Txirrita bertsolariak andaluziarra «handikan honuntza» bidali zuen bezala, hemendikan haruntza, alegia, Euskal Herritik eta Espainiatik Panamara iritsi da azpiegitura erraldoietan gainkostu handiak eragiten duen jarduteko ohitura gurean aski zabaldua. Izan ere, azken asteotan hautsak harrotu ditu Sacyr Espainiako enpresak Panamako kanaleko obretan egindako jokaldiak. Obrak eten eta izandako gainkostuari ezin diola aurre egin adierazi du enpresak. Lanak eskaini zizkiotenetik, %66 garestitu du hasierako aurrekontua. Oso zabaldua dago hori gure artean ere. Euskal Herrian azken hamarkadetan egin diren azpiegitura askotan gainkostu onargarriak gainditu dira —Europan, batez beste, %5-10 artekoak izaten dira halako azpiegitura handietan—, alde handiarekin kasu askotan. Hona adibide batzuk.
Urtegiak
Azken urteotan egin diren bi urtegi nagusietan (Esa eta Itoitz) gainkostu itzelak izan dira. Itoizko urtegian, esate baterako,168,58 milioi gastatu zituzten; eskaini zutenean baino %68 gehiago. Are eskandalagarriagoa da Esako urtegia handitzeko proiektuarekin gertatzen ari dena. 2001ean eskaini zituzten urtegia handitzeko lanak, 113 milioi euroan. 2013ko estatuaren aurrekontu orokorren arabera, 376 milioi euro kostatuko da handitzea; alegia, hasieran aurreikusi baino %232 gehiago.
2012an Manuel Arias Cañete Espainiako Ingurumen ministroak adierazi zuen 165,87 milioiren aldea aurkitu zuela Esa handitzeko lanetan. Gogor jardun zuen Cañetek, oso ohikoa izaten delako ur azpiegituretan gainkostuak izatea, eta ohartarazi zuen horrekin bukatzeko konpromisoa duela. Ordutik, baina, askoz okerrera egin du egoerak Esan. Besteak beste, urtegiaren hegaletan topatu duten desegonkortasunari aurre egiteko lanek dezente garestitu dute hasierako aurrekontua, baina ez horrek bakarrik.
Errepideak
Azken hamarkadan hasitako tren lasterraren lanen aurretik, Euskal Herrian egin diren azpiegitura lan handienak errepideak izan dira. Ahalmen handiko bide nagusi gehienak azken 30 urteotan egin dira gurean, eta horietako askotan itzelezko gainkostuak gertatu dira. Irurtzun-Andoain autobideak (A-15) %58ko gainkostua izan zuen, eta zenbait zatitan %196ko gainkostua ere bai. Nafarroako Kontu Ganberak ohartarazi zuen obra horietan jardun ziren hainbat enpresak—Huarte, Hasa, Agroman, Obrascon, Lain, Aldeesa, FOCSA y Cubiertas eta MZOV— dirua eman zietela arduradun politikoei obra horiek egiteko eskaintzak jasotzearen truke; 4,6 milioi euro, hain zuzen ere. Eskandalu horietan nahasita egon zen, besteak beste, Gabriel Urralburu Nafarroako presidente ohia. Hain zuzen ere, kontu ganberak salatu zuen autobiako obren adjudikazioak aldez aurretik lotuta zeudela.
AP-1 errepidean ere (Eibar-Gasteiz) gainkostu handiak salatu ditu EAEko Kontu Auzitegiak, eta Espainiakoak ikerketa bat abian dauka gai horren inguruan. Obrak egin ziren bi herrialdeetan gertatu ziren gainkostu handiak, oso nabarmenak Gipuzkoan. Esate baterako, Eskoriatza-Arrasate zatian %65ko gainkostua gertatu zela ohartarazi zuen kontu auzitegiak. 91 milioi euroan eskaini zioten obra enpresei, eta 151 miloi ordaindu zituzten erakundeek azkenean. Arlaban-Eskoriatza zatian, adibidez, 165,3 milioiko kostuarekin eskaini zuten, eta %56,89ko gainkostuarekin amaitu zuten, 259,9 milioi euroan. Arlabango tunelean anhidrita agertu zen, oso mineral gogorra, eta horrek asko eragin zuen geroko gainkostuan, diputazioak azaldu zuenez.
Hain zuzen ere, Espainiako Kontu Auzitegiak esan zuen ez zela legezkoa Eskoriatza-Arrasate zatiaren kitapenean gertatutako %22ko garestitzea, ez zelako ageri inongo kontratutan. Kitapen hori Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu aldaketa baino lehen onartu zuten, 2011ko udan.
