Hamar urtean %77 handitu da bakarrik bizi direnen kopurua

Euskal Herriko oinarrizko estatistikak liburu batean bildu ditu Aztiker ikerguneak, Udalbiltzaren ekimenez

jakes goikoetxea
2006ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Aztiker ikerguneak argazkia atera dio Euskal Herriari. Administrazioek eta estatistika erakundeek zatikatutako errealitatearen oinarrizko datuak jaso, aztertu, parekatu eta Euskal Herria datuen talaiatik 2006 liburuan bildu ditu. Liburua 2002ko abenduan kaleratutakoaren jarraipena da. Proiektua ezker abertzaleko hautetsiek kudeatutako Udalbiltzak sustatu du, etaGaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokia) eta Nazio Garapenerako Biltzarra izan ditu bidelagun. Txalapartak argitaratuko du. Hona hemen liburuan jasotako zenbait datu eta gogoeta:

DEMOGRAFIA

Europako Batasuneko herririk zaharrena
Dentsitatea:Euskal Herrian 142, 8 biztanle bizi dira kilometro koadroko batez beste, munduan (47,0) eta Europako Batasunean (117,8) baino gehiago. Herritarren banaketa oso desorekatua da: biztanleen erdiak hamabost udalerritan bizi dira (herena Bilbo Handian).

Biztanleria: Euskal Herriko biztanleria hirukoiztu egin da azken 125 urteetan: 1877ko ia milioi bateko biztanleriatik ia hiru milioira pasa da. Nafarroa Beherean eta Zuberoan duela mende bat baino herritar gutxiago bizi dira egun; Bizkaiak, aldiz, 1877. urtean baino sei aldiz biztanle gehiago zituen 2001ean.Jaiotzak: Jaiotze tasa (mila biztanleko jaiotako haurrak) apala da oraindik: 9,8koa izan zen 2004an (8,1ekoa 1990-2000 hamarkadan ), baina jada ez da Europako apalena: Alemania (8,5).

Berezko hazkundea: 2000tik aurrera gehiago dira jaiotakoak hildakoak baino.

Adina eta sexua: «Euskal Herria da Europako Batasuneko herririk zaharrena». Aldaketa nabarmena gertatu da azken 25 urteetan: 65 urte edo gehiagoko herritarren kopuruak (%18,3) aise gainditzen du 15 urte baino gutxiagokoen kopurua (%12,5 besterik ez). Zahartze indizea kalkulatuz gero (60 urtetik gorakoen kopurua zati 20 urte baino gutxiago dituztenen kopurua), Euskal Herriko zahartze indizea (130,0) Europako Batasuneko (EB) estatu guztietakoa baino handiagoa da: Espainia (102,7), Frantzia (81,1), Irlanda (50,4)...

Migrazio saldoak: Liburuaren egileek nabarmendu dutenez, «ezinezkoa da gaur egun Euskal Herrirako migrazio mugimenduen estatistika egokirik osatzea». Beraiek egindako kalkuluen arabera, 1962-1975 bitartean ia hirurehun mila lagun gehiago izan ziren Euskal Herrira etorritakoak bertatik kanpora joandakoak baino. 1975-1990 bitartean joera aldatu egin zen, eta etorritakoak baino ia 120.000 lagun gehiago izan ziren joandakoak. Etorkin uholdeen adibide batzuk: Ermuan, 60-64 urte bitartean dituztenen %83,2 etorkinak dira; %74,6 Barakaldon; %74,1 Sestaon; %65,7 Lasarte-Orian, eta %58,3 Bilbon.

BIZIKIDETZA ETA FAMILIA
Guraso bakarreko familiak guztien %15,4 dira
Etxeak: Euskal Herrian, batez beste, 2,8 lagun bizi dira etxeetan. 1991-2001 artean %41,2 jaitsi zen bost pertsonaz edo gehiagoz osatutako etxeetan bizi zen lagunen kopurua.

Bakarrik: 2001eko zentsuetako datuetan oinarrituta, 220.360 lagun bakarrik bizi dira, 15 urtetik gorako biztanleriaren %8,7. Bakarrik bizi diren bost pertsonatik hiru emakumeak dira eta erdiek 60 urte baino gehiago dituzte. Hamar emakumetik bat bakarrik bizi da.1991. urtean 124.009 lagun bizi ziren bakarrik; hamar urte geroago, berriz, 220.360 dira. Hamar urtean %77,7 handitu da bakarrik bizi diren pertsonen kopurua. Etxe bakoitzean bizi den jende kopuruaren bilakaera aztertuz gero, bakarrik bizi direnen multzoa handitu da gehien. Hala ere, Euskal Herrian EBko herrialde gehienetan baino jende gutxiago bizi da bakarrik.

