SARE SOZIALAK

Hamar urte txioka

Hamarkada bat bete du Twitterrek. Komunikaziorako ezinbesteko tresna izanagatik, zalantza ugari daude Twitterren iraupenaren inguruan.

2016ko martxoaren 21a
13:33
Entzun

140 karakteretan ezer idatz zitekeenik dudan jarri hasieran, eta Twitter gabeko bizitza ezin irudikatu gero. Ziur aski, hori izan da sare sozialaren erabiltzaile askok azken hamarkadan eginiko bilakaera. Gaur dira hamar urte Twitter sare soziala sortu zenetik, eta ukaezina da komunikazio arauak, irakurketa ohiturak eta baita eztabaida moldeak ere aldatu dituela nolabait; etorkizuna, ordea, ez du hain argia.

Ekonomikoki larri dabil Twitter; akzioen balioa asko murriztu da, eta erabiltzaile kopurua ez da lehen bezain azkar hazten ari. 2015eko azken hiruhilekoan, 320 milioi erabiltzaile zituen, %9 hazita. 2014ko lehen hiruhilekoan, ordea, %25 hazi zen erabiltzaile kopurua. 2013an burtsaratu zen enpresa, akzio bakoitzari 26 dolarreko balioa emanda; gaur egun, ordea, 16 dolar balio du akzio batek. 521 milioi dolar galdu zituen iaz, eta norabidea aldatu ezean, etorkizun iluna du Twitterrek.

Hamar urteon errepasoa egin du sare sozialak berak bideo batean. Eguna oroitzeko, #LoveTwitter traola sortu dute.

Euskara ez dago sare sozial horretatik aparte. Umapen datuen arabera, euskarazko 8.404 erabiltzaile daude Twitterren, eta 394.223 txio idatzi dira azken hilean euskaraz. Gainera, kazetaritzak pisu nabarmena du euskal txiolarien artean; Umapen rankingeko lehen hamar postuetatik zortzi dira kazetariak.

Jarraitzaile gehien dituen kontua, ordea, ez dago kazetaritzari lotua; soilik euskaraz idazten dutenen artean, Athleticen kontuak du jarraitzaile gehien (45.023), eta bigarrena BERRIArena da (42.117).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.