Donostiako Doka aretoak hainbat herritar jaso zituen atzo iluntzean, Kontseiluak antolatutako euskaraz bizitzearen aldeko dinamikaren aurkezpena jarraitzeko. Etxe giroan, Kontseiluaren egitasmoa gertutik ezagutzeko parada izan zuten bertaratutakoek.
Propio dinamika berriaren harira egindako bideo emanaldi batekin eman zioten hasiera festari: pertsona bat ageri da Iruñeko kaleetan zehar, Euskaraz bizi nahi dut leloa esku artean duela, herritarren besarkadak jaso eta jaso. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok azaldu zuenez, besarkada horiek herritarren atxikimendu eta esker onaren seinale dira.
Ezagun eta anonimoen testigantzak izan ziren ekitaldiaren ardatz. Bideoan grabatutako adierazpenetan, Zer da zuretzat euskaraz bizitzea? galderari erantzuten diote parte-hartzaile guztiek. Kike Amonarriz da irudietan agertzen lehena, eta haren hitzek bertaratutakoen irribarrea sortu zuten. «Euskaraz bizitzea euskaraz maitasuna egitea da, euskara maitatzea baino», dio. Bestalde, Castillo Suarez idazleak irudietan azaltzen du testuak euskaraz sortzen dituela eta ez dituela gaztelerara itzultzen: «Euskara dut buruan eta bihotzean, eta beraz, baita boligrafoan ere».
Miren Amuriza bertsolariak kantuz adierazi du euskaraz bizitzeko arrazoia: «Denok euskaraz bizita biziko baita euskara». Ma-ddalen Iriarte telebista aurkezleak, aldiz, Euskal Herriak bizi dituen «egun historikoak» ekarriditu gogora bideoan, euskararentzat ere egun historikoak etorriko diren itxaropena azaldu nahi izan du modu horretan.
Harrotasuna hizpide
Bideo emanaldian bildutako testigantzak Dokara bertaratutakoenekin tartekatu ziren atzo. Mikel EHUko medikuntzako ikaslea da. Euskaraz ikasteko hautua egin zuen. «Oharkabean, naturaltasunez». Bilbon ikasi zuen, ordea, zein zaila den euskaraz bizitzea. Bigarren zikloan irakasgaien bi heren gazteleraz ikasi behar dituztela azaldu zuen, eta fakultateko ohikoesapidea ekarri zuen gogora: «Medikuntzaren osasuna ez da ona».
Aritz Larreta Zarauzko (Gipuzkoa) Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kidea da, eta herriko haurrak euskaraz erregistratzeko eskubidea lortu dutela gogoratu zuen. Euskaraz bizi nahi izatearen harrotasuna aipatu zuten gehienek.
www.euskarazbizinahidut.org webgunea izango da Kontseiluaren ekimenaren euskarri nagusia, eta oraindik martxan ez badago ere, webgunearen nondik norakoak azaldu zituzten. Ondoren, Bilbaok eskerrak eman zizkien dinamikan lagundu dutenei. Haren arabera, euskaraz bizitzearen hautuak mugarik ez duela erakusten dute testigantzek, eta ondorioz,ozen aldarrikatu behar da horien mamia: «Euskaraz hizki larriz bizi nahi dugu».
Xabi Solano Esne Beltza taldearen abeslariak eman zion amaiera ekitaldiari, ekimenerako sortutako abestia kantatuz.
Hamaika zio oinarri hartuta
Herritar ezagun eta anonimoen testigantzak izan dira Donostian Doka aretoan dinamika berria aurkezteko egin duten festa giroko ekitaldiaren ardatza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu