Azpiegiturak. Aireportuak

Hamar bidaiaritik batek erabiltzen du Noain, Hondarribia edo Foronda

2007tik, 520.000 bidaiari galduak badituzte Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako aireportuek, ia erdiak; udako hiletan ere behera egin duteLoiukoa nagusitzen ari da: hamar bidaiaritik zazpik baliatzen dute hori; Miarritzekoa, bik

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Aireratu ezinik segitzen dute Noaingo, Hondarribiko eta Forondako aireportuek. Krisialdi ekonomikoarekin batera, bidaiarien ia erdiak galdu dituzte hiru urtean, 2007tik 2010era: guztira, 520.000 pertsona, guztien%45. Aurtengo udako datuak are kaskarragoak dira: aurreko uztailean baino 14.697 bidaiari gutxiago izan dituzte hiru aireportu horiek. Loiuko eta Miarritzeko aireportuek, berriz, gero eta bidaiari gehiago dituzte; aurtengo uztailean iazkoan baino 22.538 pertsona gehiago pasatu dira Loiutik, eta 2.365 Miarritzetik. Hara zein den banaketa Euskal Herrian: hamar hegazkin bidaiaritik zazpik erabiltzen dute Loiuko aireportua, bik Miarritzekoa, eta bakarrak Noaingoa, Hondarribikoa edo Forondakoa.

Bost aireportu 150 kilometroko eremu batean. Hori da Euskal Herriko aire azpiegituren egoera. Peio Lozano, lurralde antolaketan irakaslea: «Erokeria da. Ezinezkoa da eskualde batean bost aireportu edukitzea. Inon ez dago horrelakorik». Datu ekonomikoek ere horixe bera diote: bideraezina dela hainbeste aireportu izatea. Loiuko eta Miarritzeko aireportuak dira galerarik ez duten bakarrak —zenbaki zehatza emateari uko egin dio Miarritzekoak—. Diru zulo handiak sortzen dituzte gainerakoek: iaz, esaterako, Hondarribikoak 4,57 milioi euro galdu zituen, Noaingoak 5,67, eta Forondakoak, 11,12. AENAk zabaldutako datuak dira.

Enpresentzat ez dira erakargarri hiru aireportu horiek: Hondarribitik bost lekutara soilik joan daiteke, Noaindik hirutara, eta Forondan ez dago bidaiarientzako hegaldi erregularrik —martxoan eten zuten Madrilerakoa, bidaiaririk apenas zebilelako—. «Erakundeek utzita dago Hondarribikoa. Bideragarria da. Gipuzkoa atzentzen ari da turisten helmuga gisa», dio Kino Martinezek. Afodesa elkarteko kide da; Gipuzkoako hainbat elkarteek osatzen dute, eta xede du Hondarribiko aireportua sustatzeko akuilu izatea. Haren esanetan, ezinbesteko dira prezio apaleko hegaldiak: «Ezin da ulertu garaiotan halako hegaldirik ez izatea».

Jaurlaritzaren proposamena

Besterik da enpresak nola erakarri. Europako Batasunak jomugan jarriak ditu erakundeek hegazkin konpainiei emandako diru laguntzak, lehiaren aurkakoak direlakoan; horrelako kasuak ikertzen ari da. Hori gogorarazi du Ernesto Gascok, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak: «Zuzenean laguntzak ematea debekatuta dago. Kalte egingo lioke lehiari. Elkar hartuta aritzea da egin dezakeguna, bakoitza bere aldetik jardun gabe». Ez dira gutxi prezio apaleko hegaldiak jartzearen truke enpresei ordaindu dieten erakundeak; Euskal Herrian ere egin izan dute. Martinez: «Nik ez dakit nola, baina egiten dute beste leku batzuetan. Legeak galaraziko du, baina eraren bat aurkitu dute, publizitatea edo».

