Gurasoa preso izatearen zama

'Haur motxiladunei' buruzko dosierra aurkeztu du Sarek, hainbat profesionalen lana bilduta. Diotenez, gurasoren bat preso izateak «antsietatea» eta «beldurra» eragin dezake

Ekai Prieto, Iñaki Barrutia, Inaxio Oiartzabal, Olatz Iglesias Mujika eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx, haur motxiladunen dosierraren aurkezpenean, atzo. J. C. RUIZ / ARP.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Astean zehar eskolara joateko daramaten bizkar zorroaz gain, asteburuetan beste zama bat dute bizkar gainean Euskal Herriko 18 urtetik beherako 113 haur eta nerabek. Haur motxiladunak dira, gurasoren bat edo biak kartzelan dituztenak, alegia. Eta bizi duten egoerak ondorio zuzena du haien osasunean: antsietatea, estresa... Haur motxiladunei buruzko txostena aurkeztu zuen Sarek, atzokoa Haurraren Nazioarteko Eguna zela baliatuta.

Hainbat profesionalen laguntzarekin osatu du dosierra Sarek. 0 eta 18 urte arteko haur eta nerabeen bizitzan eta garapenean gurasoren bat kartzelan izateak nola eragiten duen aztertzeko helburuarekin. Txostena osatzen lagundu duten profesionaletakobatek parte hartu zuen atzoko aurkezpenean: Iñaki Barrutia psikologo klinikoak. Argi mintzatu zen, eta azaldu zuen gurasoren bat edo biak kartzelan dituzten haurrei nolabait «lapurtu» egin zaiela haurtzaroa.

Haurren egoeraren argazkia egin zuen, jarraian, eta azaldu zituen umeek izaten dituzten sentimenduak eta ondorioak. «Beldurra» nabarmendu zuen Barrutiak. Gurasoak galtzeko beldurra, bidaia egiteko garaian areagotu egiten den sentimendua. Bidaia luzea egin behar da, kilometro ugari, istripua izateko arriskua... Bidaiatzen ez dutenean ere agertzen da beldurra. Bidaia etxean dagoen gurasoak bakarrik egiten badu, adingabeak «banaketa antsietatea» senti dezake. Galeraren beldurra «sintoma erregresibo» bitartez agertzen dela azaldu zuen Barrutiak. Marrazki, hitz edo amets bitartez adieraz dezake hori haurrak.

Adinean aurrera egin ahala, bestelako sentimendu batzuk izaten dituzte haurrek. Batetik, haserrea: nekagarriak dira bidaiak, eta asteburuko beste planak alboratu beharra ekartzen du gurasoari bisita egiteak. Haserrea amorru eta harridura bihurtzen da konturatzen direnean badaudela gertuagoko kartzelak, eta zigor gehigarria dela urruntzea.

Esperantzarik ezaz ere mintzatu zen Barrutia. Espetxeraturiko gurasoaren gizarteratzea ezjakintasunari lotua dago. Haurrak ez du absentziaren zergatia ulertzen, eta gurasoa bisitatzeko desirak eta kartzelaren hoztasunak aurrez aurre egiten dute talka.

Erresilientzia gaitasuna

Espetxean jaio diren haurren gaiari ere heldu zion psikologoak. Hiru urte bete arte bizi daitezke amarekin, baina hirugarren urtebetetzearekin batera bereizten dituzte. 24 orduz harekin egon ondoren, asko jota astean behin ordu eta erdi ikustera pasatzen dira, milaka kilometrora. Nabarmendu zuen adin horretan garatzen dela «nortasun propioa», eta oso zaila dela halako galerari ama ondoan izan gabe aurre egitea.

Ez dira sentimendu bakarrak: nor bere buruari egindako galderak, zalantzak, areriotasun sentimenduak, familia egituratzea...

Aurkezpena haur motxiladunek pairatzen dituzten ondorio negatiboekin osatu bazuen ere, alderdi positibo bat ere nabarmendu zuen Barrutiak: erresilientzia gaitasuna. Senideen eta gertukoen laguntzarekin, haur horiek sufrimendua integratzeko eta ulertzeko ahalmena garatzen dute. Ondorioz, etorkizunean izan dezaketen balizko krisiei hobeto erantzungo diete.

Barrutiak aurkeztutako argazkia ez zitzaien batere arrotza egin Ekai Prietori eta Olatz Iglesias Mujikari. Haur motxiladunak izan dira biak ala biak, jaiotzetik ia. «Orain jarri ditut izen teknikoak, baina badakit zer den egoera horiek bizitzea», azaldu zuen Iglesiasek. Aita eta ama izan ditu kartzelan —aita oraindik ere preso dago—, eta mila kilometrotik gora egin behar izan du haiei bisita egin dien aldiro. «Haurtzaro zoriontsua gogoratzen dut, baina antsietate handiarekin. Zergatik? Autoan sartuta ehunka kilometro egiten dituzu, eta zeure buruari hainbat galdera egiteko denbora ematen dizu».

Antzera mintzatu zen Prieto, eta uko egin beharreko gauzez hitz egin zuen: «Aita ikusteko aukeratu behar izana». Halako egoera batean gertukoek duten garrantzia nabarmendu zuen: «Familia eta lagunei esker lortu izan dugu agresiboa den giro hori leuntzea».

113 'haur motxiladun'

Ezohiko espetxe politikek haur motxiladunengan duten eragina nabarmendu zuen Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak, dosierrean agertzen diren hainbat datu azalduta. Haurren hiru laurdenek baino gehiagok 400 eta 1.100 kilometro artean egiten dituzte gurasoak bisitatzeko —zehazki, %44,54k, 400 eta 790 kilometro artean eta %39,09k, 800 eta 1.100 artean—. Horrez gain, aita edo ama diren presoen %33k libre beharko lukete, Oiartzabalek azaldu zuenez. «Eta besteei hirugarren gradua aplikatuko baliete, askok seme-alabekin egoteko aukera izango zuten». Sareko bozeramailearen arabera, «haurrak helburu politikoekin erabili dituzte eta erabiltzen dituzte».

Hainbat datu gehiago bildu dituzte txostenean. Orotara, 113 haur motxiladun daude Euskal Herrian. Horietako hiru kartzelan bizi dira. 95ek aita dute preso; seik, ama; eta, gainontzeko bederatziek bi gurasoak. 97 dira aita edo ama diren presoak. Adinari dagokionez, nahiko orekatua da haurren argazkia, egoeraren heterogeneotasunaren adierazle.

Dosierra aurkeztu ostean, zabalpen fasea hasiko du Sarek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.