Kera elkarteko kidea

Palmira Dual: «Gure gaineko sabaia ez da kristalezkoa, hormigoizkoa baizik»

Patriarkatua, antitziganismoa eta klasismoa gurutzatzen dira emakume ijitoen bizitzan, Palmira Dualek azaldu duenez. Diskriminazioa «normalizatu» izana gaitzetsi du.

Palmira Dual, apiril amaieran, Irunen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Palmira Dual, apiril amaieran, Irunen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Irun
2024ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun

Euskara eta erromania batzen dituen hizkeran, erromintxelan, kera hitzak etxea esan nahi du. Hain zuzen ere, Kera elkarteko kideek zera nahi dute, Euskal Herriko emakume ijitoak «etxean bezala» sentitzea haienean daudenean. «Nahi dugu emakume ijitoek ikustea bulego honetan negar eta barre egin dezaketela. Gizartean ere eragina izan nahi dugu, feminismo erromania aldarrikatu nahi dugu, eta klixe eta aurreiritzi batzuk hautsi nahi ditugu», azaldu du Palmira Dual kideak (Irun, Gipuzkoa, 1996), Kera elkarteak Irunen duen bulegoan.

Zer da feminismo erromania?

Ikusten dugu gizarteak emakume ijitooz oso ikuspegi txarra daukala: gu ez garela geure bizitzaren jabe, eta denok bide bera egin behar dugula. Emakume ijitook oso pluralak gara, eta ezin gara borrokatu feminismo zuriaren barruan. Ijito herriak bere gainean 200 lege edo gehiago izan ditu bere kontra, eta sarraski saiakerak. Emakume ijitook hezkuntzarako sarbidea izan nahi dugu, klixerik gabe, motibazioa eten ez diezaguten. Gure borroka da hezkuntzarako sarbide ona eta duina izatearen alde, eta baita enpleguaren alde ere. Nik ikasketa batzuk edukita, nire azala edo abizena ikusten badute, ez naute lehenetsiko lanpostu bat emateko. Neska batek ahaleginak egiten ditu ijitoa ez den sistema batean sartzeko, erdi mailako eta goi mailako graduak egiten ditu, joaten da curriculuma ematera edo elkarrizketa bat egitera, eta zer gertatzen da? Ijitoa dela. Emakume zuriek lortu dute espazio batzuetan egotea, eta gu hor sartzen saiatzen ari gara. Gure gaineko sabaia ez da kristalezkoa, hormigoizkoa baizik. Giza eskubideak beteko diren gutxieneko espazio batzuk nahi ditugu. 

Zuen bizitzan patriarkatua eta antitziganismoa gurutzatzen dira, beraz.

Antitziganismoa oso lotuta dago patriarkatuarekin. Arlo guztietako instituzio guztiak eginda daude ijitoak ez sartzeko: etxebizitzan, enpleguan, hezkuntzan eta osasungintzan jasaten dugu diskriminaziorik handiena. 

«Emakume zuriek lortu dute espazio batzuetan egotea, eta gu hor sartzen saiatzen ari gara»

Klasismoa ere sartzen da jokoan?

Noski. Euskal Herrian ijitook bazterkeria eta pobrezia egoeran bizi gara. Zergatik? Hor egon nahi dutelako? Ez. Ez dute ezagutzen beste modu bat ijito izateko. Gizarteak ijitoak eta bazterkeria lotzen ditu. Zu neska ijitoa baldin bazara eta zure auzotik ez bazara ateratzen —horretarako tresnarik ez duzulako—, eta ezagutzen dituzun neska ijito guztiak 16 urterekin ezkontzen badira eta ama izaten badira, eta besterik ikusi ez baduzu, bide horri jarraituko diozu. Babes ofizialeko etxeek ghettoak sortzen dituzte, eta ez digute ematen aukerarik hortik ateratzeko, behar dituzun laguntza asko kentzen baitizkizute bestela. Posta kodeagatik, zure auzo osoa joaten den eskola berera joaten zara. Ondorioz, ez zara hortik ateratzen. Orduan, zein erreferentzia dituzu ijito izateko?

Bat bakarra, ezta?

