Euskal presoak. Goazen plazara! ekimena

Hamaika plaza bete

Herrira mugimenduaren deiari erantzunez, milaka herritarrek bete dituzte berrehundik gora plaza euskal presoen eskubideen aldeHerri bakoitzak bere ukitua eman dio ekinaldiari; egun osokoak ere egin dituzte

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Plazaren ertz bateko balkoian trikiti alaia. Doinuari jarraituz, «Zer gara gu, nor gara gu, euskotarrak gara gu!», apal-apal abesten hasi dira zenbait, lotsati oraindik. Txalapartaren ttakunak egin du jarraian deia plazatik bertatik, dagoeneko jendez betea dagoen plazatik. Joseba Sarrionandiaren Hitzik gabeko gutuna olerkia irakurri dute. «Zuen askatasuna behar dugu libre gaudenok libre izateko». Bertsolari batek kantatu du zergatik dauden 25 aulki huts plaza erdian. «Falta direnak» direla azaldu du. Geroago askatu dituzten puxika handi bana jarri diote aulki bakoitzari. Ertzainak taldearen 564 taupadaren ohe hutsek areagotu dute aulkiek presoen gertukoenengan sortutako gabezia. «Ehunka ditugu gure herrian, 25 hutsune auzoan», adierazi dute.

Aulki hutsak

Bilboko Zazpikaleetako kasua da, Plaza Berrian salatutakoa. Banan-banan esan dituzte 25 presoen izenak eta etxerako bidea egiteko dituzten ehunka kilometroak, eta txalo zaparrada batekin agurtu dituzte herritarrek. Gaixo dauden arren etxeratzerik ez dutenen egoera salatu dute; Parot doktrina ezarrita, espetxealdia luzatu dietenena; 25 urtetik gora kartzelan daramatenena. Dantzariaren aurreskua jaso dute guztiek, 25 aulki hutsek.

«Argazki jendetsua» egin dute ondoren. Hutsunea eragiten dieten horietako bakoitzari bidaltzeko argazki jendetsua. Eta gehiago izango direla agindu dute. Presoen eskubideen inguruan indarrak biltzen ari direla, eta gehiago bilduko dituztela. Mugituko direla. Herriz herri eta auzoz auzo «dinamika kolosalak» antolatuko dituztela eta lortuko dutela euskal presoen eskubideak errespetatzea. Gaixo daudenak eta zigorra beteta daukatenak askatzea. Guztiak Euskal Herrira ekartzea. Eta, gerora, etxeratzea.

Jai giroan jarraitu dute aldarria ondoren. Zazpikaleetatik triki-poteoan. Barrikotea izan dute ondoren gaztetxean; jana eta edana. Kantua eta musika.

Antzeko ekitaldi asko izan ziren atzo Euskal Herriko berrehundik gora herri eta auzoetan. Antzekoak, baina bereziak guztiak. Hamaika ideia gauzatu, eta plazak bete dituzte milaka herritarrek. Herrira mugimenduaren deiarekin bat eginda, «plazak bete, espetxeak husteko».

Elkarretaratzeak egin dituzte dozenaka eta dozenaka herritan; eguerdi partean gehienak, eta iluntzean beste asko. Ekitaldiak asko izan dira. Jana eta edana, leku gehienetan. Etxetik eramandako mokaduak banatuta, leku batzuetan; plazetan txorizoa egin eta upeletik hartutako sagardoa lagungarri izanda, bestetan; erreki edo paella txapelketak antolatuta, zenbaitetan; eta herri bazkaria eginda, hainbatetan.

Aldarri eguna luzatu, eta bertso zein musika emanaldiak ere ugari izan dira. Dantzaldiak ere bai. «Aurresku herrikoia». Kantaldiak. Umeentzat jokoak prestatu dituzte herri batzuetan. Bizikleta martxak, mendi martxak, krosak eta herri kirolak.

Herri edo hiri batzuetako ekitaldi nagusietara auzoetatik antolatutako zutabeetan joan dira. Bost lekutatik abiatu dituzte zutabeak, esaterako, Ondarroan. Seitan banatuta iritsi dira, Iruñean, Gaztelu plazako ekitaldira.

Uretara ere iritsi da Goazen Plazara ekinaldia. Donibane Garazin errekaren bi aldeetan bildu dira herritarrak, zubian ere bai, baita errekan bertan ere, txalupa eta guzti. Urriaren 13an Baionan egingo den nazio manifestaziorako deia egiteko baliatu dute mobilizazioa. Donibane Lohizunen, hondartzan egin dute ekitaldia, arraunlariek itsasotik babestuta. Lehorrean, presoen aldeko sokatira herritarra egin dute Santurtzin arratsaldean, eta erromeria gau partean.

Askatu berri dituzten presoak

Jendetza bildu da Zarautzen presoen eskubideen alde, eta askatu berri dituzten Aritz Gartxotenea, Aritz Labiano eta Jose Mari Perez Txuri preso ohiei omentzeko baliatu dute aukera herritarrek.

Presoak Euskal Herrira ekartzeko aldarrikatzen duen irudia pertsonekin egin dute Lekeition, Bermeon, Larrabetzun, Barakaldon eta Erandion, besteak beste. Gernikan, Herrira mugimenduarena osatu dute. Donostiko Antigua auzoan, Etxera idatzi dute gorputzak behar bezala multzokatuta. Herrira, Arrigorriagan. Preso eta iheslariak herrira, osatu dute Lesakan herritar bakoitzak hizki bati eutsita. Igorren, Euskal presoak Euskal Herrira. Gainontzeko lekuetan, pankartetan idatzita erakutsi dituzte aldarriak. Eta, plazetatik kanpo ere, herriak presoen eskubideen aldeko txartel eta pankartaz josiak egon dira.

Jendez ez ezik, euriz ere busti ziren plaza gehienak atzo. Hala ere, ekitaldiak ez ziren bertan behera utzi. Aterkipean batzuk eta bustiaz beste batzuk, egin egin zituzten ekitaldiak plazetan. Beste zenbait tokitan ekitaldiak lekuz aldatu, eta frontoi, kiroldegi zein aterpetan egin zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.