Bukatzear dira sanferminak, eta Euskal Herriko jai ezagunenak diren arren, ez dira, inolaz ere, ezagutzea merezi duten bakarrak. Uda honetan beste jai-giro batzuk ezagutu nahi dituen ororentzat, hona hemen adin guztietarako hamar proposamen:
Santurtziko Amaren itsas prozesioa (Bizkaia)
Santurtzin karmengo jaiak ospatzen dituzte, uztail erdialdean, eta hilaren 16an dute hitzordu nagusia. Egun horretan, herriaren ezaugarri garrantzitsuenetariko bihurtu den itsas prozesioa egiten dute. Udaleko eta elizako agintariekin batera, sardineren alaba eta ilobek, dantzariek eta txistulari eta musika bandek laguntzen dute Karmengo Amaren imajina San Jurgi elizatik portura; bertan, ontzi batean sartzen dute. Beste hainbat ontzik egiten dute bidaia, harekin, Abra ibaian zehar. Ondoren, lore eskaintza bat egiten dute, arrantzan hildako arrantzaleen omenez. Behin lehorrean, emakumeak omentzeko dantza egiten dute, haien ordezkari Santurtziko sardinerak direla.
Prozesio tradizionalaz gain, askotariko ekintzak antolatzen dituzte Santurtziko jaietan, eta ekintza horiek parte hartzaileak izan daitezen saiatzen dira. Bazkariak, koadrilen jaitsiera, kukaina, haurrentzako ekintzak, kontzertuak... Adin tarte guztietako jendeak aurki dezake Santurtzin bere gustuko izango den planen bat; aukera paregabea izan daiteke arrantza tradizio handia duen Bizkaiko ezkerraldeko herri hau ezagutzeko.
Baztandarren Biltzarra (Nafarroa)
Aurten, uztailaren 16an, beste hitzordu bat ere bada: Baztandarren Biltzarra. Urtero, ibarra osatzen duten hamabost herrietako biztanleak bildu eta jai ikusgarria egiten dute. Hamabost horietako bakoitzak karroza bat egin eta Elizondoko kaleetan zehar egiten dute desfilea. Ondoren, mutil-dantza egiten da udaletxe plazan, eta txistuaren doinuaz lagunduta, gero eta dantzari gehiago sartzen dira melodiak aurrera egin ahala. Jatorrian gizonek bakarrik egiten zuten mutil-dantza, eta izan dira istiluak emakumeen parte hartzearen inguruan. Hala ere, emakumeek parte hartu zuten lehen aldia 1980. urtean izan zen.
Gainera, Pedro Axular kalean artisautza eta bertako produktuak ikusteko eta erosteko postuak jartzen dituzte. Goiza amaitzeko, herri bazkaria egiten dute Merkatu plazan. Arratsaldean, kontzertuak eta dantzaldia izaten dira. Baztango herritarrak biltzen dituen jai esanguratsuena da Baztandarren Biltzarra.
Izaroko teila (Bizkaia)
Bermeo, Mundaka eta Elantxobek, Busturialdeako hiru herrik, Madalena jaiak ospatzen dituzte. Milaka pertsona arrantzalez jantzita ateratzen da kalera festan parte hartzera.
Uztailaren 22an, Madalena egunean, Bermeok eta Mundakak Izaro irlaren jabegoa finkatzeko egin zuten lehia gogoratzen dute. Bi herriek auzi bat zuten, batzuek zein besteek Izaro irla eurena zela ziotelako, eta estropada baten bidez konpontzea erabaki zuten. Proba uztailaren 22an egin zen, Elantxobeko herria epaile zela. Bermeoko traineruak irabazi zuen, eta ordutik Madalena eguna ospatzen dute Bermeon, Elantxoben eta Mundakan. Egun horretan, Bermeoko Udaleko ordezkaritza Izaro irlara joaten da, eta teila bat botatzen dute itsasora, irlaren jabegoa berresteko, honako hitz hauek esanez: “Honaino heltzen dira Bermeoko itxuginak”. Ondoren, Elantxobera eta Mundakara joaten dira, eta arratsaldean itzultzen dira Bermeora. Herrian, txarangaren laguntzaz egiten diete harrera herritarrek. Ohitura bitxi hori aitzakia polita da Bizkaiko kostaldeko herri horietako edozeinetara hurbildu eta bertako giroaz gozatzeko.
Blusa eta Nesken eguna Gasteizen (Araba)
Andra Maria Zuriaren jaiak hasi aurretik, uztailaren 25ean, Blusa eta Nesken eguna ospatzen dute Gasteizen. Egun horretan, blusa eta neska koadrilek lehen joan-etorria egiten dute zezenketetara, haien jantzi tradizionalak jantzita. Programatutako ekintzen artean, koadrila arteko ardo-kupel lasterketa dago, 09.30etan; horrez gain, azokak, herri kirolak, musika, dantza merkatua...
Gasteizko hiria jai giroan pixkanaka sartzen hasten da Blusa eta Nesken egunean, eta gazteen artean arrakasta handia duen Joselu Anaiak taldearen kontzertua izan ohi da bezperako parrandarako hitzordu nagusia.