Familia motak: Guraso bakarrez zein bikoteez osatutako familien artean, ia erdiak dira (%47,3) 24 urte baino gutxiagoko seme-alabarik gabe bizi direnak. Seme-alabekin bizi direnen artean hamarretik bakarrak ere ez ditu hiru seme-alaba edo gehiago.

Guraso bakarreko familiak: Euskal Herriko familia guztien %15,4 (122.436) guraso bakarrekoak dira. Guraso bakarreko bost familiatik lautan emakumea da buru (%81,0). Guraso bakarreko familiak igo dira gehien 1991-2001 artean: 91.592 izatetik (familia guztien %12,1), 122.972 izatera igaro dira (%15,4).Egileek nabarmendu dutenez, hainbat faktorek eragin dute familiaren bilakaera hori: «Bikoteen eraketa berantiarrak, ugalkortasun apalak eta zahartze prozesuak. Baita familien egituran eta familia barruko harremanetan izandako aldaketek ere. Familia nuklearra zeukan nagusitasuna galtzen ari da».

EKONOMIA
Bost etxebizitzatik bat hutsik dago
Sektoreak: Bost langiletik hiruk (%61,6) zerbitzuetan lan egiten dute, herenak baino gehiagok industrian (%35,4) eta %3k bakarrik nekazaritzan eta arrantzan.

Etxeko lanak: Liburuaren egileek zehaztapen garrantzitsua egin dute. Datu nagusiek ez dituzte aintzat hartzen etxeko lanetan eta mendekotasunen bat dutenak zaintzen aritzen diren langileak. 2001eko erroldako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 320.845 lagunen zeregin nagusia ordainsaririk gabeko etxeko lanetan aritzea zen. Lan horietan aritzen diren ia denak (%98,4) emakumeak dira.Eustatek 1998an egindako ikerketa baten arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordaintzen ez ziren etxeko lanek Barne Produktu Gordinaren %40a eragin zuten, 13.000 milioi euro baino gehiago.

Emakumeak: Emakumeen %82,7k zerbitzuetan lan egiten dute.

Etxebizitza: 1950-2001 artean biztanleria ia bikoiztu egin da; etxebizitzen kopurua, berriz, ia laukoiztu. Liburuan nabarmendu dutenez, gutxi gorabehera bost etxebizitzatik bat (%19,7) hutsik dago Euskal Herrian, etxebizitza premia handia den arren: «150.000 etxebizitza baino dezente gehiago beharko lirateke euskal herritarren etxebizitza premiari aurre egiteko, eta bitartean, milioi laurden bat etxebizitza hutsik daude».Hamar etxebizitzatik bakarra dago alokairuan. Lapurdin etxeen %40 dira, baina Araban eta Bizkaian %7 ere ez dira.

EUSKARA ETA HEZKUNTZA
«Kontraesanak eta hutsuneak» datuetan
Neurketa: Liburuan euskarari buruzko datuak eman dituzte, baina euskarari buruzko estatistiketan «kontraesan eta hutsune handiak» daudela ohartarazi dute. Adibide bat: EAEko 15 urtetik gorako euskal hiztunak 352.000 inguru gehiago dira Espainiako Estatistika Erakundearen (INE) datuetan Eustatenetan edo Inkesta Soziolinguistikoan baino; erdal hiztunak, berriz, askoz gehiago dira Inkesta Soziolinguistikoan: INErenak baino 220.000 gehiago eta Eustatenak baino 190.000 gehiago.

Ezagutza: 2001ean bi urte baino gehiagoko herritarren %27,6k zekiten euskaraz, Euskararen Datu Basearen arabera.

Hezkuntza: 18 urte bitarteko bost ikasletik bik (%40,1) D ereduan ikasten dute. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ikasleen %16,4k ez dute ikasgai bakar bat ere euskaraz; unibertsitatean, berriz, %74,3k.

Etorkizuna: «Hizkuntza bat biziberritzea posible da, baldin eta hizkuntza politika egoki bat sustatzen bada», diote liburuaren egileek. Hebraiera jarri dute adibidetzat. «Euskarak, ordea, ez du egun hizkuntza politika bateraturik, ez aitortza bateraturik, ez irakaskuntza sare bateraturikÉ Baditu, ordea, euskal gizartearen gehiengoaren babesa eta euskalgintzan lanean diharduten milaka lagunen ekimena».

Eskolatzea: 15 eta 24 urte bitarteko gazte gehienak (%59,1) ikasten ari dira. Euskal Herriak duen gazteen eskolatze tasa, EBko batez bestekoa baino handiagoa ez ezik, munduko handienetarikoa ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.