak azaldu du "protestei esker" musikaren bolumena jaitsaraztea lortu dutela.
Bart hainbat lagun elkartu ziren merkatu zaharraren parean, egoera salatzeko. Kazerolada egin zuten Zazpikaleetako bizilagunek. Segurtasun Sailaren esanetan, protesta amaitu zenean hainbat lagun festa zegoen tokira hurbildu ziren, baina bertan zeuden ertzain eta udaltzainek eragotzi zieten.
Aldiz, plataformaren arabera, festara zihoazen hainbat lagunek sartu ezin zutela ikusi zutenean piztu zen tentsioa. Egoerak okerera egin zezakeela ikusita, baina, antolatzaileek elkarretaratzea desegitea erabaki zuten.