Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) larrialdietako langileek argi dute: ez dute harremanik nahi Israelekin. Ez dute harremanik nahi genozidio bat egiten ari den herrialde batekin. Jakinarazi dutenez, Osakidetzak Israelgo Teva Pharm enpresaren produktuak erabiltzen ditu. Horrekin ados ez, eta sinadurak biltzen hasi dira: larrialdietako berrehun mediku, erizain, teknikari eta zelarik Osakidetzako zuzendaritzari eskatu diote ez dezala erosi enpresa horren produktu gehiagorik eta ahalik eta lasterren ordezka dezala «giza eskubideak errespetatzen dituen beste batekin».
«Hilabeteak dira Palestinaren aurkako zuzeneko genozidio baten lekuko garela», gogoratu dute osasun langileek. Salatu dute hildako kopuruak «beldurgarriak» direla, eta erasoek herritarrak izan dituztela helburu, baita ospitaleak, anbulantziak eta osasun langileak ere. Jakinda horrelako ankerkeriak gertatzen direla, beharginek uste dute ezin direla «besoak gurutzatuta» geratu. «Gure lanaren berezko parte da bizitza eta giza eskubideak defendatzea».
Nazioarteko hainbat erakundek eta osasun kolektibok hilabeteak daramatzate palestinarren aurkako krimenak salatzen, «baita urteak ere», sinatzaileen arabera. Esaterako, nazioarteko kanpaina bat abiarazi dute, «genozidioaren konplize diren enpresei boikota egiteko eta desinbertsioa ezartzeko».
Hain justu, konplizetzat jo dute Teva enpresa. Israelgo merkatuko merkataritza eta industria enpresa handiena dela ohartarazi dute, «kapitalaren, mozkin garbiaren, diru sarreren eta merkatu balioaren arabera». Israeli eta haren armadari «565 milioi dolar» ordaindu zizkion duela bi urte «metatutako zergetan».
Banatzailerik handiena
«Osasun produktuen eta zerbitzuen hornitzaile eta banatzaile handiena da Teva». Izan ere, salatu dute aukera duela Palestinako okupazioaren ondoriozko «abantailez» baliatzeko: Palestinako merkatua ustiatzeko eta monopolizatzeko aukera du, «aduanarik eta kontrol posturik ez dago eta». Horrez gain, Tevak sendagaiak saltzen dizkie palestinarrei, «merkatuko prezioaren gainetik», eta laguntza humanitarioa ematen duten erakundeak behartu egiten ditu bere produktuak erostera.
Osakidetzak, gaur-gaurkoz, Teva enpresaren «medikamentu ugari» ditu ospitale sare osoan; besteak beste, ahoko omeprazola eta inhalagailu batzuk. Langileen arabera, sendagai horiek «erraz» ordezka daitezke hurbileko beste botika enpresa batzuetako sendagaiekin. Gurutzetako ospitalean, esaterako, Teva enpresaren 35 sendagai eta osasun produktu dituzte iaztik.
Osasungintzako «funtsezko zutabetzat» jotzen dituzte «ongintza, gaiztakeriarik eza eta justizia». Hori dela eta, larrialdietako langileek Osakidetzari exijitu diote enpresa horrekin duen harreman oro etetea. Joan den astean bidali zizkioten sinadurak zuzendaritzari, erregistro bidez. Eskatu diote sendagai horiek berehala kentzeko eta ahal bezain laster alternatiba bat eskaintzeko. Horrez gain, eskatu diote harremanak eteteko «genozidioa akademikoki eta ekonomikoki» babesten duten «enpresekin eta erakundeekin».
«Egunero bizia arriskuan jartzen duten» Palestinako osasun langile eta herritarrei babesa eta elkartasuna adierazi dizkiete langileek. Sinadura bilketa Gurutzeko ospitaleko larrialdietan zabaldu duten arren, «beste zerbitzu, ospitale, lankide, farmazia eta erabiltzaileei» dei egin diete, hausnarketa egin dezaten eta haiekin batera Teva Pharmen produktuak erabiltzeari uko egin diezaioten.