Politika

Hartu du aginte makila Patxi Lopezek

Gernika-Lumoko Juntetxean 11:13an hartu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua eta 11:15ean eman dio makila Juan Jose Ibarretxek. 11:23an "hitz eman" du, Gernikako arbolaren azpian, kargua ondo beteko duela, "Jaungoikoaren aurrean" formula erabili gabe eta Estatutuaren alearen gainean jarrita eskua.

2009ko maiatzaren 7a
13:42
Entzun
Asteartean aukeratu zuten Patxi Lopez (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta gaurtik du aginte makila. Gernika-Lumoko (Bizkaia) Juntetxean egindako ekitaldian hartu du, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak esan bezala, "legezko boterearen ikurra", Juan Jose Ibarretxe (EAJ) gaur arteko lehendakariak emanda.

11:13an hartu du kargua Lopezek, euskaraz eta gazteleraz: "Jabetu egiten naiz Eusko Jaurlaritzaren lehendakari karguaz eta neure gain hartzen dut kargu hori eta baita lurralde honi dagokionez Estatutuaren ordezkari arrunta izatea ere, eta koroari leialtasuna erakutsiz eta Konstituzioari, Gernikako Estatutuari eta indarrean dauden gainontzeko legeei errespetua gordez beteko dudala nire lana hitz ematen dut", esan du. Ibarretxek makila 11:15ean eman dio.

Txalo zaparrada luzea jo diote orduan Lopezi. Dena dela, besteak beste Ibarretxek, azken legealdiko sailburuek, eta EAJko, EBko, EAko eta Aralarreko legebiltzarkideek ez diote jo txalorik. Aralarreko parlamentariek, gainera, batzar aretoa utzi dute, ekitaldian euskarari tratu desegokia eman diotelakoan.

11:23an, berriz, Gernikako arbolaren azpian, ohiko formula aldatu eta kargua ondo beteko duela "hitz eman" du lehendakari berriak, "Jaungoikoaren aurrean" formula erabili gabe eta Bibliaren ordez Gernikako Estatutuaren alearen gainean jarrita eskua; gurutzerik ere ez da izan. Formula hau erabili du PSE-EEko idazkari nagusiak: "Eusko lur gainean zutonik, zuok hiritarren ordezkarion aurrean, Gernikako arbolaren azpian, asabearen gomutaz legearen errespetuz nire agintea ondo betetzeko hitza ematen dut". Gazteleraz ere irakurri du, eta gero Kirmen Uribe euskal idazlearen Maiatza poema leitu du.

Orain arte Eusko Jaurlaritzako lehendakariek formula hau erabili izan dute Gernikako arbolaren azpian: "Jaungoikuaren aurrean apalik, Euzko Lur ganian zutunik, asabearen gomutaz, Gernika'ko zuaizpian, nere aginduba ondo betetzia, zin dagit".

Lopez 10:55ean heldu da Gernikako Juntetxe atarira, Begoña Gil emaztearekin. Ibarretxe 11:01ean iritsi da, eta Arantza Quiroga (PP) Eusko Legebiltzarreko presidentea eta hirurak juntetxe barrura abiatu dira, Quiroga erdian zela, txistulariek lagunduta. 11:05ean sartu dira aretora eta abesbatzak Agur jaunak abestu du. 11.09an hitz hartu dute Quirogak eta Jesus Loza (PSE-EE) Mahaiko idazkariak. Ondoren izan dira kargu-hartzea, makila ematea eta Gernikako arbola azpiko unea.

11:26an aurreskua dantzatu diote Lopez lehendakari berriari, gero abesbatzak Gernikako arbola kantatu du Ertzaintzaren musika bandak Gora ta gora jo du.

Gonbidatu asko

Gonbidatuen artean, jende asko: eusko legebiltzarkideak, Jaurlaritzako azken legealdiko sailburuak, Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak, Espainiako Gobernuko presidenteorde lehenengoa eta hirugarrena (Maria Teresa Fernandez de la Vega eta Manuel Chaves), Cristina Garmendia Espainiako Gobernuko ministroa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak (Xabier Agirre, Jose Luis Bilbao eta Markel Olano hurrenez hurren; denak EAJkoak), Javier Rojo (PSOE) Espainiako Senatuko presidentea, Ramon Jauregi eta Jose Maria Benegas PSE-EEko buruzagi historikoak, Maria Dolores de Cospedal Espainiako PPko idazkari nagusia, Espainiako Estatuko erkidegoetako hainbat presidente, Iñigo Lamarka EAEko arartekoa, sindikatu batzuetako ordezkariak, ETAren biktimen elkarteetakoak...

Hurrengo pausoak

Espainiako Errege etxeak atzo sinatu zuen lehendakariaren izendapena. Lopezek bihar gobernu berriaren aurkezpena egingo du, Gasteizen, Ajuria Enean. Larunbatean bilduko dira lehen aldiz sailburu guztiak, gobernu kontseiluaren aurreneko batzarrean.

Lopez igandean Madrilen izango da. PSOEren ekitaldi handi batean hartuko du parte, Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidentearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.