Hustu eta eraisten hasi. Gaurko iragarrita zegoen Arrotxapeko gaztetxearen hustea, eta goizean goizetik Espainiako poliziaz, udaltzainez eta foruzainez bete da auzoa. Protestan ziren gazteei oldartu zaie Espainiako Polizia, pilotakadaka eta kolpeka. Bi ordu luzeko operazioaren ostean, Iruñeko Udaltzaingoak adierazi du gaztetxea «hutsik» zegoela, eta makineria astuna sartzeko baimena eman du. Iruñeko Udalaren asmoa da, gaztetxeaz gain, inguruko lantegiak botatzea, etxebizitzak eraikitzeko.
Gaztetxe ingurua militarizatzen zuten bitartean, gazte ugari bildu dira ate aurrean goizean goiz. Hasieratik hurbildu diren guztiak identifikatzen hasi da Espainiako Polizia, eta, gaztetxeko kideek adierazi dutenez, 08:10 ingururako 40 lagun identifikatu dituzte.
Jende guztia identifikatzen ari dira "Segurtasunaren" aitzakipean. Gerturatu zaitezte gaztetxearen parera, identifikatuak izan arren. Kontzentraziorako baimena dago!
— Errotxapeako Gaztetxea (@ErrotxaGTX) September 2, 2021
Gaztetxea aurrera pic.twitter.com/dILCk9VWf9
Helikoptero bat ere goizeko lehen ordutik ibili da gaztetxe gainean bueltaka, eta, Iosu Ganuza Hamaika Telebistako kazetariak adierazi duenez, identifikazio zenbakirik gabe egon dira poliziak.
Poliziak moztua du gaztetxeko kalea. Militarizatua dago eremu osoa. Kazetarioi identifikatzeko eskatzen digute une oro @berriapic.twitter.com/gXUltkGbVX
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) September 2, 2021
08:30erako elkarretaratzera dei egin dute gaztetxeko kideek, eta, gainera, adierazi dute udalaren baimena zutela horretarako, Artika kalean. Poliziak, ordea, esan die Marcelo Celayeta etorbidean egin behar dutela protesta. Azkenean, protestara bildu direnak Marcelo Celayeta etorbidean elkartu dira. Gaztetxe ondoko errepide bat moztu nahi izan du Poliziak, baina protestariak bertan bildu dira, eta Poliziak zigorrak ezartzearekin mehatxatu ditu.
09:00etan langile bat gaztetxeko atea zabaltzen hasi da, Poliziak babestuta, eta minutu batzuk geroago ondoko lokala ere zabaldu dute, gazte batzuk gaztetxearen barruan itxita egon zitezkeelakoan. Gero, eraikuntza enpresa bateko behargin gehiago etorrarazi dituzte. Izan ere, gaztetxe barruan hormigoizko babes, pareta eta hesi gehiago aurkitu dituzte poliziek.
Kolore guztietako poliziak dabiltza uneotan gaztetxe inguruan gora eta behera. Urdinak, gorriak, beltzak eta baita uniformerik ez daramatenak ere... pic.twitter.com/jv3Q7MUSKI
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) September 2, 2021
Sareetan gaztetxearen barruan dauden gazte batzuen argazkia zabaldu den arren, Poliziak ezin izan ditu aurkitu, ezin direlako gaztetxeko gela guztietara heldu, jarri dituzten oztopoen ondorioz. Zerra eta mailu pneumatikoak ere ekarri dituzte barruraino sartzen saiatzeko, eta Foruzaingoa ere etorri da, txakur batekin.
Gaztetxe barruan ustez itxitako hiru gazteren argazki bat bolo-bolo ibili da sareetan, baina Poliziak ez du inor aurkitu oraingoz. Ezin izan dira gaztetxe barruko gela guztietara iritsi @berria
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) September 2, 2021
Manifestariei oldartu zaie Polizia, eta, lehenik, gazte bat atxilotu dute. Protestariak auzoan zehar sakabanatu dira Poliziarengandik babesteko, baina kontrol ugari jarri dituzte inguruetan, eta pilotakadak botatzen ibili dira.
Manifestarien aurka oldartu da polizia. Gazte bat atxilotu dute @berriapic.twitter.com/ArsjumiFGM
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) September 2, 2021
Gazte baten aurka bortizki aritu da polizia pic.twitter.com/PWbF4E8oQJ
— Iosu Ganuza Garcia (@ganugan) September 2, 2021
Geroago, Foruzaingoko GIE edo Esku Hartze Berezietarako Talde espezializatuko kideak heldu dira, maskara beltzak jantzita. Identifikaziorik eta ikurrik gabeko bi furgonetatatik jaitsi, eta mailu eta zerra gehiago ekarri dituzte.
Gedar Langile Kazetak jakinarazi duenez, alboko zelaietara ihesi joan dira protestan ari ziren batzuk, eta Polizia haien atzetik joan da.
Errotxapearen kanpoaldera mugitu da Espainiako Polizia, eta agenteak jende bila ari dira zelai nahiz inguruetan. pic.twitter.com/dl3fkTPUqt
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) September 2, 2021
Azkenean, Poliziak aurkitu ditu gaztetxean itxita zeuden hirurak, baina oraindik ez ditu eraman. Inguruko istiluen ostean, zazpi lagun atxilotu dituzte: manifestari bat Marcelo Celayetako oldarraldian, bost lagun gaztetxetik gertu dagoen beisbol zelai batean eta beste gazte bat Arrotxapeko kale batean. Espainiako Poliziak General Chinchilla kalean duen komisariara eraman ditu atxilo. Gaztetxearen aldekoek elkarretaratzea egin dute polizia etxe aurrean, atxilotuei babesa adierazteko.
Bitartean, makinak gaztetxera sartu dira. Gaztetxeko gela guztietara sartzea lortu dutenean, ohartu dira barruan ez zegoela inor, eta sareetan zabaldu den argazkia zaharra zela, Udaltzaingoak emandako bertsio ofizialaren arabera. Gedarrek zabaldu duenez, gaztetxea gaur bertan eraisteko asmoa daukate, baina Iruñeko udaltzainburuak esan du balitekeela «hiru asteko lana» izatea. Hala ere, barrukoa botatzen ari dira makinak.
Bi orduko miaketaren ostean, eraikin barrua eraisteari ekin diote. "Hiru asteko lana" izan daitekeela esan du Iruñeko udaltzainburuak @berria
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) September 2, 2021
Gaztetxeko kideek Espainiako Poliziaren egoitza aurrera joateko dei egin dute, atxilotuei elkartasuna erakusteko.
Deialdia egiten dugu jende guztia txintxillara igotzeko atxilotuei elkartasuna adierazteko pic.twitter.com/Kuk2DnL3QI
— Errotxapeako Gaztetxea (@ErrotxaGTX) September 2, 2021
Arratsaldean, protesta
Goizeko atxiloketak eta Poliziaren jarduna salatzeko, arratsaldeko 20:00etarako protestara deitu dute. Hasiera batean, Plaza Gorrian batzeko deialdia egin dute, baina protesta hori debekatu ostean, Maiteminduen Plazan egin dute protesta.