Espainiako Auzitegi Nazionalak Bilboko Zazpikaleetako bost gazte epaitu zituen otsailaren 10ean, 2012ko abuztuan BERRIA eta Gara egunkarietan argitaratu zen iritzi artikulu batean "terrorismoa goratu" izana egotzita. 25 urte lehenago lehergailu batek eztanda eginda hil zen Maite Perez auzokideari idatzitako gutuna zen Aste Nagusiaren atarian argitaratutakoa, eta Zazpikaleetako hainbat pertsonaren egoeraren berri ematen zuen. Besteak beste, 26 urte preso zeramatzan Joseba Artolaren egoera salatzen zuten gutunean. Gerora Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baliogabetu zuen; 197/2006 doktrina ezarrita preso mantentzen zutela esan zuen.
Bina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak, eta 11 urteko inhabilitazioa bakoitzarentzat. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen, argudiatuz ideia batzuk iritzi artikulu batean argitaratu izanak adierazpen askatasunerako eskubidearen babesa duela, eta ideologia eta iritzi askatasunerako eskubideen bermepean jardun zutela egileek.
Magistratuen ustez, ez da Maite Perez gogo hutsean duen eskutitz bat, edo Parot doktrina eta espetxe politika salatze soila. "Askoz harago doa" Perez "eredu baizik Euskal Herri gorri, euskaldun, berdin eta librearen alde borrokatzen direnentzat".