HARROBIAK. Zallobentako harrobia ezin izango dute handitu

Jaurlaritzako Industria Sailak jakinarazi du legearen kontrakoa dela ustiaketa eremua Urkiolako Natur Parke barrura hedatzea. Ingurumen Ministerioak Laminoria harrobia hedatzeko bi egitasmo gelditu ditu

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Zallobenta Harrobiak eta Betoiak enpresak ezin izango du hedatu Eskubaratz mendian duen harrobia, Mañarian (Bizkaia). Eskaera horrekin hasitako izapideak atzera bota ditu Eusko Jaurlaritzako Industria eta Berrikuntza Sailak, eta horretarako baimena ukatu dio. «Bukatutzat jo behar dira ustiatze egitasmoa baimentzeko izapideak, legearen arabera aukerarik ez dagoelako prozesu horrekin aurrera egiteko», laburbildu du Oscar Zabalak, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategietako zuzendariak. Maiatzaren 10ean sinatu zuten erabakia, eta Zabalak azaldu du horren berri eman diola enpresari. Enpresak gora jotzeko errekurtsoa jar dezake erabaki horren aurka.

Urkiolako Natur Parkearen mugan bertan dago Zallobentako harrobia, eta hura parkearen barruan hedatzeko egitasmoa aurkeztu zuen aipaturiko enpresak 2002. urtean. Ordea, hori galarazten duten bi erabaki daude indarrean gaur egun, biak 2010. urtean onartuak. Alde batetik, Euskal Herriko Natura Babesteko Legea aldatu zuen Legebiltzarrak duela aste gutxi. Bertan zehaztu zuen meatze ustiapenak ezin izango direla zabaldu babestutako naturguneetan edo eragin eremuaren barruan.

Bestetik, Urkiolako Natur Baliabideen Antolaketarako Planaren aldaketa hasi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak -harrobiak eta meategiak ezartzea are gehiago zailtzen du plan horrek-. Pilar Unzalu buru duen sailak hasitako ikerketa baten arabera, orain arteko araudia ez zen nahikoa naturguneen babesa bermatzeko, eta horregatik hasi dute aldaketa.

Zallobentako harrobiaren ustiatze eremua handitzeko lehen pausoa 2002an egin zuen enpresak, baina 2009ko urtarrilaren 27ra arte ez zuen hasi egitasmo horren ingurumen kalteari buruzko ebaluazioa. Denen eskura zegoen prozesu hori Energia eta Meategietako zuzendariak izapideak gelditu eta egitasmoa egiteko baimena ukatu zuenean.

1998ko egitasmoak, aurrera

Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren ondorioz, indarrean dagoen 1998ko harrobiaren kudeaketa planera mugatu beharko du Zallobentako harrobiak. Plan horren mugak Urkiolako Natur Parkearenak direla gaineratu zuen, atzo, Xabier Garmendia Industria eta Energia sailburuordeak. Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean agerraldia egin zuen atzo Garmendiak, Bernabe Unda sailburuarekin.

Bide batez, harrobiaren ustiapen baimena bukatzean -ez dute zehaztu zenbat denbora falta den hori gertatzeko- enpresak harrobiaren leheneratze konpromisoak bete beharko dituela gaineratu du Zabalak, «legeak agintzen duen bezala». Hala, harrobiaren kudeaketa plana onartzen denean, ustiatuko duen eremua leheneratzeko egitasmoa aurkeztu behar du enpresak, eta, horrekin batera, berme bat eman behar dio Jaurlaritzako Energia eta Meategietako Zuzendaritzari. Zallobentako bermea zuzendaritzak duen handiena dela azaldu du Zabalak: 1,4 milioi eurokoa da.

Eusko Legebiltzarreko talde gehienek txalotu dute Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren ebazpena, eta erabakiak «norabide zuzenean» hartu diren seinale dela adierazi dute PSE-EEk eta PPk. EAJk ere erabakia ontzat jo du, legearekin bat datorren erabakia delako eta erabakiarekin ados ez daudenek Jaurlaritzaren neurriaren aurkako helegitea aurkezteko aukera izango dutelako.

Aralarrek eskatuta egin dute agerraldia Industria Saileko ordezkariek; harrobiaren ustiatze epeari buruzko datu gehiago eskatu ditu Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak: «Harrobiaren muga natur parkearen mugatik oso gertu dago; zenbatera arte ustia dezake?». Maeztuk ez du erantzunik jaso. Harrobiaren garapena gertutik jarraitu behar dela adierazi du. «Harrobiaren historia aztertuta, ez gara fidatzen».

