Gure Esku-k datozen bi urteetako plangintza aurkeztuko du larunbatean

Hamar urte beteta, Gure Esku-k datozen urteetako ekintza planen berri emango du 'Herri libre bat' dinamikaren ekitaldian; Bilbon aurkeztuko dute, larunbatean.

Gure Esku-ren Batzar orokorra
Gure Esku-ren Batzar Orokorreko argazkia Gasteizen, 2023ko abenduaren 2an. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Hamar urte beteta, eta aldi politiko berri bat hastera doala sinistuta, datozen bi urteetako erronken berri emango du Gure Esku-k bihar, Bilboko Kafe Antzokian. Herri libre bat lelopean, Euskal Herriaren burujabetza eta nazio aitortza izango dute ardatz. Eragile soziopolitikoen arteko eta euskal lurraldeen arteko lankidetzan sakondu nahi dute.

2023ko abenduan eginiko Batzar Orokorrean aurreratu zutenez, herritarrak ahaldundu nahi dituzte erabakitzeko eskubidearen alde bide eraginkorrak sortzeko. Horretarako, lurraldetasuna landu nahi dute eta elkarren arteko lankidetza areagotu: harreman, proiektu eta baliabide bateratu gehiago sustatu. Hori kontuan hartuta, nazio ikuspegia lantzen duten egitasmoekin bat egingo dutela azaldu du Gure Esku-k; kolektibotasunaren alde sareak eta aliantzak sortu nahi ditu. Larunbatean aurkeztuko dute bi urteko plangintza, baina aurreratu dute Korrikarekin lankidetzan arituko direla —euskararen aldeko ekimena martxoaren 14an hasiko da Irunen eta Baionan amaituko da martxoaren 24an—.

Gure Esku-k gidaritza berria du aurrera begirako erronkei erantzuteko, eta horrek «berritasuna eta freskotasuna» ekarriko diela azaldu zuten batzar orokorrean. Izan ere, azken urteetan oinarri politiko berria ezarri delakoan daude; Gure Esku-ren ustetan, zabalik dago Euskal Autonomia Erkidegoaren, Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Ipar Euskal Herriko Elkargoaren egituraketaren etorkizunari buruzko gogoeta eta eztabaida.

Duela hamar urte aurkeztu zuten Gure Esku Dago egitasmoa, Irunen (Gipuzkoa) —orain, Gure Esku da—. Erabakitzeko eskubidearen giroa sortu eta errotu dute urte horietan guztietan; munduan Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu nahi izan dute, prozesu demokratiko baten bidez erabaki daitekeela sinetsita. Horretarako aipatzekoak dira Gure Esku-k eginiko hainbat ekintza: giza kate erraldoia, Itsasargia eztabaida herrikoia eta Frantziako Tourrean ikurrinekin eginiko erakustaldia, besteak beste. Gure Esku-ren iritziz, Euskal Herriak azken urteetan erakutsi du mobilizatzen den herri bat dela, eta, aurrerantzean ere, mobilizazioak antolatzen jarraituko du: bai erabakitzeko eskubidearen aldekotasun zabala erakusteko, bai Euskal Herriko herritarrak aktibatzeko.

Gure Esku-rentzat, etorkizunean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen jarraitzeko mugarria izango da bihar Bilboko Kafe Antzokian egingo duten aurkezpen ekitaldia. Musikarekin eta kulturarekin girotuta aurkeztuko dute datozen bi urteetako ekintza plana; harrera 10:30ean egingo da, eta ekitaldiak 11:00etan izango du hasiera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.