Nahi dute gurasoen babesetik atera eta bizi berri bati heldu, baina gazte gehienek ezin dute. Hori diote estatistikek. Hala dio Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren Emantzipazioaren Behatokiaren txosten batek Hego Euskal Herriko gazteen inguruan.
2013ko lehen hiruhilekoaren datua esanguratsua da: Hego Euskal Herriko 29 urtetik beherako gazteen %19,7 soilik bizi da gurasoen etxetik kanpo; Nafarroanhandiagoa da ehunekoa (%23,2), Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino (%18,5). Genero alderaketan, Nafarroako emakume gazteak dezente gehiago emantzipatu dira (%29,7), gizonezko gazteak baino (%16,8). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, emakume emantzipatuak %20,2 dira, eta, gizonezkoak, %16,9.
Jofre Lopez soziologoa da txostenaren egileetako bat. Haren ustez, normalean beti egoten dira emakume gehiago emantzipatuak gizonezkoak baino: «Nahiz eta patroi tradizionalak ez duen lehen bezala jarraitzen, hainbat emakume gazte 29 urte baino lehen ezkondu egiten dira edo bikotekide zaharrago batekin joaten dira bizitzera. Nahiz eta gazteen artean horiek gutxi batzuk izan, emakumeen ehunekoa handitu egiten dute». Nafarroan, 29 urtetik beherako 12.731 emakume daude emantzipatuta, eta gizonezkoak 7.274 dira. «30 urtetik gorakoen artean, berriz, emakume eta gizonezkoen arteko datuak asko parekatzen dira».
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gazteen langabezia %19,1 da; Nafarroan, %18,2. Gurasoen etxetik ez ateratzeko arrazoietako bat da hori, lana aurkitzen dutenek dituzten baldintzekin batera. «Oso kontuan hartzeko beste arrazoi bat da etxebizitzen prezio garestia, bai salmentan bai alokairuan. Gazterik gehienek ezin diote aurre egin prezio horiei», azaldu du Jofrek. «Nafarroan,etxebizitzen prezioak behera egin du azkeneko urteetan, eta, neurri batean, horren eraginez, gazteen emantzipazio ehunekoak gora egin du azkeneko hiru urteetan». Oro har, onargarritzat jotzen da pertsona baten diru sarreren heren bat etxebizitzan uztea. «Baina ez da gauza bera 4.000 euroko soldata izatea, eta hiru mila euro baino gehiago gelditzea etxeko gastuaren ostean, edo 1.000 euroko soldata baino txikiagoa izatea. Bigarren kasuan, ez zaizu ia argia ordaintzeko ere gelditzen».
Gizartean ere eragina du
Lanen behin-behinekotasunak eta lanaldi oso murriztuen kontratuak, halaber, gazte askori eragiten die. «Behin-behinekotasun datuak egonkortu egin dira azkenaldian. Lanaldi oso murriztuen kontratuak, berriz, ugaritu egin dira, eta soldata horiekin gazteek ez dute ia aukerarik gurasoen etxetik joateko».
Espainiako Gobernuak, bestalde, urte batzuetan emantzipaziorako oinarrizko errenta eskaini zien 30 urtetik beherakoei: alokairua ordaintzeko 210 euroko laguntza. Iaz kendu zuten laguntza hori. «Autonomia erkidegoen alokairurako laguntza guztiak ere kentzen ari dira. Laguntzak kentzeaz gain, alokairuzko etxe babestuen eskaintza oso txikia da gazteentzat».
Gazterik gurasoen etxetik ez irteteak ondorioak ditu pertsonarentzat berarentzat, baina baita gizartearentzat, soziologoaren iritziz: «Pertsonari frustrazioa sorrarazten dio. Gizartean, berriz, jaiotza tasak eta kontsumo tasak jaitsi egiten dira. Familien bizimoduan, aldaketak sortzen ditu». Duela bi belaunaldi emantzipazioa ez zen arazo. «Gaur egun, aldaketa bakoitza trauma bat bezalakoa da. Gazte bat gurasoen etxetik joaten denean, ziurtasunik eza erabatekoa da egoera ekonomikoaren eraginez».
Datozen hilabeteetan emantzipazioari buruzko beste bi txosten aurkeztuko ditu Gazteriaren Kontseiluak.
Gurasoen etxetik irten ezinda
Langabeziak, lanaren behin-behinekotasunak eta lanaldi murriztuak batetik eta etxebizitzen alokairu garestiek bestetik, gazteen emantzipazioa atzeratu dute azkeneko urte hauetan Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu