Azken hauteskundeetan botoa eman diotenek ez dezatela alde egin, eta, ekainaren 26an, etxekoak ez daitezela etxean gera. Gutxienez, hori beharko du alderdi sozialistak duela sei hilabete bezala Espainiako Gobernua eskuratzeko aukerak bere horretan mantendu nahi baditu. Bost urtean alderdiak behea jo du, eta azken 40 urteotako boto-emaile kopuru txikienak biltzen ari da, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere: bederatzi diputatu lortu zituen 2008an; hiru iazko abenduan. Hortik behera ezin duela egin eta besteen mandioetan boto gutxi bil dezakeela jakitun, bereak mobilizatzea baino ez zaiola geratzen aitortu zuen atzo Sanchezek Durangon (Bizkaia). «Gureak mobilizatu behar ditugu, kalez kale, botoz boto».
Bere hitzaldian PSOEren presidentegaiak ez zuen aipamen bakar bat ere egin Euskal Herriko alderdi abertzaleen «agendei» buruz. Baina ezta alderdi sozialistaren programari buruz ere. Hitzaldia ideia nagusi baten jiran egituratu zuen: mobilizazioa. Eta arerio bat izan zuen jo puntuan: Unidos Podemos (Hego Euskal Herrian Elkarrekin Ahal Dugu). Pablo Iglesias buru duen koalizioak sozialistei aurre hartzen badie, Sanchezek ziurrenik uko egin beharko dio presidente izateko helburuari, eta haren geroa ere kolokan jar dezakete alderdiko beste buruek. Orain du azken aukera, hala aitortu zuen Sanchezek berak: «Hirugarrenean, bale; oraingoan nahitaez izan behar du».
Kanpaina honetan ezohikoak izango diren mitin handietara itzuli zen atzo PSOE, berak jarritako autobusen bitartez 2.000tik gora lagun bildu eta Landako Gunea betez. Argazki hori behar zuen Sanchezek, Madrildik kanpora hauteskunde kanpainako lehen asteburuko lehen ekitaldi handian. Han izan ziren, besteak beste, Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia, Patxi Lopez Bizkaiko zerrendaburua eta baita Jesus Egiguren PSE-EEren presidente ohia eta Barbara Durkhop ETAk hildako Enrique Casas senatariaren bikotekide eta eurodiputatu izandakoa ere. Bruselako haren bulegoan aholkulari aritu zen Sanchez 1990eko hamarkadan.
PSOEren presidentegaiak Euskal Herrian egin du lehen ekitaldia. Duela bi aste, Gasteizko zita baino ez zuen agendan. «Lortzen dugun diputatu bakoitza oso garrantzitsua izango da gure helbururako», esan zuen atzo. Inkestek zalantzan jarri dute abenduan alderdi sozialistak Araban lortu zuen eserlekua, eta kanpaina hasi bezperan CISek kaleratutakoak ere halaxe jarri du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak eskuratutakoa. Bakarrarekin geratuko lirateke: Gipuzkoako Odon Elorzaren eserlekuarekin.
«Familia bat gara»
«Ezinezkoa da PPk guk baino indar gehiago izatea». Lopezek sinesgarritasuna kendu zion inkestari, iradokita PPren eskua dagoela atzean. Uste du «batzuei» interesatzen zaiela kanpaina polarizatzea popularren eta Elkarrekin Ahal Dugu-ren artean. «Denen artean PSOE suntsitu nahi dute, baina ez diegu utziko». «Hemen gaudenok familia bat gara, jatorri apalekoak, sozialista izateari inoiz uko egingo ez diogunak».
Alderdiaren jatorriari ere egin zion aipamena Mendiak, eta azpimarratu zuen PSOE dela hauteskunde hauetan «sozialdemokrazia» ordezkatzen duen alderdi bakarra. «Gu gara Espainiarenantz handiena duen alderdia».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina
Gutxienez, gera daitezela etxekoak
Indar erakustaldia eman nahi izan du PSE-EEk Durangon, Pedro Sanchez presidentegaiaren kanpainaren lehen ekitaldi handian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu