Ertzaintzak atzo arratsean atxilotu zituen Aritz Labiano eta Haritz Gartxotenea. Zarauzko bi gazteek atzo Espainiako Auzitegi Nazionalera aurkezteko agindua zuten, baina uko egin zioten agindua betetzeari, eta horren ordez Zarauzko Santa Barbara mendiko horma batean eskegi ziren. Auzitegi horrek berak urte banako kartzela zigorra eta lan publikoetarako seina urteko inhabilitazioa ezarri zien Labianori eta Gartxoteneari, herritar baten salaketa anonimo soilean oinarritutako sententzian.
Iragan uztailean zigortu zituzten, manifestazio batean ustez ETAren aldeko oihuak egiteagatik. Anonimotasunean babestutako herritar batek salatu zituen, eta haren lekukotza nahikoa izan zen bi gazteak zigortzeko. Helegiteen bidea amaituta, atzo aurkeztu behar zuten auzitegian, eta handik kartzelara joan behar zuten.
Desobedientziaren bideari heldu zioten, ordea. Madrilen aurkeztu beharrean, Santa Barbara mendiko horman eskegi ziren goizean goiz Utzi pakian leloa zuen pankarta batekin. Ez zen Labianok eta Gartxoteneak egindako lehenbiziko desobedientzia ekintza. Zarauzko ezker abertzalearen hautagaitzaren legez kanporatzea salatzeko ere egin zuten ekintza baketsu bat. Ekintza harengatik bederatzina hilabeteko zigorra ezarri zieten, eta aurrekari horren ondorioz, Auzitegi Nazionalak iaz ezarritako kondena bete egin beharko dute. Hortxe dago, epaia oinarritzen den froga bakarrarekin batera, auziak hartu duen larritasunaren funtsa.
«Ehiza zabalik dago»
Santa Barbarako horman zintzilikatu aurretik, Labianok eta Gartxoteneak euren erabakiaren eta erabaki horren arrazoien berri eman zuten YouTuben jarritako bideo baten bitartez.
«Gure delitua legala zen manifestazio batean parte hartzea izan zen», azaldu zuten gazteek. «Anonimo batek, ordea, begiz jota gintuen, eta erabat faltsua den istorio bat asmatu zuen». Hilabeteotan jazo zaienetik ondorio bat atera dute: «Berdin dio zure aurka frogarik aurkezten duten ala ez. Ezkerrekoa eta abertzalea bazara eta herrian lan militantea burutu izan baduzu, derrigorrezkoak izan beharko luketen froga guztiak sobera daude».
Herritar anonimoaz ere iritzia eman dute: «Ehiza zabalik dago. Bere egunerokoa gorrotoan eta mendekuan oinarritzen duen edonork eman dezake pauso hau gustuko ez duen pertsona baten aurka». Halakorik errepika ez dadin, «herri harresi» bat eraikitzea beharrezkoa dela esan dute.
Kondena betetzeko kartzelara bidean dira orain, baina ez dira gutxi jaso dituzten elkartasun adierazpenak. Atzo bertan Santa Barbaran bildutako lagunak, edo haien aurkako jazarpena salatzeko egindako manifestazio eta beste hainbat ekimen elkartasun horren adierazle dira.
Harresia osatzeko, horman zintzilik
Aritz Labiano eta Haritz Gartxoteneak uko egin zioten euren kabuz kartzelara joateari; Zarauzko Santa Barbarako horman zintzilikatu ziren, Ertzaintzak atxilotu arte. Dena salaketa anonimo baten ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu