Harkaitz Canok 80ko hamarkadako Euskal Herrian girotu du Twist nobela berria, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren kasua gogora dakarren argumentu batekin harilkatua eta Susa argitaletxeak plazaratua.
Xabier Soto, Kepa Zeberio eta Diego Lazkano antzerki talde batean elkarrekin aritzen diren hiru lagun ziren 80ko hamarkadarten hasieran. Soto eta Zeberio bahitu, tortutatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Lazkano idazlea da, eta hogeitaka urte darama lagunen oroitzapena oroimenean txertatu duela. Ezin ditu burutik kendu, eta haiekin batera bizi da, beti Soto edo Zeberio bera izan zitekeela pentsatzen, eta, bere zalantzekin eta estuasunekin, haiek bizi izango zutena berbizitzen saiatzen. "Pertsona batek hiru bizitza bizi ahal izango balitu bezala", Gorka Arrese editorearen hitzetan.
Nobela hau idaztean “konpasaren orratza” 80ko hamarkadan ezarri duela adierazi du Canok, 80ko hamarkadan kokatzen dela nobelaren iturburu nagusi den “mina, zauria, orbana”, 1983an zehazki, “arrazoi sentimental eta literarioengatik nagusiki”.
“Pertsonaiak fikziokoak dira” adierazi du Canok, “istorioa fikzioa da, baina, jakina, bai pertsonaiak eta bai istorioa 80ko hamarkadaren ispiluan jarriak izan dira, ispilu deformante batean, eta ispilu horretan identifikagarri egingo dira 80ko hamarkadan Euskal Herrian bizi izan zen edonorentzat”.
Nobelan badago hala ere “halako joan-etorri bat”, idazlak ohartarazi duenez, eta Twist izenburuak badu zerikusirik horrekin. “80ko hamarkadan abiatzen da nobela, baina gaur egun indefinitu batean amaitzen da. Badago iraganaren eta orainaren arteko dantza bat nobelan, rebobinatze etengabe bat”.