BILBO
Erasoetatik babestuz
«Aldarrikapen, ilusio eta itxaropenez» Bilboko kaleak betetzeko deia egin du Sarek. La Casillatik abiatuko da manifestazioa, 17:00etan. Pankarta eusten egongo dira, besteak beste, Rosa Rodero ETAk hil zuen Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna, Iñaki Lasagabaster EHUko katedraduna, Fermin Muguruza musikaria, Juan Mari Olano preso ohia, Gemma Zabaleta PSE-EEko buruzagi izandakoa eta Inaxio Kortabarria futbolari ohia. Manifestazioa bukatzean, Bilboko udaletxean Zuriñe Hidalgo musikariak eta Xabier Euzkitze kazetariak hartuko dute hitza, zenbait musika taldek eta kirolarik lagunduta. Ideologikoki oso ezberdinak diren pertsonek babestu dute Giza Eskubideen defentsaren eta bizikidetzaren aldeko mobilizazioa. «Ezberdintasunak beste egun eta leku baterako utzi behar dira», argitu du Sarek.Ohikoa den moduan, mobilizazioaren gastuak ordaintzeko diru bilketa bat egingo dute manifestazioaren ibilbidean zehar, eta zorrotz zainduko dute. Horretaz arduratuko diren borondatezkoek «erraz identifikatzeko» peto horiak eta Sareren irudia duten poltsak eramango dituzte. Beste edozein diru bilketa Saretik at egongo dela nabarmendu dute.
Joan den urtean, manifestazioa bukatu eta 24 ordutara, manifestazioan bildutako diru guztia eraman zuen Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta. Diru horren jatorria ez zela «argia» argudiatu zuen auzitegiak. «Auzitegiek hartutako erabaki bidegabe baten biktima izan ginen, soilik Guardia Zibilaren txostenetan oinarritutako erabaki baten biktima», gogoratu du Joseba Azkarragak.
Susmoak saiheste aldera, Sarek «esanguratsu» diren bost pertsonaren esku utziko du larunbateko manifestazioko diru bilketaren kudeaketa. Hori egingo dute Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak, Nazario Oleaga eta Juan Mari Bidarte Bizkaiko Abokatuen Elkarteko lehendakari ohiek, eta Juan Daniel Barandiaran eta Felix Cañada abokatuek. Manifestazioan bildutako dirua banketxera iritsi arte eta manifestazioa posible egin duten enpresei ordaindu arte bost pertsona horiek izango dira arduradunak.
Areatzan karpa bat jarriko dute, eta hantxe jarriko dute salgai Sareren material guztia. Gainera, Bilboko kaleak alaituko dituzte egun guztian trikitilariek, txistulariek eta batukadak.
BAIONA
Sostengua eta besta
Lapurdiko hiriburuan ere aniztasun handiko itxura emanen du manifestazioaren buruak. Kolore politiko ugaritako hautetsiak, eragileak, preso ohiak eta iheslariak izanen dira pankarta nagusiaren gibelean, bertzeak bertze. Ipar Euskal Herritik haragokoak ere bai: NPA (Nouveau Parti Anticapitaliste) alderdiko Frantziako bozeramaile Philippe Poutou bertan izanen da, erraterako.Manifestazioaren aurreko egunetan atxikimendua eman duten eragile eta norbanako guziak eskertu nahi izan ditu Bagoaz-ek; tartean, asteazkenean sostengua erakutsi zuten 180 hautetsiak. «Azken manifestaldietan ere lortu genituen atxikimenduak, eta orain berriro lortu dugu pantaila anitz hori erakustea», azaldu du Emilie Martin bozeramaileak. Antolatzaileek ez dute zehaztu zein pertsona zehatzek hartuko duten Baionako banderola, baina hor ere askotariko jendea izanen dela segurtatu dute.
Mirentxin Gidarietako bi furgonetak eta presoen senideek irekiko diote bidea manifestazioari. Bagoaz-ek eskatu du, bertzalde, pankarta nagusiaz gain bertzelako banderolarik ez eramateko, «batasuna irudikatzeko».
Manifestazioko leloa Bilboko bera izanagatik, berezitasun bat gehituko diote Baionakoari. Izan ere, aipamen zehatza eginen diote larriki eri den Lorentxa Gimon presoari. Chron eritasuna du Gimonek 1991tik, eta azken hilabetean bi aldiz eraman dute Roazhongo (Bretainia) espetxetik ospitalera, pairatzen duen gaitzak okerrera egin duela eta. Bagoaz-ek salatu duenez, «oso larria» da haren egoera.
Baionako manifestazioa Laugan hasi eta Xaho kaian bukatuko da, Bilbokoaren ordu berean. Ekitaldiak bateratuak izanen direla jakinarazi dute, hain zuzen.
Manifestazioren aitzin eta ondotik ere izanen da zer egina, ordea. Horretarako prestatu dute Baiona Ttipiaren bazterrean dagoen Xaho kaiko gunea —manifestazioa bukatuko den leku bera da—. 12:00etan hasita mutxikoak dantzatzeko aukera izanen da apailatu duten karpan, Saltoka taldeak animaturik. 13:00etatik aitzina, berriz, jateko eta edatekoa eskainiko dute gune berean. Iluntzean ere jan-edanak emanen dituzte, eta 19:00etatik goiti, kontzertuak. Zuberoako Xiberoots reggae taldeak, Lapurdiko 2zio-k (rap) eta Joseba B. Lenoir Gang-ek (rock) joko dute.
Bagoaz-ek bereziki eskertu nahi izan ditu manifestazioaren antolaketan lagundu duten pertsona guziak eta egunean berean segurtasunean edota ostatuko txandetan arituko direnak. 200 lagun inguruk izena emana dute jada horretarako, baina oraindik laguntzeko aukera badagoela ohartarazi dute. Horretarako, www.bagoaz.eus webgunean eman behar da izena.