Pastorala (Zuberoa)
Zuberoako herri antzerki hau, hasieratik amaierara, bertsoz egiten da, zubereraz. Garai baten beste era batekoak baziren ere, gaur egun agerkizun hauetan batez ere Euskal Herriari lotuta dauden pertsonaia eta gertaera historikoen berri ematen da; baina beti ere gai nagusia ongiaren eta gaizkiaren arteko amaigabeko borroka da, azkenean beti ongiak irabazten duena.
Aldiro, uda partean, herri batek hartzen du pastorala eratzeko ardura. 2017an, Altzai eta Lakarri izango dira. Uztailaren 30ean eta abuztuaren 6an, bertako herritarrek Joanikot pastorala antzeztuko dute, Joana Etxartek idatzia, Nafarroak bere independentzia galdu eta berreskuratu nahiari buruzkoa. Euskal kultura eta tradizioko elementu ezaguna izan arren, ez dira asko pastorala zuzenean gozatu duten euskal herritarrak. Zuberoako herri txikien ezagutzeko aukera paregabea.
Festilasai (Lapurdi)
Aurten, abuztuaren 4, 5 eta 6an, Festilasai jaialdia egingo dute Miarritzen. Musika, skatea eta arte garaikidea nahasten dituen festibal honek hamabigarren aldia du aurten. Mizanbu Gaztetxeak eta Miarritzeko Skate Parkak sortu zuten. Euskal Herriko produktuen bitartez, tokiko kulturaren garapena, bai eta euskararen sustatzea nahi dituzte bermatu, ekitaldi guztian zehar komunikazio elebiduna eskainiz. Kartelari dagokionean, Euskal Herriko, Frantziako edo nazioarteko musika, skate eta artearen inguruko artisten nahasketa aurki daiteke. Ez du zerikusirik EHZ festibalarekin, baina beste aukera bat da abuztuaren hasierarako.
Erriberriko Erdi Aroko festak (Nafarroa)
Urtero, uda sasoian, Erdi Aroko festak ospatzen dituzte Erriberrin. Herria estandarte, ezkutu eta intsigniaz apaintzen dute, eta denboran 600 urteko jauzia egiten du.
Aurten abuztuaren 12 eta 13an ospatuko diren festa hauetan, hainbat ekitaldi interesgarri antolatzen dituzte: Erdi Aroko janari dastaketa, bisita antzeztuak errege jauregira, hitzaldiak, antzezlanak... Erdi Aroko azoka bat ere prestatzen dute. Historia gustuko duten horiek ezin dute aukera galdu uda honetan Erriberrira eta bere gaztelu ederrera joateko.
Laudioko sanrokeak (Araba)
Bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo, Laudioko San Roke jaiek badute nolabaiteko ospea, Arabako herrian abuztu bukaeran sortzen den giro aparta dela eta. Aurten, abuztuaren 15, 16 eta 17an hasiko dira, egun batzuetako atsedena hartu, eta hilaren 23, 24, 25, 26 eta 27an jarraituko dute. Egun horietan zehar, askotariko ekintzak antolatzen dituzte, adin guztietako jendeentzat: herri bazkariak, gosariak, lehiaketak, erraldoi eta buruhandiak, dantza-saioak, erromeriak...
Familiarekin, lagunekin edo bakoitzak nahi duenarekin gozatzekoak dira Laudioko jaiak; gainera, egun asko luzatzen direnez, erraza da Araba aldera txango bat egiteko tarteren bat topatzea.
Hernioko erromeria (Gipuzkoa)
Iraileko igande guztietan, erromeria egiten dute Hernioko Zelatun muinoan duela aspalditik, trikitilari eta pandero-joleek giroa alaitzen dutela. Bordako taberna irekita egoten da, eta ez du bezerorik falta izaten. Tradizioa da zinta zuri, gorri eta berdeak eramatea, Francoren garaitik, aldarrikapen moduan. Musika hasi bezain laster, dozenaka lagun hasten dira arin-arinak, fandangoak eta beste dantzatzen. Gainera, mendi tontorrean, hainbat gurutze eta kalbario bat daude; tradizioaren arabera, kalbario hori egiten duen oro libre geratuko da gaixotasunetik.
Herniora igotzeko hainbat bide har daitezke: Alkizatik hasita, Errezildik edo Asteasutik. Errazena, erromeriara joateko, Asteasutik abiatzea da. Giro ederra sortzen da erromerian, eta aukera ederra da mendia maite dutenentzat.
Cortesko makil-dantza (Nafarroa)
Hona hemen uda Erriberan bukatzeko proposamen bat. Cortesko makil-dantza Nafarroan egiten den makil-dantzarik ospetsuena da. XIX. mendean du jatorria, eta irailaren 29an egiten da. Egun horretan, dantzariak herriko kaleetan zehar ibiltzen dira makilak musikaren erritmoan jotzen. Dantza sorta benetan ikusgarria da.
Arratsaldean, antzezpena egin ohi dute (Los Dichos y los Diálogos). Makilak dituztenek dantzak egiten dituzte, eta Mayoralak, Rabadanak, Aingeruak eta Deabruak, bertsoak. Dichos izenekoak ongiari eta gaizkiari buruzkoak dira; Diálogos izenekoek, aldiz, Cortesen urtean zehar gertatutako pasadizoak kontatzen dituzte era umoretsuan. Cortesera egun pasa joatea izan daiteke uda dantzaz eta umorez bukatzeko aukera ederra.