Euskal presoak

Hainbat mobilizazio egingo ditu Sare Herritarrak maiatzaren 14an eta 15ean

Hartu Trena dinamikaren barruan, herriz herri antolatuko dituzte ekitaldiak, preso eta senideen giza eskubideen alde. Bihar lau mendi tontorretan aldarrikatuko dituzte preso eta iheslarien eskubideak.

jarraia121277.jpg
Hodei Iruretagoiena
2016ko apirilaren 2a
11:26
Entzun

Giza eskubideen alde, bakearen eta konponbidearen alde plazak hartzera deitu dituzte herritarrak. Herriz herri eta auzoz auzo "ideologia askotako pertsonak" biltzeko ekitaldiak antolatzen ari da Sare Herritarra maiatzaren 14 eta 15erako. Hartu Trena dinamikaren barruan, asteburu hori "inflexio puntu" izatea nahi dute. Aurrerago zehaztuko dute herri bakoitzean nolako mobilizazioak antolatuko dituen.

"Gaur egungo espetxe politikaren bidez, ehunka senidek milaka kilometro egiten dituzte astebururo, larri gaixo dauden presoek espetxean jarraitzen dute, eta salbuespenezko legeak mantentzen dira, besteak beste, euskal presoak bakartuz", salatu du Sareko Idoia Iberok, Donostiako Zuloaga plazan egindako agerraldian.

Ehunka preso ohik Usurbilen egindako adierazpena ere izan dute hizpide Sarekoek. "Ez zuten legeak barnebiltzen ez duen ezer eskatu. Espainiako Gobernuari eskatzen zaiona da salbuespen legedia bertan behera uzteko". Hala, "Euskal Preso Politikoen Kolektiboak har ditzakeen erabakiak errespetatuz", Sarek ere bat egin du apirilaren 17rako preso ohiek Bilbon deitutako manifestazioarekin. "Gure izenean, giza eskubideak, euskal presoenak barne, urratuak izan ez daitezela argi eta garbi esan ahal izateko" babestu dute deialdia, Iberok azaldu duenez.

Bihar, 'Mendira!'

Bihar lau mendi martxa egingo ditu Sarek, mendiko kirolarien eskutik. "Giza eskubideen aldeko trena tontorreraino eramateko" herritarren inplikazioa "ezinbestekoa" izanik, Hego Euskal Herriko lau tontorretara martxak antolatu dituzte kirol eremuko zenbait lagunek. "Gure konpromisoa serio eta irmo harturik, mendiko kirolariok bat egiten dugu Sarek abian jarritako giza eskubideen aldeko trenarekin: hori dela eta, gure bagoia betetzera goaz". Juanito Oiartzabal, Alberto Zerain eta Pou Anaiek bat egin dute deialdiarekin.

Preso, iheslari eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko, herritarrei mendi martxetara joateko deia egin zuten kirolariek martxoan: "Igo gurekin trenera, gailurrera goaz eta!". Guztiak ordu berean abiatuko dira, 09:30ean:

-Arabatik, Gorbeiara (Murua herritik abiatuta).

-Bizkaitik, Anbotora (Urkiolatik abiatuta).

-Gipuzkoatik, Txindokira (Larraitzetik abiatuta).

-Nafarroatik Beriainera (Arbizutik abiatuta).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.