BERRIAk 10 urte. Ospakizun festa

Hamarnaka hegoak astinduz

Giro ederrean egin dute BERRIAren 10. urteurrena ospatzeko festa Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen Lizarribar eta 'Egunkaria' oroitu ditu Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak

Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak BERRIAk etorkizuna baduela esan zuen ekitaldi nagusian, omenduak alboan zituela. JON URBE/ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Andoain
2013ko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Denok gara BERRIA, denok gara herria». Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariaren hitzak bere egiten ditu euskarazko egunkariaren komunitateak. BERRIAren herriari festarako txanda heldu zitzaion atzo, Martin Ugalde kultur parkean. Apirilaren 12an abiatu zen ospakizun bira, Zertarako hegoak antzezlanaren estreinaldiarekin. Eta atzoko jai eguzkitsuarekin amaitu ziren 10. urteurrenaren ospakizunak. Giro ederrean, gozo eta umoretsu. Adin guztietako lagunekin, mota guztietako ekitaldiekin.

Euskal Herria, euskara eta irria kantatu zuten Marikalanbrek eta Martinbertsok festako lehen ekitaldian. Haien aurrean, belazean, haur txikiak dantzan, euskara eta irriaren etorkizun. Batzuk eserita belarretan. Largabista agertu zen, eta Marikalanbrerekin batera oholtzatik jaitsi zenean, ez zen neska-mutikorik eserita gelditu. Makina bat argazki atera zituzten gurasoek.

Gurasoetako batzuk sagardoa edateko gogoz zeuden jada. Bertsolarien saioa hasi zirenerako, edalontzia betea zuten. BERRIAko langileek saldutako pintxoak ere ikusten ziren, alde batetik bestera, txikienek zerbait bazkaltzen zuten bitartean. «BERRIA baino gazteagoak daude entzuleen artean», bota zuen bertsoetako batean Beñat Gaztelumendik. «Beste pailazo batzuk gara gu», umorez, Arrate Illarok. Egunkaria «bihar goizean berriz erostea onena», Illarok berak. «Euro eta pikoan irakur daiteke», Odei Barrosok, marketina egiten. «Zer gogorrak diren astelehenak», gogorarazi zuen Gaztelumendik.

Bitartean, eguerdi partean, BERRIAko erredakzioa ezagutzeko bisita gidatuak egin ziren. Ehun lagunek baino gehiagok izan zuten aukera kazetariek lan egiten duten egoitza ezagutzeko.

«'Egunkaria'-ren oinordekoa»

BERRIAren 10. urteurreneko festan politika eta kultura arloko pertsona ugari izan ziren. Euskararen munduan lan egiten dutenak asko eta asko. Mertxe 
Mugika AEK-ko koordinatzailea: «Hamar urte, zorionak; hamaika gauza ospatzeko». Alboan, azkeneko urteetan Korrikako arduraduna izan dena, Edurne Brouard: «Sentsazio gazi-gozoa dut, Euskaldunon Egunkaria itxi zigutelako. Gaur gozoan jarriko dugu arreta». Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Maren Belastegik bi hitzekin laburtu zuen atzokoa: «Elkartasuna eta ilusioa». Topaguneko lehendakari Mikel Irizar, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriari ere festan izan ziren.

Euskarazko komunikabideetako hainbat ordezkari ziren jaian, besteak beste, Alberto Barandiaran HekimenekoEuskal Hedabideen Elkarteko zuzendaria, Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusia eta Estitxu Eizagirre irailetik aurrera Argia-ko zuzendaria izango dena.

Erakunde publikoetako eta politika arloko ordezkarien artean, berriz, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikatarako sailburuorde Patxi Baztarrika eta Jokin Azkue Euskara Promozio zuzendaria, Gipuzkoako Diputazioko bozeramaile Larraitz Ugarte eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatua, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Euskarako zuzendaria, Enekoitz Esnaola Udalbiltzako ordezkaria, Andoaingo alkate Ana Karrere, Oskar Matute eta Marian Beitialarrangoirtia EH Bilduko legebiltzarkideak eta Asier Arraiz Sortuko lehendakaria zeuden.

Kultura munduko pertsonen artean, adibidez, Iñaki Murua Bertsozale elkarteko lehendakaria, Castillo Suarez eta Fito Rodriguez idazleak eta Joxan Goikoetxea musikaria. Tolosan, Joxan Lizarribar omendu zuen ostiralean Sortuko dira besteak ikuskizunak, eta Goikoetxeak Lizarribarren esaldi bat erabilizuen BERRIAko langileei bere mezua helarazteko: «Ondo ari zarete!».

