Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia. Carlos Totorika. PSE-EEko Bizkaiko ahaldungai nagusia

«Gurako genuke gure alea jartzea gehiengoa eraikitzeko»

PSE-EEko Bizkaiko zerrendaburuak ez du ezkutatzen gustatuko litzaiekeela «gehiengoa eraikitzeko lanean» partaide izatea, ezinbestekotzat jotzen dituzten ardatzen inguruan adostasuna lortuz gero.

gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Nekagarria» suertatzen ari zaio hauteskunde kanpaina Carlos Totorikari (Ermua, Bizkaia, 1956). PSE-EEko hautagaia da Bizkaiko ahaldun nagusi izateko, baina, horretaz gain, Ermuko alkate izateko ere aurkeztu da berriro —ardura horretan ari da 1991tik—.Dioenez, «beste zeregin eta zaletasun batzuei» denbora kenduta lortzen du bi hautagaitzak uztartzea. PSE-EEk Bilbon duen egoitzan erantzun die BERRIAren galderei, lantaldearekin duen bilerari ekin aurretik.

Zer balorazio egiten duzu amaitzear dagoen agintaldiaz?

Frustragarria izan dela esango nuke. Ez dute asmatu egin dituzten inbertsio handiekin: Hegoaldeko Saihesbidea, BEC eta abar. Instituzioen arteko kolaborazioan ere ez da asmatu: Patxi Lopez Jaurlaritzan egon zenean, Jose Luis Bilbao, lagundu beharrean, zangarte egiten aritu zen. Zergen arloan, gutxi egin da iruzurraren kontra. Eta enplegu politiketan ere baliabideak handitu behar dira. Askoz hobeto egin daiteke.

Aspaldi honetan, PSE-EEren hauteskunde emaitzak txarrak izaten ari dira. Aukera ikusten duzu maiatzaren 24an bolada horri buelta ematen hasteko?

Nik uste dut aro aldaketa gertatzen ari dela. Euskadi, Espainia eta Europako alderdi sozialistok ez dugu jakin enplegua sortzen, ezta austeritatearen kontrako politikak egoki azaltzen ere. Liberalismoaren susperraldiak oinarrizko hainbat arau apurtu ditu; adibidez, finantza arloak ezin duela gura duen guztia egin. Ongizatearen estatua eraitsi egin da, eta, hor, Europako sozialdemokraziak huts egin du. Baina hori aldatzen ari da.

Aipatzen duzun aro aldaketa horretan, mehatxutzat jotzen duzue alderdi berrien gorakada?

Kudeaketa txarra egiten badugu, jakina. Alderdi berriek badute lekua; hori errealitate bat da, eta, neurri handi batean, alderdi handiok sortu dugun frustrazioaren ondorio dira. Baina oraindik ere uste dut sozialdemokraziak gizartearen gakorik garrantzitsuenei erantzuten diela, elkartasuna eta askatasuna uztartzen dituelako. Epe ertainean, alderdi berrien gorakadak ez nau arduratzen, baina epe motzean bai, eta asko.

Haserretu egiten zaitu inork kasta-tzat jotzea.

Bai, horrek asko sumintzen nau. Euskadin politikan egon garenok konbentzimenduz egon gara; osterantzean, aspalditik hanka egingo genuen, terrorismoaren eraginez gorriak ikusi ditugulako. Hori kasta-tzat jotzeari ez diot batere graziarik ikusten, eta garai hartan egon ez zirenek ez dute inolako zilegitasunik guri kasta deitzeko.

Kanpaina hasi aurretik, batek baino gehiagok ohartarazi zuen kanpaina EAJ eta EH Bilduren arteko norgehiagoka bihurtzeko arriskuaz. Hala izaten ari da?

EAJri eta EH Bilduri hori interesatzen zaie, baina ez dut uste erabat lortzen ari direnik. Uste dut hauteskunde egunean PSE-EEk botoen zati bat berreskuratuko duela, eta Ahal Dugu eta Ciudadanos ere hor egongo direla. Euskadi ez da hain desberdina, batzuek gogoko ez duten arren.

Ermuko alkate gisa duzun eskarmentuan oinarrituta, esango zenuke aldundiak ez dituela berdin tratatzen EAJk kudeatzen ez dituen udalerriak?

Jakina. Uste dut EAJk askotan lehenesten duela inbertsio handiak alkate jeltzalea duten herrietan egitea. Eta behin baino gehiagotan erakutsi du hori. Jakina, baliabide batzuk irizpide objektiboen arabera banatzen dira, biztanle kopuruaren arabera adibidez, eta ezin dute horrelakorik egin, baina, aukera dutenean, maiz egiten du diskriminazio hori.

Aurreko astean, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia Euskal Herrian egon zen, eta EAJko Andoni Ortuzarrek «paraxutistez» egin zuen berba. Zer deritzozu?

Lotsatu egiten nau horrek. Eta ildo beretik egindako antzeko adierazpenek ere bai: esaterako, Patxi Lopez Madrigal de las Altas Torresen [Espainiako udalerri bat] kanpaina egiten ari dela eta antzekoak. Uste dut iraingarria dela, horrela hitz egiten denean mespretxu dosi bat igar daitekeelako. Euskadi eta Espainia elkarrekin bizi izan dira mende askoan, nire ustez alde bientzat onuragarria izan den harreman batean, eta gainerako espainiarrez horrelako mespretxuz aritzea ez da ona bizikidetzarako, ezta garapen ekonomikorako ere.

Ortuzarren beste adierazpen bat: EAJren gizarte politikak progresistak dira, eta horretan inork ez die aurrea hartzen. Ados zaude?

Ez, progresistek herritarrak lehenesten dituztelako, jatorriaren arabera banaketak egin ordez.

Zerga politiketan zer proposatzen duzue?

Zerga ikuskatzaileen kopurua bikoiztu behar dela uste dugu. Itzuri egiteko abilidadearen arabera batzuei besteei baino gutxiago kobratzen zaienean, politikak zilegitasuna galtzen du. Iruzur handia dago, Europan dagoena halako bi. Oso europarrak garela pentsatzen dugu, eta arlo horretan Afrikaren parean gaude. Foru ogasunen arteko koordinazioa handitu egin behar da.

Uste al duzu Usansolok Bizkaiko 113. udalerria izan behar duela?

Ez. Gure helburua herritarrei zerbitzu publiko eraginkorrak eskaintzea baldin bada, oztopo da tokiko administrazio hain txikiak egitea. Herri eta hiriek zerbitzu publiko duinak eskaintzeko moduko neurria eduki beharko lukete, eta Usansoloren moduko gune txikiek ezin dute hori egin. Udalerrien arteko kolaboraziora jo beharko genuke, elkarren arteko aldeak areagotu beharrean.

Esan duzue PPrekin eta EH Bildurekin ez duzuela itunik egingo. Bizkaiko egoera politikoa zein den ikusita, horrek asko murrizten dizue itunak egiteko aukera.

Guk enplegua sustatu nahi dugu, ekonomia garatu, gardentasuna areagotu, zerga iruzurrari jazarri. Ikusi behar dugu ea gauza garen hiruzpalau ardatz horien inguruan ados jartzeko. Egoera honetan, gizarteak soluziobideak behar ditu, erabakiak hartuko dituen gobernu egonkorra, eta gehiengoak eraikiz lortzen da hori. Beraz, gustatuko litzaiguke gehiengoa eraikitzeko lan horretan gure aletxoa jartzea, baina ikusiko dugu nola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.