Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea

Ana Elena Altuna: «Harreman politikoek baldintzatzen dute asiloa»

Altunak gogor kritikatu du Migraziorako Ituna, asilo eskubidea murriztuko baitu. Hura onartu izanak Europaren «gizagabetzea» utzi du agerian.

Ana Elena Altuna
Ana Elena Altuna, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun

Kamiseta urdina, esaldi argiarekin: Eskubideak, eta ez heriotzak. Gainean, Palestinako kufija zapia. Bidegabeak iruditzen zaizkion gertakarien aurrean ez da isilik geratzen diren horietarikoa Ana Elena Altuna, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea (Eibar, Gipuzkoa, 1957). Haren ustez, Europako Batasuneko Migraziorako eta Asilorako Itun onartu berriak harrera prozesu guztiak «pikutara» bidaliko ditu. Izan ere, estatu kideek modua izango dute migratzaileen asilo eskubidea murrizteko. Hala ere, Altunaren arabera, itunak ez du egungo egoera asko aldatuko: «Orain arte egindako prozesuak ofizialduko dituzte». 

Migraziorako eta Asilorako Itunari oniritzia eman berri diote Europako Kontseiluak eta Europako Parlamentuak. Zer helburu dute?

Bertan behera uztea asilo eta migrazio arloko harrera prozesuak. Pikutara bidali nahi dute horrekin lotuta dagoen guztia.

Zer aldaketa ekarriko ditu itunak?

Egia esan, gaur egungo egoera ez du asko aldatuko. Zera egingo du, orain arte egindako prozesuak ofizialdu eta legeztatu. 2016an, Siriako sarraskia hasi zenean, Europa hasi zen esaten jende asko zetorrela handik. Europako Batasunak itun bat sinatu zuen Turkiarekin, jendea han gera zedin. Hori da mugak kanpora ateratzea. Afrikako herrialdeetara ere atera ditugu mugak. Helburua da guk ezer ez ikustea, eta, horrela, arazorik ez dagoela pentsatzea. Azken finean, ez duguna ikusten, ez da existitzen. 

Egungo prozesuak legeztatuko dituztela diozu. Adibidez?

Mugan bertan itzularaztea legeztatuko dute, nahiz eta ez den berria izango. Gainera, mugak indartuko dituzte, teknologia berriak erabiliz, mugen kontrolak sortzen duen industria sustatuz. Europa osoa hesi bat izango da, eta gu barruan geratuko gara. Melillan bezala [Espainia], dena izango da itsasoa eta hesia. Asmoa da ez dadila inor heldu. Hori baino gehiago. Asmoa da ailegatzen den hori, heldu den puntura ailegatzeko asko pairatu behar izan duenez, edozer egiteko prest egotea, edozein lan egiteko, edozein baldintzatan.

«Helburua da guk ezer ez ikustea, eta, horrela, arazorik ez dagoela pentsatzea; azken finean, ez duguna ikusten ez da existitzen».

Europako Batasuneko estatuek erabaki ahalko dute zein asilo eskaerari erantzuna eman, eta zeini ez.

Hori ere ez da berria. Europako estatuek ondorioztatzen badute herrialde bat segurua dela, bertako lagunei ez diete asiloa onartzen. Adibidez, Marokotik datozen herritarrei ez diete onartzen, egoera oso jakin batzuk ez baldin badira. Zergatik? Herrialde demokratiko eta seguru bat dela esaten dutelako. Orain, zerrenda bat osatuko dute, herrialde seguruak izendatzeko eta bertakoei asilorik ez emateko. Horrez gain, beste kontu bat hartu behar dugu kontuan: harreman politikoek baldintzatzen dute asiloa. Asiloa emateko, ez dute pertsonaren egoera kontuan hartzen, herrialdearekin duten harremana baizik: herrialde batekin harreman ona baldin badute, bertakoei ez diete emango. 

Zer gertatuko da herrialde «ez-seguruetatik» datozen pertsonekin? 

Estatu kideek uka ditzakete haien eskaerak, eta beste herrialde batera bideratu. Hori egiten duten bakoitzean, 20.000 euro ordaindu beharko dituzte. Herrialde bakoitzak jarriko ditu bere irizpideak. Esango dute: hau ez zait interesatzen, neska asko ditudalako, ilehori asko… Eta beste herrialde batera bideratuko dituzte. 

Adin nagusitasuna 6 urteko adinak markatuko du. Zer esan nahi du horrek?

12 urtetik 6 urtera jaitsi dute adin nagusitasuna. Horrek esan nahi du 6 urteko umeak Atzerritarrak Barneratzeko Zentro batean egon ahal izango direla, mugan bertan itzuli ahal izango dituztela, eta ez dituztela familiarekin bilduko.

«Guk migratzeko eskubidea defendatzen dugu, baita migratzeko beharra ez izatearen eskubidea ere».

Europako estatu kideek adostasun zabala lortu dute itunari dagokionez. Zer irudi uzten du horrek?

Gizagabetzea. Egungo gizartean, gero eta hedatuagoa dago mezu hau: ahal duenak salba dezala bere burua. Guri tokatzen ez zaigun bitartean, egin dezatela nahi dutena.

Plataformakoek argi utzi duzue ez zaretela isilik geratuko. Horren adibide da duela gutxi Guggenheimen egin duzuen protesta.

Ituna salatzeko bildu ginen. Ez da Migraziorako Ituna, migrazioaren aurkakoa baizik. Beste mundu bat posible den mezua zabaltzeko sortu genuen plataforma. Horrelako astakeria baten aurrean, ezinbestekoa da komunikabideetan agertzea eta egoera salatzea. Izan ere, hiru urte aritu dira ituna negoziatzen, eta ia ez da horri buruz hitz egin. Komunikabideetan ez da agertu, eta alderdi politiko batek ere ez du ezer esan. 

Zer egin daiteke herritar gisa?

Hausnartu behar dugu guk ez dugula ezer irabazi; zortea izan dugu, hemen jaio garelako. Legea onartuta egotea eta horren aurkako mugimendurik ez egotea, hain zuzen, batzuek eskubideak ditugula onartzea da, eta beste batzuek ez. Ni saiatzen naiz kontziente izaten pribilegio batzuk baditugula. Izan ere, eskubideak denontzat ez direnean, pribilegio bihurtzen dira. Legeak bizitza erregulatzeko izan behar du, eta ez batzuei bizitza ukatzeko. Guk migratzeko eskubidea defendatzen dugu, baita migratzeko beharra ez izatearen eskubidea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.