Lizarribar zena oso gogoan izan zuen Beatriz Zabalondok, ekitaldi nagusian. «Ezin dugu topa egin Joxanekin, baina gurekin dago gaur; dagoen lekutik irribarre zabal batekin hartu baikaitu». Lizarribar batetik, eta bestetik, Egunkaria nabarmendu zituen Zabalondok: «Lehenengo hamarkada du BERRIAk, baina proiektu hau ez zen duela hamar urte jaio, duela 23 baizik. Oraindik ere lanak ematen ditu sinesteak 2003ko otsailan oldarraldi hura gertatu zenik ere». Egunkaria sortzen aritu zirenak eta BERRIA sortu zutenak goraipatu zituen taldeko lehendakariak. Era berean, BERRIAlaguna kanpainan izandako erantzun «estimagarria» aitortu zuen: «Hirugarrenez, herriak baietz esan dio euskal kazetari, aurrera egiteko kemena transmititu, eta bultzada eman dio».

Zabalondoren hitzen ostean, Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariarenak iritsi ziren. Bi elkarrizketa egin zizkioten atzo goizean, eta bietan galdetu zioten ea BERRIAk baduen etorkizunik. «Oso argi dugu BERRIAk baduela etorkizuna, zuek denek baietz esan duzuelako», esan zien ekitaldiko entzuleei. «Proiektu honek badu etorkizuna, badu oinarririk hamarnaka kontatzen segitzeko». Administrazioak berak ere BERRIA «estrategikoa» dela esan du. «Eta bai, proiektu honek badu etorkizunik, baduelako oinarrian lan talde bat bihotz eta buru proiektuan sinesten duena, proiektua bere egiten duena eta horren alde ekiten duena».

BERRIAk esku artean hainbat proiektu dituela gaineratu zuen Arregik: «Berrikuntza, eraginkortasuna, elkarlana, kalitatezko informazioa eta komunikazioa trinkotzea». Eginkizun horietan, erakunde publikoek duten «betebeharra» nabarmendu zuen: «Sektorearen garapena bermatuko duen finantzaketa publikoa behar dugu, deialdien behin-behineko sistematik harago joango dena». Sektorea «larri» dagoela ohartarazi zuen Arregik.

Arduradunen hitzez aparte, omenaldi txikiak izan ziren jaiaren ekitaldi nagusian. BERRIAko langileen izenean, oroigarriak jaso zituzten Mailu Belokik, Oskar Angulok, Aitziber Laskibarrek eta Edorta Goikoak. Kolaboratzaile guztien izenean, 2003ko ekainaren 21etik gaur arte egunero egunero aritu diren Anjel Lertxundi eta Antton Olariaga omendu zituzten. Urteotan publizitatea jarri dutenen artean, aitortza egin zitzaion Gipuzkoako Itsasmendi karabanetako Ainara Etxarteri. Halaber, Egunkariaren kontseilari ordezkari ohi izandako Joan Mari Torrealdairi eta Iñaki Uriari ere eman zieten oroigarria. Oholtzara igo aurretik, honako hitzekin laburtu zuen Torrealdaik atzoko eguna: «Hau da Euskaldunon Egunkaria-ren arrakasta. BERRIA da Euskaldunon Egunkaria». Irakurleak ere omendu zituzten.

Musika azkenburuko plater

Ekitaldi nagusiaren ostean, argazki bat egiteko bildu zen jende guztia. Horrekin batera, Zorionak zuri kantatu zuten BERRIAren lagunek. Bazkaltzeko txanda heldu zen orduan.Bazkariaren garaian, kazetari batzuk artikuluak ari ziren idazten. Tarteka haurren bat edo beste sartzen zen erredakziora. Eta bitartean, kontzertuetarako prestaketak egiten ari ziren musikariak.

Morau bakarlariaren doinuak izan ziren arratsaldean entzun ziren lehenak. Eguraldia lagun, bat baino gehiago belazean eserita zegoen musikaz gozatzen. Pettiren txanda heldu zen gero. Haien ostean, BERRIA zoriondu zuen Napoka Iria taldeko Miren Narbaizak: «Beste hamar bete ditzazuela».

Napoka Iriaren kontzerturen ondotik etorri zen jaiaren azkeneko ekitaldia: Gose taldearen kontzertua. Emanaldiaren aurretik, Ines Osinaga kantariak hitz hauek egin zituen: «Zorionak BERRIAri 10 urte hauengatik, baina lastima ez gaudelako Egunkaria-ren 23. urteurrena ospatzen».

Ekitaldi batzuk eta besteen artean, BERRIAko langile ohiek gaur egun lanean ari direnekin hitz egiteko aukera izan zuten. Imanol Murua Uria, Lorea Agirre, Eneko Bidegain, Jose Mari Pastor eta beste hainbat kazetari gerturatu ziren festara. Haiei esker egin baitzituen lehen hegaldiak BERRIAk. Txikienen jolasa eta iraganeko oroitzapenak uztartu zituen atzoko hegaldiak.

Joseba Jakak, Karlos Santamariak, Joxemi Zumalabek, Martin Ugaldek eta Joxean Lizarribarrek bazekiten zertarako ziren hegoak. Haien hegoen mugimendurik gabe ez zen atzoko festarik izango. Haien hegoen bultzadarekin eta gaurko BERRIAlagunekin egingo du aurrera proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.