ETAk kaleratutako agiriaren ondotik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eta Ekinen kontrako polizia operazioak agindu ditu aldi berean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaile instruktoreak. Atzo, operazio banatan, Guardia Zibilak sei herritar atxilotu zituen Ekineko kide izatea egotzita, eta Espainiako Poliziak Apurtu.org webguneko lau lagun atzeman zituen, «Askatasuneko propaganda egiturako kide» izatea egotzita. Guardia Zibilak Iruñean Xavier Beortegi eta Gorka Mayo atxilotu zituen; Barañainen, Iñigo Gonzalez; Burlatan, Iker Moreno —Txelui Morenoren semea—; Zizurren, Gorka Zabala; eta, Etxarri Aranatzen, Patxi Arratibel. Espainiako Poliziak, berriz, Iruñeko Alde Zaharrean Miguel Angel Llamas Pitu atzeman du; Eguesibarren, Edurne Sauzo; Azotzen, Oihana Odria; eta, Gasteizen, Koldo Garcia. Guztiei ere inkomunikazioa ezarri die, eta oso kezkaturik daude nola ote dauden.
Azpimarragarria da bederatzi atxiloketa Nafarroan egin izana, eta Gasteizen atxilotuak, Koldo Garciak, Iruñean etxea izatea. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, atxilotu guztien eta «kasu askotan euren gurasoen etxeetan» miaketak egin zituzten, eta Iruñerriko hainbat gune ere arakatu zituzten segurtasun indarrek: hala nola Karrikaluze elkartea Atarrabian, Berdintasuna elkartea Uharten, Zizurreko Garrazta elkartea, Iruñeko alde zaharreko Herriko Taberna eta Nabarreria kalean herri mugimenduak erabiltzen duen egoitza bat.
Operazioa astearte gaueko 02:20an hasi zen. Ordu horretan, Zizurko Gorka Zabala atxilotu zuten Guardia Zibilek. Zizurko Gazte Asanbladaren webgunean jakinarazi dutenez, hiru orduz miatu zuten etxea, eta handik bere ordenagailua eta bikotekidearen argazki kamerak, sakelakoak eta euskarri informatikoak —DVD eta usb-ak— eraman zituzten. Berokia hartzera zihoala, guardia zibilek esan zioten ez hartzeko: «Ez duzu beharko, ez pentsa kaletik ibiltzen utziko zaitugula».
Zizurko Garrazta elkarteko sotoko atea hautsi egin zuten, eta, handik, ordenagailu bateko disko gogorra hartzeaz gain, Gernikako akordioaren hamarnaka kopia eta greba orokorrerako hainbat itsasgarri eraman zituzten. Elkartetik ateratzean, 08:30 aldera, hogei bat herritar inguruk «eutsi gogor» eta «maite zaitugu» animo oihuak igorri dizkiote Zabalari.
Burlata, poliziek hartua
Iker Morenoren atxiloketa ere antzekoa izan zen. Hamarnaka guardia zibilek parte hartu zuten 24 urteko gaztearen atxiloketan. Burlatherria Burlatako ezker abertzalearen webgunearen arabera, 02:30ean, Guardia Zibilaren hamabi patrol eta poliziaz betetako autobus batek Burlatako kale Nagusia erabat hartu zuten, eta Txelui Morenoren etxera jo zuten zuzenean. Iker semea ez zegoen han, eta Atarrabiara jo zuten lehengusu baten etxera, haren bila. Pistola eskuetan, etxean ziren lau lagunak eskaileratara atera zituzten, eta idazkari judizialak Iker Morenori atxilotua zegoela jakinarazi zion.
Atarrabiako etxea miatu ostean, Burlatara itzuli ziren guardia zibilak. Han, gurasoak eta anaia etxetik aterarazi zituzten, eta agindu judizialik gabe etxean sartu ziren. Senideek armairu eta ate kolpeak entzun zituzten, eta idazkari judiziala iritsi zenean, euren kexa azaldu zioten, baina idazkariak ez zuen salaketa aintzat hartu. Etxebizitza zigilatu zuten, eta Iker Morenoren Uharteko etxea eta herriko Berdintasuna elkartea miatu zituzten.
Miaketok bukatuta, hirugarren aldiz, Txelui Morenoren etxera itzuli ziren 09:00 igarota. Guardia zibil pila bat zegoen Burlatako kale Nagusian. Hala ere, herritar ugari bertaratu ziren elkartasuna eta animoak adieraztera. Iker Moreno etxetik ateratzean, giroa berotu egin zen, eta une hunkigarriak izan ziren. Animo anitz helarazi zizkioten herritarrek gazteari. Horien artean, amak: «Iker, indartsu gaude. Animo, Iker, animo». Guardia zibilek alde egindakoan, Txelui Morenok etxea hankaz gora topatu zuen, eta komunikabideei jakinarazi zien poliziek etxetik hartutako dokumentu gehienak bereak zirela.
Nabarmentzeko modukoa da Gorka Mayo atxilotuen artean izatea ere. Jendearentzat hain ezaguna izan ez arren, azken astetan, Txelui Morenorekin batera egin du lan Nafarroan hauteskundeei begira ezkerreko indar abertzaleen elkarlan akordioa lortzeko. Hala EArekin nola Aralarrekin izandako bileratan parte hartu du ezker abertzaleko ordezkari gisa. Urtarrilaren 8an prentsaurrekoa eman zuen, negoziazioen aurrean Aralarrek emandako ezezkoari ezker abertzalearen irakurketa egiteko, eta azalpenak euskaraz ematea egokitu zitzaion. Txelui Morenorekin batera, gainera, iritzi artikuluak idatzi ditu gaiari buruz.
Iraileko operazioa
Atzoko operazioak irailean izandakoarekin antzekotasunak ditu. Irailean, bederatzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta Espainiako Barne Ministerioak ohar bidez azaldu zuen «Ekinen buruzagitza desegina» zegoela. Alabaina, orduan, atxiloketa gehiago etor zitezkezkeela eta operazioa irekita zegoela iradoki zuen gobernuak. Operazio hura ETAk «ekintza armatuetan etena» iragarri eta bederatzi egunera egin zuten. Oraingoa ETAk su-eten iraunkorra eta orokorra adierazi eta zortzi egunetara etorri da.
Atxilotuak inkomunikatuta daudela eta, AAMk kezka azaldu du haiek torturatzeko arrisku handia dagoelako. Gogora ekarri dute iazko 63 tortura salaketek kezka areagotu egiten dutela.
Atxilotuen herrietan mobilizazioak egin ziren atzo, elkartasuna azaltzeko. Etxarri Aranatzen, esate baterako, 350 herritar elkarretaratu ziren, atxilotuak aske utz ditzaten eskatzeko.
Hamar lagun atxilotu dituzte Araban eta Nafarroan bi polizia operaziotan
Guardia Zibilak sei herritar atzeman ditu Ekineko kide izatea egotzita, eta Poliziak beste lau Askatasuneko kide izatea egotzitaTxelui Morenorekin batera Aralar eta EAren bileratan izan den Gorka Mayo atxilotu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu