Psikologo eta familia terapeuta da Alberto Rodriguez. Harrera eta adopziorako zuzendari gisa dabil Agintzari Kooperazio Elkartean.Terapia saioak egin ohi ditu gurasoekin zein haur adoptatuekin, familian zein talde koskorragoetan. Narrazioa hartu du ardatz terapian egin ohi duen esku hartze psikosozialean. Adopzio kasuetan gurasoek haurrekin lantzen dituzten narrazioak aztertu ditu, eta ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen herenegun, hain justu, EHUko udako ikastaroetan eman zituen hitzaldi eta tailerrean.
Gurasoek adoptatu dituzten seme-alabekin sintonizatzeko zailtasuna izaten dutela nabarmendu duzu; eta ez dutela zertan seme-alaben galderen zain egon, ez diotela adopzioaz hitz egiteari beldurrik izan behar.
Gurasoei zail xamarra egiten zaie gaiaz aritzea, gai mingarria baita. Minaz hitz egiten badute, min gehiago eragingo dutelako inpresioa izaten dute. Baina, alderantziz gertatzen da: mina dagoeneko egina dago, eta hartaz hitz eginez garrantzia kentzen zaio eta murriztu egiten da. Haurrak bikotean izateko oztopoak direla-eta egiten dira adopzioak kasu gehienetan: horra hor gurasoen sakoneko mina. Denentzat izan daiteke mingarria, bai.
Sintonizatu eta komunikatu, bai, baina hori nola egiten dugun izaten da gakoa, ezta? Gurasoek egin behar ez dutenaren eredutzat hartu duzu zuk El Orfanato [2007, Espainia-Mexiko] pelikulan agertzen den eszena bat.
Bai, bai. Gela apain-apain jarri, pasteltxoak eta freskagarriak mahai gainean, eta zera botatzen diote haurrari: «Gauza garrantzitsu bat kontatu behar dizugu, adoptatua zara.» Ai ama, haurrak segituan usainduko zuen gurasoentzat egoera deserosoa zela, eta ahal bezain laster gaia aldatzen saiatuko zen! Ezin da gaia horrela atera. Haurrek ezusteko egoeretan galdetzen dute, beraientzat oso zaila baita begietara begiratuz galdetzea, segurtasun falta izaten dute gai mingarrien inguruan. Hortaz, hitz egiteko bestelako erak bilatu behar dituzte gurasoek, jolasak, kasu. Ohiko elkarrizketetan kontatuko ez lituzketen beldur eta kezkez aritzen dira jolasen bidez. Gaiaz naturaltasunez hitz egiten bada, sentitzen dutena inongo trabarik gabe azaleratu dezaketela sentituko dute haurrek. Baina, alderantziz interpretatzen dute askotan egoera gurasoek, hitz egiteko beharra badago zer edo zer gaizki doalako dela pentsatuz. Ez dira konturatzen hitz egiteko aukera baldin badago, hartarako prest badaude, mamuak desagertzen ari diren seinale izaten dela.
Bada gaiaz hitz egitean sor daitekeen beste oztopo bat: haurraren iraganari buruzko informazio gutxi izaten dutela gurasoek.
Ez dute ia informaziorik izaten, egia da. Baina ezin diote hutsune horri isiltasunarekin erantzun. Badakitenaz ez ezik, ez dakitenaz ere aritu beharra daukate. Baliteke Txinaz edo Indiaz ezer esan ezin izatea, baina seme-alaben zalantzez edo beldurrez, bai.
Hain justu, gurasoek haurraren iraganari edo adopzio prozesuari buruz ematen dituzten azalpenak oso autozentratuak izaten direla azaleratu duzu zuk.
Gurasoek badakite emoziez ari direla eta ezagutzen dituzten bakarrak beraienak direla. Latza izaten da besteen lekuan jartzea,guraso biologikoek haurrak utzibehar izan zituztenean sentitu zutena ulertzea. Hartan jartzen ez badira, ezin. Gure tailerretan, seme-alabak betirako agurtzeko gutuna idatz dezaten eskatzen diegu gurasoei. Egoera ikaragarri horri aurre egiteko orduan, asko ez dira lerro bakar bat idazteko gai izaten, eta guraso biologikoen azalean jartzen dira, nolabait.
Beren seme-alaben kezkei pisua kendu, eta beren mina gogorragoa dela pentsatzeko joera izaten dute gurasoek, azalduduzunez.
Emozio kontua da. Gurasoek badakite beren emozioak neurtzen, baina zaila zaie seme-alaben emozioen dimentsioa ulertzea, beraiek baino min txikiagoa sentitzen dutela uste dute kasu askotan. Deigarriena zera da: guraso gutxik galdegiten dietela seme-alabei haien minaz. Galdera eginez baino ez zaio irekiko edozein erantzun emateko bidea.
Guraso biologikoek utzi egin zituztelako, familia ezberdina dutelako edo arraza ezberdinekoak direlako jasan lezaketen diskriminazioaz ere, ez direlaerabat kontzientediozu zuk.
Isilean daramate diskriminazioa. Gurasoen mina saihesteko, zaintzaile rola hartzen dute haur adoptatuek. Emozioetatik eta minetik babesten dituzte. Haurren joera hori baztertu behar dute gurasoek, eta haurrek azaldu nahi ez duten horri buruz ere oztoporik gabe hitz egin dezaketela ulertarazi. Buelta eman behar diete rolei, absurdoa baita haurrek zaintzaile eta babeslearena egitea. Lau, bost eta sei urteko umeak ez daude hartarako prest, ahulak dira zaintzaile gisa. Horren ordez, zain ditzaten laga behar dute.
Adopzioaren gaiari buruzko narrazioak ez dira une jakin batean egin eta gainetik ken daitekeen kontua, ezta?
Bizitza osoan egin behar da, haurra etxera heltzen den unetik.
Zergatik?
Sendatzen ez den zauri existentziala delako. Zauria zinez senda dadin, agerian utzi behar da, eta barruan duen guzti-guztia atera dezan utzi. Haurrek buruaren bidez ulertzen dute kontua zazpi urtera arte, maila emozionalean ulertzen dute 11 -12 -13 urte dituztenean, eta, nerabezaroan, tripetan bizitzen dute, erabateko nahasmenez kasu askotan. Badira egoerari aurre egin ahal izan ez dioten helduak ere, inor ez delako gertatzen zitzaiena haien beldurren ondorio gisa deskodifikatzeko gai izan, eta jokaera txartzat hartu dituztelako nahasmenaren ondorio diren jarrerak. Zenbait jokabideren atzean, beldurrak, kezkak eta antsietatea daudela jakin behar dugu.
Alberto Rodriguez. Psikologo eta familia terapeuta
«Gurasoen mina saihesteko, zaintzaile rola hartzen dute haur adoptatuek»
Psikologoaren iritziz, trabarik gabe hitz egin beharko lukete gurasoek eta adoptatutako haurrek beren minaz. Adopzioak eragindako beldur eta kezkak trukatzen laguntzen die berak, terapia bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu