egunKARIA AUZIA. 4 egun falta dira epaiketarako

Hainbat eta hainbat lagunek 'Egunkaria libre!' aldarrikatu dute gaur hiriburuetan

Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin dituzte bilkurak, 12:00etatik aurrera, Kontseiluak deituta. Abenduaren 19an Bilboko manifestaziora joateko deia egin du Xabier Mendigurenek.

2009ko abenduaren 11
18:18
Entzun
Kontseiluak deituta egin dituzte gaur Egunkaria-ren epaiketaren aurkako eta auzipetuen aldeko elkarretaratzeak. Hain zuzen ere, Donostian, Gasteizen, Bilbon, Baionan eta Iruñean egin dituzte bilkurak, 12:00etatik aurrera, Egunkaria libre! lelopean, eta hainbat eta hainbat lagun elkartu dira.

Donostian, Bulebarrean, ehun lagun inguru bildu dira. Haien artean egon dira, bertzeak bertze, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria eta Xabier Oleaga auzipetuak, Kontseiluaren zuzendaritzako kideak, Jon Abril Aralarko koordinatzaileordea, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria, Ramon Labaien Donostiako alkate ohia, Agustin Rodriguez ezker abertzaleko Donostiako zinegotzi ohia eta Antton Olariaga marrazkilaria.

Abenduaren 19an Egunkaria-ren alde Bilbon eginen den manifestaziora joateko deia egin du Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. "Auzipetuek zintzoki lan egin dute euskararen alde eta ez dute gertatzen ari zaiena merezi", erran du.

Gasteizen, Ama Zuriaren plazan, 60 lagun inguruk egin dute bat elkarretaratzearekin. Haien artean izan dira Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia, Jokin Larrañaga Arabako Foru Aldundiko Euskararen Zerbitzuko arduraduna eta Arabako hiriburuko euskalgintzako hainbat ordezkari.

Bilbon ehun lagunetik goiti bildu dira, Arriaga plazan. Haiean artean egon dira Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen lehendakaria, Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusia, Edurne Brouard Korrikaren arduraduna, Lutxo Egia idazlea, Castillo Suarez idazlea eta Joserra Etxebarria EHUko irakaslea.

Baionan, Herriko etxearen aitzinean, 80 inguru izan dira bildu direnak. Politika, kultura eta lan munduko ordezkari batzuk bertan egon dira; hala-nola: Xabi Larralde Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea, Peio Etxeberri-Aintzart Abertzaleen Batasuneko hautetsia Donibane Lohizunen (Lapurdi), Jakes Bortairu AEK-ko Ipar Euskal Herriko arduraduna eta Abertzaleen Batasuneko kidea, Amaia Fontan LABeko kidea eta Gexan Alfaro idazlea. Frantziako hezkuntzaren erreformaren aurka protestan ari diren 40 bat ikaslek bat egin dute Egunkaria-ren aldeko elkarretaratzearekin.

Iruñean Udaletxe plazan batu dira, ehunen bat lagun. Besteren artean, Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentaria, Iñaki Lasa Kontseiluko kidea, Sagrario Aleman euskaltzaina, Oskar Zapata Topaguneko kidea...

Irailaren bukaeratik astero egin dituzte antzeko elkarretaratzeak, han eta hemen, arlo askotako eragileek deituta.

Asteartean hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Dignidad y Justicia eta AVT dira herri akusazioak.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.