HABEko euskaltegiek ikasleei eusteko xedearekin ekingo diote ikasturteari

Tituluen dekretuak eta langabeziak matrikuletan gutxitzea ekar dezaketela ohartarazi dute

HABEren euskaltegien ikasturtearen aurkezpena, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Iazko ikasle kopuruari eusteko helburuarekin ekingo diote ikasturteariHABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko euskaltegiek. Iaz, iraileko datuak sartu gabe, 35.000 ikaslek ikasi zuten euskara HABEk kudeatzen dituen 105 euskaltegietan, eta aurten «zertxobait» jaits daitekeela uste dute, langabeziaren eta tituluen inguruko dekretuak izan dezakeen eragina dela eta. Blanca Urgell Kultura sailburuak egin zuen atzo aurkezpena, eta euskalduntzearen alde euskaltegiek egindako lana nabarmendu zuen: «Gaur egun euskara ez da hizkuntza hil bat, oso bizia baizik. Hori, neurri handi batean, euskaltegi sareari zor diogu. HABE eta euskaltegiak eta, gehienbat, batak eta besteek sortzen duten sinergia eredu dira eremu urriko beste hizkuntza batzuentzat», esan zuen Urgellek.

Atzo Bilbon egin zuten aurkezpenean Urgellekin batera izan ziren: Iñaki Uribe HABEko zuzendari nagusia, Kepa Diegez euskaltegi publikoen ordezkaria, eta Mertxe Mujika euskaltegi pribatuen ordezkaria. Jakinarazi zituzten datuen arabera, 1.500irakasle inguru arituko dira lanean HABEren euskaltegietan. Ikasleen profilari dagokionez, iazko datuak kontuan hartuta, ikasleen erdia baino gehiago Bizkaiko euskaltegiren batean ari da ikasten, eta euskara ikasten ari diren lau ikasleetatik ia hiru euskaltegi pribatuetara joaten dira.

Urgellek euskararen normalizazioa «beste fase batean» sartu dela nabarmendu zuen: «Berrogei urteren ondoren, euskaraz jakiteari ez, gehiago erabiltzeari erreparatzen dion aldi batean sartu gara». Berretsi zuen horretan eragitea dela uda aurretik onartutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren xedea. «Akuilu bizia izatea espero dugu. Euskarak gure bihotzean egon behar du, baina are gehiago gure mingainean».

Jaitsiera 2009tik

Azken urteetan ikasleak galtzen joan dira HABEren euskaltegiak. 2009-2010ko ikasturtean 39.727 ikasle zituzten, eta azken ikasturtean, iraileko datuak sartu gabe 35.000 inguru.

Euskaltegietako arduradunek denbora daramate horrekin kezkatuta. Are gehiago Eusko Jaurlaritzak diru sailik gabe utzi zuenean azterketak gainditzeagatik ikasleei laguntzak emateko HABEren funtsa.

Jaurlaritzak aurrekontuen berri eman zutenean izan zuten horren berri euskaltegiek. Ordutik,hainbat eta hainbat aldiz egin diote egoera konpontzeko eskaria HABEri. Besteak beste, euskara ikasteko laguntza bonuak emateko aukera aztertzeko eskatu diote. Ekainaren 7an, gainera, ikasleen ekimenez 10.000 sinadura aurkeztu zituzten HABEren egoitzan, atzera egiteko eskatuz. Testu horretan, besteak beste, euskara ikasteko egin behar duten ahalegina ekarri zuten gogora ikasleek, eta aldarrikatu zuten euskara ikasteak doan izan beharko lukeela.

Baina AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mugjikak BERRIAri jakinarazi dionez, «zoritxarrez» bide laburra izan dute ekimen horiek, eta iaz ikasturtea gainditu ez zuten ikasleek ez dute HABEren laguntza jaso.

HABEko zuzendari Iñaki Uribek ikasleen sinadurak bildu zituenean adierazi zuen, bertan behera utzi baino eten egin zituztela laguntzak. «Gure asmoa azterketa bakarra egitea zen, urrian. Hori horrela izanda, datorren urtera arte ezin genituen laguntzak eman. Azkenean bi egin genituen. Baina ezin ziren aurrekontuak aldatu. Gainera, ikasleen diru laguntzetarako zegoen dirua euskaltegien artean banatu dugu». Hori ukatu egin zuten euskaltegiek.

Euskara gaitasuna aitortzearen inguruko dekretuak ere eragina izango duela nabarmendu du Mujikak. Dekretu horren arabera, D eta B ereduetako ikasleek ez dute euskara maila egiaztatu beharrik izango lanpostu publikoetarako, ikasketa mailaren arabera. Unibertsitateko ikasleek C1 maila izango dute —bigarren hizkuntza eskakizuna, EGA—; Batxilergokoek, B2 —lehen hizkuntza eskakizuna—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.