Joera zein den ikusita, aireportuak antolatzeko beste era bat jartzea proposatu du Jaurlaritzak: Loiu izatea gune nagusia, eta Foronda eta Hondarribia, haren osagarriak. «Loiuko aireportua buru izatearen aldeko apustu estrategikoa egin behar dugu, hura izan dadin bidaiarien sargune nagusia. Beste biek osagarri izan behar dute: Forondakoak garrantzi handia du merkantzien garraioan, eta Hondarribikoak osatu beharko luke Loiuko eta Miarritzeko aireportuetako eskaintza».

Gaur egun ere antzera gertatzen da. Hondarribian 1.500 kilometrora arteko hegaldiak jarri nahi dituzte; halatsukoak daude gaur egun. Forondan merkantziak dira nagusi; Loiun halako hamar tona pasatzen dira handik. Azken urteetako gorabeheren ondotik, suspertzen hasia da.

Lozanok azaldu du aireportuek jotzen dutela nolabait espezializatzera: bidaiariekin aritzen dira batzuk gehiago —Loiu eta Miarritze—, eta besteak, merkantziekin —Foronda—. Ordea, uste du ez dela egokia Jaurlaritzak plazaratu duen eskaintza: «Gaurko ogia eta biharko gosea litzateke hori. Aireportu batek irabaziak baditu eta egoki ari bada lanean, ez du zentzu handirik beste biak horren inguruan antolatzeak».

Afodesako kideak dio ez dutela zalantzan jartzen Loiuren nagusitasuna, baina ohartarazi du gainerako aireportuek ere badutela zeresana: «Bidaiarien banaketak zerikusi handiagoa izan behar du herrialde bakoitzeko errealitatearekin; ezin daiteke Loiuk hartzea hegaldien %95». Bizkaitik kanpoko enpresek eta pertsonek aukera berak behar dituztela adierazi du.

Gascok nabarmendu du eredu horrek ez duela aireportu bat besteen gainetik jarriko: «Osagarriak izango dira. Elkarrengandik hurbil daude aireportuak, eta eskaintza osatu behar dute. Frantzian eredu hori erabiltzen dute». Hegaldien arteko loturak indartu behar direla esan du. «Interesgarriak badira, bizkaitarrak etorriko dira Hondarribira, gipuzkoarrak Loiura joaten diren bezala». Eta oharra egin du: Jaurlaritzak ez du eskumenik aireko garraioari dagokionez. AENAri eta beste erakundeei aurkeztu die proposamena, eta, Gascoren arabera, baikor hartu dute eredu hori jartzea.

Handitu eta zabaldu

Datuak eta ereduak gorabehera, handitzeko planek ez dute etenik aireportuetan. Hondarribikoak sortu du zalaparta handiena: pista luzatu nahi dute. Ezinbestekoa da, Martinezen eta Gascoren irudiko. «Ez da handitzea; egokitzea da, segurtasun neurriak betetzeko. 150 metro eskaseko lana da», dio sailburuordeak. Afodesako kideak uste du ez dagoela arrazoirik aireportua auzitan jartzeko: «Guri ez zaigu zentimo bat ere kostatzen; AENArena da azpiegitura, eta hark pagatzen du. Eta aberastasuna dakar». Bat dator Gasco ere: «Aberastasun iturri dira aireportuak, eta sustatu behar dira».

Lozanok, ordea, uste du badela garaia gauzak aldatzeko: «Ez du merezi Hondarribiko aireportuarekin aurrera jarraitzea. Itxi, eta ekologikoki berreskuratu behar da inguru hori. Irabazi ekonomikoak izango genituzke azkenean». Azpiegiturei buruzko usteak aldatu beharra nabarmendu du: «Bukatu da trafiko gehiago dagoelako azpiegitura gehiago eraikitzea. Noraino iritsi pentsatu behar dugu. Azpiegiturak ez daude arriskuan, lurraldea bera baizik».

Urruti dirudi gogoeta horrek. Loiuko aireportua handitzeko beste plan bat dute esku artean. Eta hori, AHTa ezartzearekin batera. Gascok aitortu du gauzak aldatuko dituela horrek: «Unea heltzean aztertu beharko da, eta hegaldiak berriz antolatu». Martinezek ziurtatu du beharrezko izaten jarraituko dutela aireportuek: «Tren lasterra ez duten guneetarako ere behar ditugu loturak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.