Iritzi bertsua du Unax Unzalu Mañaria Bizirik taldeko kideak. Jaurlaritzaren erabakia «zuhurtziaz» aztertu nahi duela nabarmendu du, harrobiarekin gertatu dena kontuan hartuta. 1998an hasi ziren harrobia ustiatzen; harrezkero, hiru epai jaso ditu, baina helegiteak aurkeztuta eta Kudeaketarako Plan Zuzentzailean aldaketak eginda, 12 urte eman ditu lanean. Dena den, azken urteetan harrobiaren inguruko egoeran aldaketa gertatzen ari dela nabarmendu du Unzaluk. «Duela zazpi urte egoera ikaratzekoa zen, eta gaur egun eremua lehengoratzeari buruz ere hitz egiten da».

Laminoria, handitu gabe

Aste honetan, beste harrobi bat hedatzea ezbaian jarri duen erabaki bat jakinarazi da. Arabako Laminoria harrobia beste bi eremutara hedatzeko egitasmoen aurkako txostena aurkeztu du Espainiako Ingurumen Ministerioak. Harrobi egitasmoek ingurumenean eragin kaltegarria izango dutela ondorioztatu du ministerioak, eta gaineratu du kalte horiek zuzentzeko neurriek ez dutela ematen behar besteko bermerik. Harrobi berri horiek Izkiko Natur Parkean egin nahi iztuzten, baita Natura 2000 sarearen barruan dauden lurretan ere. Izkiko Natur Parkeko Zuzendaritza Organoak eta Arabako Foru Aldundiak hedatze horren aurkako txostenak aurkeztu zituzten.

Bi eremuak Arabako Mendialdeko eta Trebiñuko lurretan zeuden, bi autonomia erkidegoren agintepean, eta kasu horiek ebaluatzeko eskumena Espainiako Ingurumen Ministerioarena da. Ordea, Laminoria harrobiko beste hedatze eremu bat aztertzeko dago oraindik, eta, Araban soilik dagoenez, Eusko Jaurlaritzari dagokio azken erabakia ematea.

Arabako Natur Institutuko presidente Nick Gardnerek «zoriontzeko moduko albistetzat» jo du ministerioaren erabakia. «Horrelako iritzi bat emanda nekez egin dezakete harrobi hori», nabarmendu du.

Zer dira agregakin naturalak?

Erabilera asko dituen lehengaia da, eta eremu baten ustiapenaz lortzen da. Eraikuntzan (porlana, adreiluak...) eta garraio azpiegituretan (errepideak, burdinbideen oinarriak) erabiltzen da batez ere, nahiz eta beste erabilera asko ere badituen: metalean, farmazia industrian, papergintzan, nekazaritzan, kosmetikan...

25

Harrobien batez besteko ustiatze epea, urtetan. Gipuzkoako harrobien batez besteko ustiatze epea 31 urtekoa da, eta Araba eta Bizkaikoa 22 urtekoa. Guztira, kareharrizko 336,4 milioi tona agregakin daude harrobietan, gehienak Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bizkaiko agregakinen eskaria zortzi milioi tonakoa izan da

2009. urtean jaitsi egin da Bizkaiko agregakinen eskaria, aurreko bi urteekin alderatuta. Zortzi milioi tonako eskaria egon zen iaz, Bizkaiko Harrobien Enpresen Elkartearen arabera. Hau da, bizkaitar bakoitzak 6,9 tona agregakin kontsumitu zituen 2009an. 2008an baino %6 gutxiago.

Eztabaida iturri diren harrobiak eta egitasmoak

ILARDUIA (ARABA)

Jaurlaritzak Aizkorri-Aratz natur parkeko baliabide naturalak ustiatzeko planaren paragrafo bat aldatu, eta lurpeko meategiak baimendu zituen. Ilarduiako kaltzitako meategia izan zen lehen egitasmoa, baina lau urteko gorabeheren ostean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak debekatu egin zuen.

PRAILEAITZ (DEBA, GIPUZKOA)

Itsasotik hiru kilometrora ustiatzen ari ziren harrobi baten eremuaren barruko kobazulo batean, aztarnategi bat eta paleolitikoko margoak aurkitu zituzten 2006an. Eusko Jaurlaritzak 50 metroko babes eremua ezarri eta kritika zorrotzak jaso zituen. URA Uraren Euskal Agentziak mehategiaren goiko aldeko lanak gelditu zituen, Kostaldeetako Legea erabilita.

Aurreko legegintzaldian Jaurlaritzak hasitako Kareharrizko Agregakinen Arlokako Lurralde Plana lantzen jarraitzeko unearen zain dago gaur egun Jaurlaritza, sektorearen atal horri tratamendu homogeneoa emateko.

