Zestoako gaztetxearen okupazioaren inguruko epaiketa egin dute gaur

Zestoako bi gazte epaitu dituzte, Donostiako Elizbarrutiak Elizondo eraikinean jarduera «lehenbailehen berreskuratzeko» salaketa jarri ondoren.

(ID_13498707) Zestoako Gaztetxea apostasiaren alde
Gaztetxearen aldeko kartelak, Zestoan. GOTZON ARANBURU / FOKU
xabier martin
2024ko urtarrilaren 24a
10:10
Entzun

Isilean joan da urtebetez Zestoako (Gipuzkoa) gazte asanbladak okupatutako gaztetxearen afera. Elizondo eraikina herriko gaztetxe berria da orain, okupazio baten ondoren, baina joan den igandean, Zestoan meza nagusia egiten ari zirela, hainbat pertsona elizara sartu ziren, Eliza diruzale, espekulatzailea. Gaztetxearen desalojoa gelditu! zioen pankartarekin, eta auzia ezagutzera eman dute hedabideetan.

Bada, Donostiako Elizbarrutiak adierazi du «delitu eta gehiegikeria nabarmen» gisa hartzen duela Elizondo eraikinaren okupazioa. Era berean, nabarmendu du Gotzaindegiak ez duela «iritzia aldatzeko asmorik» Elizondo eraikinaren «okupazio bortitz eta gehiegikeriazkoaren inguruan». Hori dela eta, bi gazteren aurka jarritako salaketa judizialari eutsi dio, eraikineko jarduera «lehenbailehen berreskuratu» nahi baitu. Hala, Elizondo eraikinaren okupazioarekin lotutako epaiketa hori gaur egin dute Azpeitiko epaitegian.

Usurpazio delituagatik epaitu dituzte bi gazte bi orduko saio batean, eta 70.000 eurorainoko isuna jaso dezakete. Datorren astean espero dute epaia jasotzea. Dozenaka lagunek elkartasuna adierazi diete epaitegiaren atarian. Zestoako Gaztetxea desalojo arriskuan, absoluzioa orain dioen pankarta eskuan elkartu da talde bat epaitegiaren aurrean. Hain zuzen, elkarretaratzea baliatu dute adierazpen baten bidez Donostiako Elizbarrutiaren jarrera gaitzesteko. «Gazte Asanbladak herriari irekitako proiektu politiko, sozial eta kulturala desalojatu nahi du Elizak. Nahiago du espazioa hutsik utzi eta herriko bi gazte kondenatzea», adierazi dute.

Iazko otsailean zabaldu zituen ateak Zestoako gaztetxe berriak. Ez zen prozesu erraza izan: bi urte eman zituzten gaztetxe zaharretik lekualdatzeko prozesua prestatzen, herriko kultur etxearen barruan zegoen gaztetxeak beharrezko baldintzak betetzen ez zituela iritzita. «Ez zituen segurtasun neurriak betetzen, ez edukierari dagokionez, ez suteen aurreko protokoloetan, ezta irisgarritasunari dagokionez ere; izan ere, bigarren solairuan dago, eta beste hainbat eragile daude kultur etxean», azaldu du Amaiur Gartzia (Zestoa, 2000) Gazte Asanbladako bitartekariak.

«Denbora aurrera joan ahala, ikusi genuen ez zela aurrerapausorik ematen, eta orduan hartu genuen eraikina okupatzeko erabakia».

 AMAIUR GARTZIAGazte asanbladako bitartekaria.

Gartziaren arabera, udalak proposatu zuen gaztetxearen lekua aldatu eta Elizarena den eraikin horretara eramatea, eta gazte asanblada, udala eta Eliza bera biltzen hasi ziren, negoziatzeko asmotan. «Denbora aurrera joan ahala, ikusi genuen ez zela aurrerapausorik ematen, eta orduan hartu genuen eraikina okupatzeko erabakia», esplikatu du Gartziak. Elizaren erantzuna azkarra izan zen: negoziazioetan bitartekari gisa ari zen asanbladako kide bat salatu, eta prozesu judizial bat ireki zuen haren aurka. Joan den urteko apirilean epaitu zuten asanbladako kidea, eta absolbitu. Uztailaren amaieran beste prozedura bat iritsi zen, ordea, bide zibiletik: Zestoako bi gazteren aurkako salaketa jarri zuen berriro eraikinaren jabeak, eta horiexek ari dira epaitzen gaur, usurpazio delitua leporatuta.