Gipuzkoan egindako beste errepide handi batean ere, Donostiako bigarren ingurabidean, gainkostu handiak izan zirela salatu zuen EAEko Kontu Auzitegiak. Hain zuzen ere, hasieran aurreikusi baino 92 milioi garestiago irten zitzaion foru aldundiari: %35 gehiago. Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernua hartu zuenetik ika-mika handia izan du aurreko gobernuko kudeatzaileekin, errepideetako kudeaketaren harira. Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak salatu du azken hogei urtean egindako errepide proiektuetan hasieran kalkulatu baino 384 milioi euro gehiago gastatu dutela diputazioak eta Bidegik. EAJk salaketa horien oinarri falta eta diputatuaren «zorroztasun falta» salatu du.
Errepide proiektuetan gertatutako gainkostuez ohartarazi du Espainia Europako Auzitegiak berak ere. Gainkostu horiek askotan gertatzeaz gain, onargarria den baino kopuru handiagoetan izaten dira. Besteak beste horregatik, errepideak Espainian—Hego Euskal Herria barne— eraikitzea Alemanian halako bi kostatzen da. Eskulana eta hormigoia, baina, merkeagoak dira Espainian Alemanian baino. Kontu auzitegiak neurriak hartzeko eskatu dio Europako Batzordeari, gainkostuengatik ez ezik, proiektu batzuen «zentzugabeko handikeriagatik» ere.
Bilboko metroa
Euskal Y-aren ostean Euskal Herrian orain arte egindako obrarik garestiena da Bilboko metroa. Hiru mila milioi eurotik gora gastatu dira Bilboko lur azpiko trena egiten. Gainkostuak ohikoak izan dira. Esate baterako, egun egiten ari diren Metroaren hirugarren linean, hasieran kalkulatu baino %85 gehiago gastatuko dute obra egiten duten erakundeek —Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak—. Hasieran aurreikusitako inbertsioa 151 milioikoa bazen ere, 279 milioi gastatuko dituzte guztira. Iaz Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Ana Oregik aitortu zuenez, 208 milioi gastatuak zituzten 2013ra arte; %38 gehiago. Hain zuzen ere, materialaren garestitzea eta Txurdinaga inguruan sortutako «arazo geoteknikoak» aipatu zituen sailburuak beste arrazoi batzuen artean. Legebiltzarreko batzorde batean eman zituen argibideak Oregik iaz. Hirugarren linearen lanak geldirik egon dira finantzaketa faltagatik, eta berriki erakundeek akordio bat lortu dute obrak amaitzeko. 70na milioi jarriko ditu bakoitzak.
AHT
Zenbaterainokoak izango diraAHTaren obra ezberdinen gainkostuak? Erantzunik gabeko galdera da hori gaur-gaurkoz. Obra asko hasi berriak dira; beste batzuk eskaini gabe daude, eta gehienak, bukatu gabe. Beraz, amaitzean jakingo da zenbateko gainkostuak izan diren zati ezberdinetan. Baina argi dago gauza bat: gainkostu nabarmenak izango dira. Esate baterako, aurreko Garraio sailburu sozialista Iñaki Arriolak 2010ean agindu zuen aurreikusi baino 303 milioi euro gehiago gastatuko direla Jaurlaritzak kudeatzen duen Gipuzkoako zatian. Alegia, hasieran 1.642 milioiko aurrekontua egin bazen ere 1.945 milioikoa izango zela gastua; %19 gehiago, alegia. Legediak legezkotzat jotzen du %10 garestitzea. Lau urte pasatu dira, eta pentsatzekoa da gauzak aldatuko zirela. Edonola ere, oraingoz ez dago horren inguruko berririk. Espainiak eraikitzen duen Araba eta Bizkaiko zatiaren inguruko berririk ez dago, oraingoz. Kontuan eduki behar da 4.178 milioikoa zela Euskal Y-aren hasierako aurrekontua, baina iazko abuztuan 4.615 milioi handitu zen, tren lasterra hiriburuetara sartzeko egin beharreko lanak eta geltokiak kontuan hartu gabe.
Hain zuzen ere, 5.500 milioi inguru kostatuko da azpiegitura hori egitea —%30 inguru gehiago—, aurreikuspen gehienen arabera. Berriki BERRIAri emandako elkarrizketa batean, Ana Oregi Jaurlaritzako Herrilan sailburuak esan zuen hasierako kalkulu hori «borondate onez» egin zela, baina «nahiko eskas» geratu dela, «gerora proiektuek erakutsi dutenaren arabera».
Azpiegiturak. Gainkostuak
Haizeak bidali du hemendikan haruntza
Panamako kanaleko obretan gertatutako gainkostua oso ohikoa izan da Euskal Herrian azken urteotan izandako herri lan eta azpiegitura erraldoi gehienetan, urtegiak, errepideak edo trenbideak izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu