Abenduaren 22an eman zioten lur 43 urteko Jose Atanes Rodriguezi, Xinzo de Limiako Gudinen (Ourense), jaioterrian. Han bizi dira haren gurasoak. Bi anaia, berriz, Euskal Herrian; eta laugarren bat Alemanian. «Gurasoak lur jota daude eta ohi baino denbora gehiago eman dugu Galizian aurtengoan. Astebete ere ez da hona itzuli ginela», dio Vicente anaiak. «33 lore koroa egon ziren haren hileta elizkizunetan. Asko maite zuten Pepe», bota du hildakoaren neska-lagun eta gertakariaren lekuko Edurne Cornejok.
Orain, epaileen eta ikertzaileen jardunaren emaitzen zain omen daude guztiak, Vicente Atanesek behin eta berriro dioenez. «Gure anaia ez zegoen inongo saltsatan sartuta. Euskal Herrian politika gora eta behera aritzen dira beti, baina gure anaia ez zegoen politikan sartuta. Ez zegoen sindikatuta ere. Ez zeukan aurrekari penalik eta ez zen ezerren susmagarri. Oso pertsona ona zen eta bizia oso modu txarrean galdu du».Galiziatik itzuli bezain pronto, hara joan aurretik hartua zuten abokatuarekin hasi omen dira buru-belarri lanean, salaketa bat jartzeko asmoz. «Epaitegietan argi dadila dena, bederen, gure anaia ez baita benetan lurperatuta egongo dena argitu arte. Gutako inork ez du lasai arnasa hartuko hau guztia argitu arte».
Salaketa zehazteke
Oraindik ez omen dakite zein izango diren aurkeztekotan dauden salaketaren nondik norakoak. Dakitena da euren bertsioa eman ziotela Ertzaintzari. «Nik eta Edurnek heriotzaren biharamunean deklaratu genuen Beasaingo ertzain etxean. Guztia gertatu zenean gurekin zihoazen beste hiru lankideek bezperan deklaratu zuten, Tolosan», dio Vicente Atanesek. Ba omen dakite gertakariaren tokitik pasatu zen beste gidari batek ere deklaratu duela. «Guri ez digute inongo azalpenik eman. Abokatua ari da orain gauzak mugitzen, gure anaiak justizia merezi baitu».
Justizia aipatu orduko, injustizia etorri zaio gogora Jose Atanesen anaiari. «Injustizia handi bat egin diote anaiari. Hasiera batean ijitoa zela esan zuten batzuek. Ijitoa izanda ere, inork ez du horrelakorik merezi. Kazetari bat etorri zen gugana gorpua hartu eta Galiziara eramatekotan geundela. Esan nion mesedez zuzenketa egiteko, gure anaia ijitoa zela argitaratua baitzuten bere hedabidean. Anaiak ez zion ertzainari eraso, gainera, eta hori ere zabaldu dute».
Galiziara eraman zuten gorpuari egindako autopsiaren emaitzak zein diren ez omen dakite. Jaioterrian zeudela, abokatuak abisatu egin omen zieten heriotza eragin zuen pistola «dagokion tokian» dagoela, ikertua izateko.
Deirik ez
Kexua darie Vicente Atanesen eta Edurne Cornejoren hitzei. «Inongo erakundetako inork ez digu deitu guri, gertatutakoa gertatu eta zabaldu ostean, ea zer moduz gauden galdetu edo doluminak agertzeko, sikiera», nabarmendu du hildakoaren anaiak. Ez telefono deirik, ez gutunik, ezta ezer ere.
Atzo jakin zuten biek IU-EBko zinegotzi Iñaki Saldañak presazko mozioa aurkeztu zuela abenduaren 23an, Beasaingo Udalaren batzan, Jose Atanes herrikideari gertatutakoa «oso larria» zela esanez eta guztia argitu bitartean gertakarian nahastutako agentea zerbitzutik ken zezaten eskatuz. Ez zekiten, ezta ere, udalbatza hartan mozio bat onartu zela gertakaria argitzeko eskatu eta familiari dolumina adierazteko. Galizian zeuden egun haietan. «Minaz gain, ezintasuna sentitzen dugu. Gurasoek esaten duten bezala, istripuz-edo hil izan balitz, heriotzaren mina sentituko genuke solik».
JOSE ATANESEN HILKETA. GERTAKARIA ALEGIAN
«Gure anaia ez da lurperatua egongo benetan gertatutakoa argitu arte»
Jose Atanes zenaren etxekoak auzibideen eta ikerketen emaitzen zain daude, guztia argitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu