Aralarrek eta PPk harremanak «normalizatu» dituzte. Hala adierazi du Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile nagusiak, PPren ordezkariekin popularren Donostiako egoitzan bildu ondoren. Irailean Aralarrek egindako V. Kongresuaren ondoren egoera aztertzeko Euskal Herriko eragile sozial eta politikoekin egiten ari den bilera txandaren barruan batzartu da PPrekin, eta gustura atera da haren egoitzatik. Alde bakoitzak bere ikuspuntua plazaratu dio besteari; Zabaletaren hitzetan, «zintzotasunez eta murrizketarik gabe». Akordiorik ez dute egin, baina nabarmendu du horretarako asmorik ez zutela. «Harreman politikoak normalizatzera» joan direla.
Zabaletarekin batera, PPren egoitzan izan dira Dani Maeztu, Rebeka Ubera eta Jon Iñarritu, Aralarren ordezkari. PPren ordezkaritza Antonio Basagoiti alderdiak EAEn duen presidenteak, Iñaki Oiartzabal idazkari nagusiak eta Borja Semper Gipuzkoako presidenteak osatu dute.
«Inolako murrizpenik egin gabe gai guztiak jarri ditugu mahai gainean», adierazi du Zabaletak bileraren ostean. «Bi aldeok zintzotasun osoz hitz egin dugu, egia osoa esanez, eta gai guztiak aztertu ditugu: bakegintza, normalkuntza politikoa, Euskal Herriko egoera azken hauteskundeen ondoren eta, bereziki, krisi ekonomiko eta soziala eta Espainiako Gobernuaren osaketa», zehaztu du.
Aralarrek bakegintzari buruzko irakurketa helarazi dio PPri; Gernikako Akordioak bere ustez duen balioa azaldu dio, eta «orain arte egin denari buruzko zein egiteko dagoenari buruzko analisia» egin dio. Irakurketa askotan bat etorri ez arren, elkarrizketaren bidez harreman politikoak normalizatzeko bidean jarriko direla sinetsita, emankorra izan da bilera Aralarren ustez.
PPren iritziz ere, «baikorra» izan da batzarra. PPkoek «exijentzia demokratiko handia» mantendu behar dela esan diote Aralarri, eta ETAren «indarkeriari zilegitasuna kendu eta biktimei errekonozimendua egiteko urrats gehiago» egin behar direla. Arazo ekonomikoei eutsi eta «nahasmen identitarioak» alboratzeko unea dela ere adierazi dio.
Harreman politikoa normalizatu dute Aralarrek eta PPk Donostiako bileran
«Indarkeriari zilegitasuna kendu» eta «nahasmen identitarioa alboratu» behar dela esan dio PPk Aralarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu