Nekane Txapartegiren senideak, Euskal herriko mugimendu feministako kideak, Eleak-Libre plataformakoak, Jaiki Hadi elkartekoak, torturatuak izandako emakume eta gizonak eta 18/98 sumarioko kideak Donostian elkartu dira gaur, Txapartegiren egoera salatu eta Suitzako Justizia ministroari eskaria egiteko. Gutun bidalketa masiboa egin nahi dute estradizioa geratzeko.
1999an atxilotu zuten Txapartegi, 2006an epaitu Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta 2007an zigortu, 18/98 auziko Xaki atalean —11 urtetik sei urte eta bederatzi hilabetera jaitsi zion zigorra Auzitegi Gorenak 2009an—. Espainiaren estradizio eskari baten ondorioz, apirilean atxilotu zuten, Zurichen. Bizimodu arrunta egiten zuen han, alabarekin.
Prozesu horretan guztian oinarrizko eskubide zibilak urratu dizkiotela salatu dute plataformako kideek. Gainera, inkomunikazio aldian torturak salatu zituela nabarmendu dute: "Torturaz mintzo garenean, ezinbestekoa da tortura sexistaz mintzatzea, indarkeria mota hori ere sexu bereizkerian eta botere harreman patriarkaletan oinarritzen baita hein batean". Ukituak, bortxaketak, bortxatzeko mehatxuak, tortura psikologikoak, irainak eta abar aipatu dituzte, eta gogora ekarri dute horren adibide argia dela Txapartegiren salaketa. Besteak beste, bortxatu egin zutela kontatu zuen ahozko epaiketan.
Espetxez aldatu dute
Txapartegiren hurlbilekoek BERRIAri esan diotenez, espetxez aldatu dute. Zuricheko kartzela batean izan dute orain arte asteasuarra, bakartuta; 23 ordu ematen zituen ziegan, eta bakarra patioan, eta kristalarekin egin behar zuen bisita, baita alabarekin ere. Ikusteko dago zein baldintza izango dituen orain.