Espainiako Senaturako Gipuzkoako zerrendaburua da Mikel Izagirre (Urnieta, 1949). Madrilen Amaiurrekin elkarlanean aritzeko asmoa agertu du.
Hego Euskal Herrian, lau indar politikok osatutako mapa politiko bat marrazten ari da. Lekurik ba al du Ezker Anitzak horretan?
Euskal Herrian ageri da mapa politiko hori, baina estatuan beste mapa bat dago, eta horren barruan sartzen dugu gure jarduera. Ezker Anitzaren helburua da talde parlamentario indartsu bat osatzea Madrilen. Horrek indarra emango lioke hemen. Gaur egungo errealitatea da Euskal Herriari dagokion politika ez dela Euskal Herrian bakarrik egiten eta, beraz, beste erabakigune horietan ere egon behar dela.
Ezker Batuaren barruan izandako ika-mikak direla eta, hemen ere emaitza onak lortzeko aukera galdu duzuela uste duzu?
Dudarik gabe, kalte egingo digu horrek, baina badirudi estatuan emaitza onak lortuko ditugula, eta horrek eragina izango du hemen. Gure proiektua indarberrituta aterako da bozen ostean.
Boto baliagarriaren aldeko aldarrikapenak nolako eragina izango du zuen emaitzetan?
Boto baliagarria zertarako? Gero eskuineko politikak egiteko? Horrek ez du ezertarako balio. Alderdi sozialista kanpaina hori egiten ari da gure aurka, baina, gure ustez, boto bakoitza da baliagarria. Agian, hemen ez dugu parlamentaririk lortuko, baina boto horrek balio du estatuan. Estatu osoan botoen %5en langa gainditu behar dugu guk parlamentuan sartu ahal izateko.
Zer eskaintzen du Ezker Anitzak, ezkerreko beste indarrek eskaintzen ez dutena?
Elkarlana. Batez ere, alor sozialean. Madrilgo parlamentuan hainbat gauza eztabaidatzen dira euskal herritarrei eragiten dietena: erretiroa 67 urtera atzeratzea, murrizketa sozialak, zerga sistema... Esaten da guk autonomia dugula alor horretan [zerga sisteman], baina gero han hartzen diren erabaki asko hemen ezartzen dira: sozietateen zerga jaitsi, ondasunaren zerga kendu... Beraz, ezkerreko politikak egin behar izan diren gaietan, jarraipena egin diogu Madrilgo parlamentuari. Pentsatu nahi dut orain Bilduk beste jarrera bat duela, eta Amaiurrek Madrilen beste jarrera bat izango duela, eta ezkerreko indarrak batzeko balioko duela.
IUren aliatu gisa ikusten duzu Amaiur Madrilen?
Zergatik ez? Ezkerreko politiketan, elkarlanerako aukera zabalak daude. Era berean, ikusi behar da gure taldeak zer jarrera duen Euskal Herriari dagozkion gaietan: erabakitzeko eskubidea mahai gainean dago, eta gure programaren barruan dago. Hori ikusita, uste dut alor horretan ere posible izango dela elkarlana.
Eredu krisi batean gaudela diozue. Zer esan nahi duzue?
Ez nintzateke batere harrituko Espainiako Estatua egoera berean egongo balitz hemendik urte pare batera, nahiz eta PPk gehiengo absolutua izan. Grezian eta Italian ikusi dugu: Europak inposatzen ditu neurriak, beti merkatuek eta finantza erakundeek ezarritako bidean. Berlusconi ez dute herritarrek kendu boteretik, merkatua deituriko izaki horrek baizik. Sistema honek eraso egiten dio ongizate gizarteari, pribatizazioen mesedetan, eta horri aurre egin behar diogu ezkerreko alderdi eta gizarteeragileen arteko elkarlanaren bidez.
Bake prozesuari dagokionez, zer espero duzu?
PP gauza bat esan eta beste bat egiten ari da. Prozesu guztiarenjakitun da, baina denbora behar du azken urteetan izan duen estrategia aldatzeko. Nire ustez, Aieteko Adierazpenaren puntu guztiak bete behar dira. Estatuak hainbat neurri hartu behar ditu lehenbailehen: besteak beste, gaixo dauden presoak kanpora atera, sakabanaketa amaitu, alderdi guztiak legeztatu eta normalizazio politikoa sendotu.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina. Mikel Izagirre. Ezker Anitza taldeko hautagaia
«Gure proiektua indarberrituta aterako da bozen ostean»
IUk Espainian lor ditzakeen emaitzekin itxaropentsu dago Mikel Izagirre. Horrek euskal politikagintzan eragingo duela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu