Valladolideko Unibertsitatean (Espainia) medikuntzan lizentziatu zenetik, eskolak ematen eta landa guneetan mediku lanean aritu da Juan Gervas (1948, Lorca, Murcia) medikuntza doktorea. Atzo Bilbon egon zen, Bilboko Alondegiak antolatutako Ondo izan. Bizitzaren medikalizazioa jardunaldietan. Osasunaren Mundu Erakundeak sinesgarritasuna eta boterea galdu dituela adierazi du, eta botika gehiegi hartzearen arriskuaz ohartarazi. Adibidea, eskuko telefonoa; Gervasek ez du nolanahi erabiltzen: «Baina lanerako behar badut, erabiltzen dut. Botikekin bezala, erabilera arrazoizkoa da gakoa».
Zein da, bada, botiken erabilera arrazoizkoa?
Antzinatik, sufritzen ari den pertsonari ez zaio ukatu, inoiz, opioa edo morfina, baina saihestu da opioa eta morfina gizarteko kide guztiek erabiltzea. Hori da arrazoizko erabilera. Baina historiaurretik eduki dugun oreka natural hori hausten ari gara, eta arazo larrientzat gorde behar genituzkeen konponbideak erabiltzen ari gara arazo arinentzat ere. Degenerazio bat da.
Zergatik apurtzen ari da oreka hori?
Ez da onen eta gaiztoen kontua. Interesen kolusio bat dago: garapen teknogikoa, akziodunen diru gosea, mediku, profesional eta politikoen botere nahia... eta baita herritarrak ere. Herritarrak ohitu dira arazo konplexuei konponbide azkarrak ematera. Baina ez da halakorik, eta hautatzen dute pilulen alde, konponbide faltsu horren alde. Existitzen ez den zerbait bilatzen da: gaztetasun eternoa, eta sufrimendu eta heriotza oro saihestea. Eta hori ez da konpatiblea izaki bizidunekin.
Pertsonak hasi beharko luke onartzen hauskorra dela, eta gaixotu behar duela, beraz?
Onartu behar dugu epidemiologiaren burdinazko araua beti betetzen dela: alegia, jaiotzen den oro hiltzen dela, eta sufrimenduak eta gaixotasunak gurekin batera doazela, izaki bizidun garelako. Heziketa ikuspuntu bat ere bada hor: pertsonok ikasi egiten dugu sufrimendua eta mina jasaten. Ume txikiak ikasten du ondoez forma batzuk jasaten, eta horrela sar daiteke giro toxikoetan, giro toxiko sozial, psikologiko eta baita kimikoetan ere, eta horrela iraun dezake bizirik. Kotoi artean edukiko bagintuzte, sufrimendu eta gaitz guztietatik aldenduta, ez ginateke bizirik irauteko gai izango. Bizitzea sufritzea da; eta baita gozatzea ere, noski.
Gizartea osasunarekin obsesionatu da agian?
Bai. Biharko onagatik, gaurko ona galtzen ari gara. Gizartearen medikalizazioak eskatzen duena da gaur asko sufritzea: analisiak, probak, erradiografiak, botikak... egitea, 20 edo 30 urte barru gaitz bat ez hartzeko, ez dakigunean gaitz hori harrapatuko dugun ere. Absurdoa iruditzen zait. Gizateriak 70-80 urteko bizi-itxaropena du, eta 60 edo 70 urte bizi daiteke gaixotu gabe. Beraz, bizitza eskaintzen zaigu esku beteka, bizitzaren, adiskidetasunaren, bizikidetzaren gozamena eskaintzen zaigu. Baina hori ukatzen ari gara, osasuna galtzeko izuarengatik. Eta horrek, aldi berean, gaixotu egiten gaitu. Ironikoa da.
Zeintzuk dira gehiegizko medikalizazioaren ondorioak?
