Sudupe, Gonzalez Txabarri eta Markel Olano inaugurazio ekitaldian izan ziren atzo. Horiekin batera izan ziren ere Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua, Arabako Aldundiko Garraio diputatu Luis Zarrabeitia eta Arrasateko alkate Ino Galparsoro.
«Gipuzkoan inoiz egin den obra publikorik handiena da gaur zabaldu dugun autobidea», nabarmendu zuen Olanok inaugurazio ekitaldian. Azpiegituraren garrantzia hiru ideiatan laburbildu zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Esan zuen une garrantzitsua dela errepide sare sendoa izateko ahalegina egiten ari baita Gipuzkoako Aldundia. «Gipuzkoako biribilgunea erronka handia da, eta azpiegitura nabarmenena AP-1 da». Azpimarratu zuen Gipuzkoako herrien artean komunikatzeko balio izateaz gain, errepidea inguruko lurraldeekin komunikatzeko tresna ere badela.
Gipuzkoako biribilgunea delako egitasmoaren barruan, datozen hilabeteetan pauso gehiago emango dituztela iragarri du Olanok. «A-8ko hirugarren bidea hilabete gutxian egongo da, Urumeako autobidea, Donostiako bigarren ingurabidea...».
Azpiegitura horiek guztiak Gipuzkoaren «etorkizuneko oinarriak» ezartzeko baliogarriak izango direla adierazi zuen Olanok. Aurreratu zuen ibilgailuak bideratzeko eta «modu egokian» kudeatzeko balioko dutela, eta nazioarteko zirkulazioari N-1a ez den beste aukera batzuk emateko. Azpiegitura berri horien kudeaketan erabaki egokiak hartzeko asmoa nabarmendu du. «Kudeaketan berritzaileak eta aitzindariak izateko konpromisoa dugu».
Gipuzkoako Aldundia azpiegituretan egiten ari den lana etorkizunean garrantzitsua izango dela aurreratu du. Gipuzkoa egungo krisi egoeratik «indarberrituta» aterako dela iragarri du ahaldun nagusiak.
Bidaiarien garraio «hobea»
Eibar eta Gasteiz arteko AP-1 autobidea zabaltzean, aldatuko egingo dute garraio publikoa ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Donostia eta Gasteiz arteko autobus zerbitzuak «hobeak eta ugariagoak» izango direla ekainaren lehenetik aurrera. 17 zerbitzu izango dira bi hiriburuen artean A-8 eta AP-1 errepideak erabilita; bidaia bakoitza 75 minutukoa izango da, eta 5,64 euro balioko du. Gaur egun N-1 errepidetik joaten diren zerbitzuek ere bere horretan segituko dute.
Horrez gain, Eibar-Bergara-Arrasate-Gasteiz artean zerbitzu gehiago izango dira. Astelehenetik larunbatera, 19 zerbitzu eskainiko dira; egun, sei zerbitzu eskaintzen dituzte.
46 kilometro hogeita bost minutuan, eta ia sei euroko bidesariarekin
AP-1 errepideko bidesariak zehaztu dituzte: kilometroko bakoitzeko 0,13 euro zentimo inguruJ.R. Gasteiz
Arratsaldeko bostetan AP-1eko ordainlekuetako hesiak jaitsi ziren atzo. Atzora arte errepide hori erabiltzea doakoa zen arren, atzoz geroztik ordaindu egin beharko da. Etxabarri-Dibina (Gasteiz) eta Eibar arteko bidea 25 minutuan egiteko 5,96 euro ordaindu beharko dute autoek; 10,18 euro furgoneta, kamioi zein autobus txikiek; eta 11,93 garraio ibilgailu handiagoek. Donostiatik Gasteizera AP-1 eta A-8 errepideetatik joan nahi duten autoek 9,77 euro ordaindu beharko dituzte guztira -bidesari guztiak www.bidegi.net webgunean ikus daitezke-.
Bidesariok oinarrizkoak dira, baina Araba eta Gipuzkoako Aldundiek sariak aurkeztu dituzte AP-1 errepidearen erabiltzaileen bidaiak merkeago egiteko. Bidaia kopuruaren araberakoak izango dira sariak, eta autoek ordainketa sistema automatikoa izan beharko dute horiez baliatzeko.