Hamabi urteko kartzela ezarri diote gizon bati Nafarroan, alaba bati sexu eraso jarraituak egiteagatik

Aitak «jokabide erasokorrak eta bortitzak» zuen alabarekin. Alabak etxetik alde egin zuen, eta salaketa jarri.

Nafarroako Auzitegia
Nafarroako Auzitegia. IÑAKI PORTO / EFE
jakes goikoetxea
2024ko otsailaren 8a
14:45
Entzun

Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak hamabi urteko kartzela ezarri dio gizon bati, alabari sexu eraso jarraituak egiteagatik —13 urte zituenetik 17 urte egin arte—, eta tratu txarrak emateagatik. Horrez gain, ezingo da alabarengana gerturatu edo harekin harremanetan jarri urtebetean, eta espetxetik ateratakoan zaintzapean egongo da sei urtean. Alabak uko egin zion kalte ordaina jasotzeari.

Familia Estellerrian bizi zen. Sententziaren arabera, alabak 6 urte zituenetik 10 izan arte aitak «jokabide erasokorrak eta bortitzak» zituen alabarekin, bai fisikoak, bai hitzezkoak, behin eta berriro: «Bere [alabaren] osotasun fisikoari kalte egiteko asmoz bultza egiten zion, eta masailekoak eta ostikadak ematen zizkion, adingabearen jokabidea bat ez zetorrenean aitak nahi zuenarekin». 

Aitaren jokabide hori eten egin zen bolada batez, baina areagotu egin zen alabak 13 urte bete zituenean. Iraindu, umiliarazi eta kontrolatu egiten zuen. Ukituak egiten ere hasi zitzaion, indarra baliatuz, ia egunero, ama etxean ez zenean. Aitak berarekin sexu harremanak izan zitzakeen beldurrez, alaba etxetik joan zen 2022an, beste hiri batera, eta aitaren kontrako salaketa jarri. Familiak harekiko harremana eten zuen, gizarte zerbitzuek hartu zuten, eta harrera zentro batean sartu zen.

Sententziaren esanetan, frogatuta geratu da aitak min fisiko eta psikologiko «izugarria» eragin diola alabari, alabak 6 urte zituenetik. Eta familiako elkarbizitza «azpiratzean, beldurrean, indarkeria fisikoan eta psikologikoan eta umiliazioan oinarritu dela». Alaba tratamendu psikologikoa eta psikiatrikoa jasotzen ari da.

Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalaren arabera, alabaren testigantza nahikoa da akusatuaren errugabetasun printzipioa indargabetzeko. Alabaren esanetan, salaketa jarrita, ahizpak babestu nahi zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.