Ugariak dira. Zentzurik gordinenean, hiltzeko arrazoi bihurtzen ari da medikuntza. AEB Amerikako Estatu Batuetan, hirugarren heriotza arrazoia da osasun sistemaren jarduera. Basakeria hutsa da. Beharrezkoak ez diren jarduera horiekin guztiekin, heriotza sortzen dugu, sufrimendua sortzen dugu, minbizia sortzen dugu. Adibidez, tomografia axialentzako eskanerrak: bost eskaner, bonba atomikoaren irradaren pareko dira. Beraz, kontuz ibili behar dugu gehiegizko erabilerarekin. Beste ondorio bat da osasunaren gaineko kontrola galtzen ari garela. Norbera ez da sano sentitzen; medikuak esaten dio sano dagoen. Gure osasunaren gaineko eskubidea galtzen ari gara. Bizitzako ezbeharrei aurre egiteko erresistentzia galtzen ari gara. Ja ez gara gai lehen jasaten genituen gauza batzuk jasateko. Eta, gainera, osasunarentzat oso tarte txikia definitzen ari gara: orain, osasuntsu egotea ia ezinezkoa da. Zoriontsu izateko eta albokoak zoriontsu egiteko aukera galtzen ari gara. Oso krudela da.
Medikuek gehiegizko boterea dute?
Medikuak mago bihurtzen ari gara. Biztanleriari absurdoak diren gauzak ari gara eskaintzen. Hil egingo gara; nik nire eriei eskain diezaieket heriotza duin bat izateko laguntza. Hori ja miraria iruditzen zait. Baina nik ezin dizut hitzeman ez zarenik hilko. Bai, agin dezaket gaitz asko saihestuko ditugula, ez guztiak. Ezjakintasunaren etikarekin egin behar dugu medikuntza; ez ditugu ezagutzen gauza askoren konponbideak eta arrazoiak. Medikuak ez gara ahalguztidunak. Sendatzaile papera galtzen ari da medikuntza, ulertzen duen eta alboan dagoen pertsonaren egitekoa galtzen ari da, zientzia faltsu batekin, hitzeman ezin dena hitzemateko.
Farmazia industriak duen indarra sumatu zen, esaterako, A/H1N1 gripearen kudeaketan. Nola ikusten duzu industriaren eragina?
Arazoak konplexuak dira, eta konponbideak zailak. Farmazia industriaaktore bat besterik ez da, interes asko dituena, baina aktore bat. Gizartean gurasoak, emakumeak, gizonak, adinduak, politikoak... daude, eta horiekin mugitzen da. Beste giro batean, farmazia industriak ezingo luke egin egiten duena. Industria ulertu behar da testuinguruan; farmazia industriaren parte bat funtsezkoa da, gainera, gaixotasun batzuetarako.
Eta gaixotasun kronikoak nola kudeatu behar direla uste duzu?
Ez dakit, baina ez nago batere ados euskal planekin. Ameriketako Estatu Batuetako planak erreproduzitzen dituzte. Gaixotasun kronikoak dituztenek konplikazio zorrotzak dituzte, eta baita beste gaixotasun kroniko batzuk ere. Horiek tratatzeko, behar dugu lehen arreta bikaina, familia mediku bikainak, erizain bikainak, botikari bikainak... ez direnak mugatuko lehentasunezko eritasun kroniko bat, lau edo bostera, baizik eta gaia orokorrean begiratuko dutenak. Eta hori oso gutxitan ateratzen da planetan.
Botikak ez badira konponbidea, zer egin behar da osasuntsu egoteko?
Botikak konponbide ona dira gauza batzuetarako. Bizitzaren gainerako gauzetarako, konponbidea dira elkartasuna, ulermena, maitasuna, laguntasuna... Konponbide asko daude, eta gehiago gure mundu ultragaratu eta aberatsean, non dena xahutzen den, baita osasuna ere.
[email protected]
Juan Gervas. Medikuntza doktorea
«Gure osasunaren gaineko eskubidea galtzen ari gara»
Medikuak ez direla ahalguztidunak eta, bizitzeko, sufritzea ere beharrezko dela oroitarazi du Juan Gervas medikuak Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu