Harrera asistentzia elkarteak 5.000 baietz bazkidetza kanpaina jarri du martxan, eta zenbait hitzaldi egingo ditu egunotan, herritarrei haren berri emateko. Izan ere, euskal presoen etxeratze prozesuan urratsak egin ahala, elkartearen lana ere areagotu egin da. Hain zuzen, gorakada horri erantzuteko asmoz ekin diote kanpainari: «Etxeratze bidea modu duinean egitea ezinbestekoa da, eta Harrerak gaitasuna izan behar du horretarako».
Elkarteak 3.500 bazkide inguru ditu egun, baina 5.000 kidera iristeko helburua jarri du, «burujabetza ekonomikoa» izateko asmoz. Horretarako, aurkezpen ekitaldi sorta bat antolatu dute. Haietan, azalduko dute nolakoa den espetxetik irteteko ibilbidea eta Harrerak zer eginkizun duen bide horretan.
Ikusi gehiago
Datozen asteetan, Gipuzkoan arituko dira batez ere, hala nola Tolosan, Hernanin, Andoainen, Eibarren eta Zarautzen (Gipuzkoa). Halere, Plentzian (Bizkaia), Oionen, Agurainen (Araba) eta Altsasun (Nafarroa) ere egongo dira, besteak beste. Azaldu dutenez, uda ostean ere aurkezpenak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan.
Harrera 2012an eratu zuten, espetxea, erbestea edota deportazioa pairatu duten euskal herritarrei gizarteratzeko baliabideak eskaintzeko helburuz, eta hamarkada bat baino gehiago darama lan horretan. Orain, baina, egoera berriari egokitzeko prozesuan da. Izan ere, egun, euskal presoen erdiak inguru kalean dira, izan hirugarren graduan edo espetxe araudiko 100.2 artikulua aplikatuta. Hala, handitzen ari da elkartearen lan bolumena. Azaldu dutenez, iaz 117 laguni eskaini zien laguntza elkarteak, eta 338.000 euro jarri zituzten horretarako.
Preso bakoitzaren kasua ezberdina da, eta modu indibidualizatuan diseinatzen dituzte prozesuak. «Kasu askotan, etxeratzea presoaren inguruaren bidez gauzatzen da, eta Harreraren esku hartzea mugatuagoa izaten da, baina, beste zenbait kasutan, babes eta laguntza sare bat eraiki behar izaten zaio kideari», azaldu dute.