Harrera familia bila dabil Arabako Foru Aldundia

Hamar familia behar dira Araban, 0 eta 6 urte arteko haurrak hartzeko. Gaur egun, 76 harrera familia daude, eta, denetara, 89 haur eta gazte bizi dira horietan.

Harrera familiak aurkitzeko kanpaina aurkeztu dute gaur Gasteizen. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Edurne Begiristain.
2023ko azaroaren 13a
16:39
Entzun

Arabako Aldundiak Etxean hartu, haien aukera zara kanpaina abiatu du babesik gabe dauden haurrak eta nerabeak etxean hartzeko prest dauden familiak aurkitzeko. Zehazki, hamar familia behar dira, 0 eta 6 urte arteko haurrak hartzeko. Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuak azaldu du hurrengo hilabeteetarako helburua dela 6 urtetik beherako haurrak har ditzaketen hamar familia edukitzea, «ume horien etorkizunari buruzko erabakia hartzen den bitartean».

Gaur egun, Araban 89 haur eta gazte bizi dira harrera familietan –76 familia daude denetara–. Horietatik 42 familia «zabalak» dira, hau da, aitona-amonek edo beste senide batzuek osatutakoak, eta 34, berriz, haienak ez diren familietako kideek osatutakoak; hain justu ere, orain gisa horretako familiak behar dituzte «premiaz». Urtaranek azpimarratu du beharrezkoa dela harrera familia horiek «autonomoak» izatea, adingabeak ahalik eta lasterren hartu ahal izateko. Era berean, nabarmendu du mota guztietako familiek eta pertsonek lagundu dezaketela adingabe horietako baten bizitza hobetzen, eta, beraz, beharrezkoa dela harrera familiei buruzko «aurreiritziak» baztertzea.

Harrera familien onurak askotarikoak dira. Foru diputatuak azpimarratu du haurrei ingurune «egonkorra» ematen dietela jatorrizko familiara itzuli arte, eta lagungarri direla haien beharrizan «fisiko, emozional kognitibo eta sozialak» betetzeko.

Harrera familia bihurtu nahi dutenek bi bide dituzte: [email protected] helbidera idatzi edota 945-77 30 52 telefonora deitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.