Hori da. Nerabea zarenean, ez duzu jakiten auzotik kanpo zer dagoen. Horregatik, Kera arduratzen da neska ijitoei erreferenteak erakusteaz. Topaketa feminista eta pedagogikoak egiten ditugu urtero, eta emakume ijito kirolariak, ekintzaileak, artistak eta abokatuak ekartzen ditugu, adibidez. Hor beste gauza bat ere gertatzen da. Gizarteak zer ikusten du? Emakume ijitoen zer eredu aitortzen du? 30 urteko emakume bat, ezkongabea, haurrik gabea irudikatzen du ijito moduan? Edo esaten dio: «Ui, ez duzu ijitoa ematen»? Nik 18 urterekin jakin nuen bandera bat neukala, eta ez dut nahi hori gertatzerik! Sistema pixka bat tziganizatu behar dugu. 600 urte daramatzagu hemen, hemengoak gara. Baina ez dituzte aitortzen gure herriaren balioak: jasaten dugun bazterkeriarekin lotzen gaituzte. Neska ijitoek hau pentsatzen dute: «Eskolan nigandik espero badute 16 urterekin ezkonduko naizela eta alde egingo dudala, hori egingo dut azkenean».

Zer rol dute irakasleek bazterkerian?

Ni hemen nago irakasle batzuek nigan sinetsi zutelako, eta ez zidatelako utzi amore ematen. Badaude irakasle oso onak, baina oso gutxi dira. Sentiberatasun gutxi dute gurekin, eta oso zaila da behar handiak dituen familia batekin aritzea. Agian azokara joatea lehenesten dute, bestela egun horretan ez dutelako jango. Lehentasunak desberdinak dira, bizitzeko beharrak aseta edukitzea delako lehena.

Lan munduan nola mamitzen da bazterketa?

Normalizatu dugu gaizki begiratzen digutela erosketak egiten ditugunean, lotsa pasatu behar dugula amari poltsa begiratzen diotenean. Normalizatzen badugu, ezin dugu neurtu zenbaterainokoa den diskriminazioa alor horietan. Iaz hau gertatu zen Bartzelonan: neska batek urtebete zeraman lanean supermerkatu batean, eta, ijitoa zela jakin zutenean, kalera bota zuten. Bere eskuetan zegoen guztia egin du klixeak hausteko eta sistema ekonomikoaren barruan egoteko, eta zer jaso du?

Bazterketa.

Noski. Eta bazterketa hori ere beste eredu negatibo bat bihurtzen da haren lehengusina eta ahizpa txikientzat. Hori gertatzen ari da. Gaur egun. Zergatik gaude beti batera? Ez garelako gustura sentituko ijitoak izateagatik lapurrak garela uste duen batekin. 

«Euskaldunek espainoltzat gintuzten ijitoak, baina ijitoen borroka eta Euskal Herriarena oso antzekoak dira»

Beste aurreiritzi bat: ijitoak ez zaretela euskaldunak. Horri buruz zer duzu esateko?

Ijitook 600 urte daramatzagu Euskal Herrian, eta, frankismoan euskaraz hitz egitea debekatu ziguten arte, ijitoak euskaraz eta erromintxelaz bizi ziren. Garai hartan ere ijito asko etorri ziren Gaztelatik Euskal Herrira, eta ijito euskaldunak eta gaztelarrak nahastu ziren. Gainera, euskaldunek espainoltzat gintuzten ijitoak, arteagatik. Lola Flores agertzen zen eskura zegoen telebista bakarrean, eta hark bezala kantatzen eta dantzatzen ziren Euskal Herriko ijitoak. «Orduan, zer izango dira, ba: espainolak!». Beste bandoko kidetzat ikusten gintuzten, baina ijito herriaren borroka eta Euskal Herriarena oso antzekoak dira. Bakoitzak hainbeste babestu nahi izan duenez bere identitatea, ez dute elkar ezagutu. Ez dute sinergiarik topatu.

Zer egin daiteke sinergia horiek sortzeko?

Historia ikusaraztea. Historiak guztiari ematen dio erantzuna. Indarkeria eta bazterketa handia jasan ditugu: deshumanizatu egin gaituzte. Eta orain, hori guztia sendatzeko, denbora dezente beharko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.