Arautzearen zain

J. Rejado. Gasteiz

Harrobien ustiapenei tratamendu homogeneoa emateko tresna bat egiteko asmoa azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak 1997. urteko Lurralde Antolamendurako Dekretuan. Ordea, hamahiru urteren buruan, ez dago ustiatze eremu horien kokapena arautzen duen harrobien lurralde arloko planik. Aurreko legegintzalditik datorren kareharrizko agregakinei buruzko planaren hasierako ikerketa baino ez dago mahai gainean, eta hasieratik bertatik eztabaida iturri izan da.

Kareharrizko harrobien aukerazko guneak zenbatu zituzten lehen ikerketa horretan, eta agregakinen eskaintza eta eskariaren kalkulua ere egin zuten. Teknikoki bideragarriak ziren 131 gune zehaztu zituzten orduan; haietako batzuk babestutako natur guneen barruan zeuden. «Tresna gordina da, eta beste esparru batzuk kontuan hartuta findu behar da: ingurumena, lurralde antolamendua, hirigintza, ekonomia...», azaldu du Oscar Zabalak, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategietako zuzendariak.

Ekologistak Martxan taldeak nabarmendu du harrobien sektorea arautu behar dela, eta lurralde arloko plan bat tresna egokia izan daitekeela gaineratu. Dena den, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak aurreko legegintzaldian hasitako lana ez zela hasi bide onetik. Alde batetik, plana kareharrizko agregatuetara mugatzea kritikatu dute. «Enpresa batek toki berean bi harrobi baditu, bat kareharrizkoa eta bestea margakoa, planean horietako bat baizik ez lukete arautuko», azaldu du Eduardo Renovale Ekologistak Martxan-eko kideak. «Ikuspuntu orokorra da kalteen eragin bateratua ikusteko modu bakarra».

Planaren ikuspuntu teknikoaz gain, ingurumena ere kontuan hartu behar dela adierazi du. «Ingurumena kontuan hartuta harrobi bat ez bada bideragarria, ez du zentzurik planaren barruan sartzeak». Egin behar ez denaren adibidetzat hartu du Energia Eolikoaren Lurralde Arloko Plana, haren ustez plan horretan ingurumen ikuspuntua ez delako kontuan hartu eta erabaki horrek arazoak sortu dituelako egitasmoak garatzerakoan.

Eskaria eta eskaintza

Nahiz eta azterketa aurreko legegintzaldian hasi, egungo Jaurlaritza plana garatzen jarraitzeko unea aztertzen ari da, sektorea arautzeko beste bide batzuk egon daitezkeen arren. Hain zuzen ere, plan hori egiteko irizpideak alderdi politikoekin, erakundeekin eta gizartearekin adostu beharra dagoela azaldu du Zabalak, baita inplikatutako sektoreekin ere.

Gaur egun, kareharrizko agregakinen eskaria eskaintza baino %25 handiagoa dela azaldu du Zabalak, eta gaineratu du datuak bertsuak direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Eskualde batzuetan, agregakinak lortzeko arazoak sortzen ditu eskariaren eta eskaintzaren arteko aldeak». Eskaria asetzeko inguruko eskualdeetara jo behar bada, garraioak produktua garestitzen duela eta CO2 isurketak eragiten dituela gogorarazi du, behin baino gehiagotan, harrobien sektoreko patronalak. Ekologistak Martxan-ek, berriz, kritikatu du Jaurlaritzak egindako ikerketan agertzen den eskariaren eta eskaintzaren arteko aldea ez dela zuzena.

Kareharrizko agregakinen planean zehaztutako kokapenen erdietan baino gehiagotan lur azpiko harrobiak aurreikusi zituen Jaurlaritzak. Horrek ez du esan nahi lurpeko harrobiak lehenesten direnik, Zabalak azaldutakoaren arabera. Ohiko harrobiak ordezkatzeko beste baliabide bat dela gaineratu du, eta Jaurlaritzak hori diruz laguntzea erabaki duela gaineratu du. Bide batez, lurpeko harrobiek ingurumenari eta gizarteari gutxiago eragiten dietelanabarmendu du Zabalak, baina, aldi berean, garestiagoak direla nabarmendu du.

Lurpeko harrobiek, kalte gutxiago eragin dezaketen arren, kalteak eragiten dituztela ohartarazi du Ekologistak Martxan-ek, ur geruzetan eta ondare arkeologikoan. Horrez gain, agregakinen beharra murrizteko moduak daudela gogorarazi du, horiek birziklatzea kasu. Harrobi berrien beharra egungo gizartearen garapen ereduaren ondorioa dela nabarmendu dute ekologistek: «AHTa, Supersur, autobideak, etxebizitzak... hori dena egiteko porlan gehiago behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.