«Ez zegoen hutsik»

Salaketa judizialak Gotzaindegiaren oniritziarekin egin dira, Elizbarrutiak berak azaldu baitu iazko otsailean jakinarazi ziola Gotzaindegiari Zestoako Gazte Asanbladako zenbait gaztek Elizondo etxea okupatu zutela, «sarrailak lehertuz eta beste batzuekin aldatuz, jabetza pribatu hori gehiegikeria eta bortizki okupatuz». Orduz geroztik, gazte asanbladako kideak eraikinean jarraitzen dutela nabarmendu du erakundeak, «Gotzaindegiaren kontrako iritziarekin». 

«Okupaziora arte, etxe hori katekesirako eta parrokiako ekintza ezberdinetarako eta bileretarako erabiltzen zen».DONOSTIAKO ELIZBARRUTIA

Elizbarrutiaren arabera, «ez da egia» etxe okupatua txarto dagoela, eta erantsi du Elizak askotariko jardueretarako erabiltzen zuela orubea: «Etxea hutsik eta egoera txarrean zegoela esanez justifikatu zuen okupazioa gazte asanbladak. Okupaziora arte, etxe hau katekesirako eta parrokiako ekintza ezberdinetarako eta bileretarako erabiltzen zen. Parrokiak, Zestoako herritarrei bainugelak erabiltzeko aukera ematen zien —bainugela publiko gisa—, baita herriko taldeen beste jarduera batzuetarako ere, herriko eragile zenbaiten bileretarako, musika talde baten entseguetarako, sahararrei laguntza emateko, eta abarretarako. Gazte Asanbladak eraikina bortizki okupatuz geroztik, parrokiak ezin izan du erabili».

Gazte asanblada eta Udala

Gazte asanbladak, berriz, udalaren jarrera gaitzetsi du, «babes publikorik» eman ez dielako. «Lekualdaketa proposamena udalak egin zuen, baina eraikin berrian gaudenetik ez digu babes publikorik eman. Egoera honetan bere ardura dauka, eta arazoa konpontzeko bidean zerbait egitea dagokio. Presio egiteko hainbat mekanismo ditu; guztiak erabiltzea exijitzen diogu», adierazi du Gazte asanbladako kide Gartziak.

Mikel Arregi Zestoako alkateak adierazi du «injustua» dela udalari halakorik leporatzea: «Udalak eskuzabaltasunez jokatu du. Eraikinaren jabetza Elizarena da, eta udalak aukera txikia dauka bertan esku hartzeko. Hasieran saiatu ginen eraikinaren jabetzaren inguruan negoziatzen, baina ez zen posible izan». Aurreko igandean gazteek mezara sartu eta egindako protestaren inguruan, Zestoako Udalak esan du ez dela «zilegi». Izan ere, «beste ezein elkarte edo komunitatek bezala, herriko kristau komunitateak bere sinesmen jarduerak egiteko eskubide osoa du», udalaren arabera; «igandean jazotakoak herritarrek erlijio askatasunerako duten eskubidea erabat urratu zuen. Norbere askatasuna besteena urratuaz aldarrikatzea ez da bidezkoa».

«Igandean jazotakoak herritarrek erlijio askatasunerako duten eskubidea erabat urratu zuen; ondarea herriaren zerbitzura jartzeko eskatzen diogu Elizari».

ZESTOAKO UDALA

Baina gauza bat da udalak elizan egindako protestaren inguruan egin duen interpretazioa, eta bestea, eraikin okupatuaren erabileraren inguruan egin duena; izan ere, haren arabera, «Elizak bere izenean ondare material handia pilatu du, eta gaur da eguna Elizak ondare hori guztia behar bezala kudeatu eta mantentzeko gaitasun humano eta materialik ez duena». Horregatik, «ondare hori guztia herriaren zerbitzura jartzeko» eskatu dio Elizari Zestoako Udalak. Erantsi du udala Elizarekin elkarrizketan jarraituko duela, eta prest dagoela «denon onerako izango den herriguneko zein auzoetako azpiegituren inguruko akordio orokor bat» sinatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.