Hasi dira PCR probak egiten Getarian, eta prestatzen ari dira Tolosan

Uztailaren 9tik 12ra Politena tabernan egon zirenei PCR probak egiteko deia egin du Osakidetzak. Tolosan ere taberna batetik zabaldu da birusa.

Gazteak ilaran, PCR proba egiteko zain, Tolosan. BERRIA
Gurutze Izagirre Intxauspe - Iñigo Terradillos
2020ko uztailaren 15a
11:38
Entzun

Iragan igandean ondoeza sentitu, eta Zarauzko (Gipuzkoa) osasun etxera joan zen gaixo batek ireki zuen pista. PCR proba egin eta positibo eman ostean, gaixo haren azken egunetako bidea arakatuta jakin zuten Getariako (Gipuzkoa) Politena tabernan izan zezakeela abiapuntua. Tabernak berehala itxi zituen ateak eta hasi zuen desinfekzioa. Itxita segitzen du geroztik.

Getariako Udalak berehala zabaldu zuen PCR probak egiten hasteko deia herrian. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ere esku hartu du, eta egokitu dute Sahatsaga kiroldegian PCR probak egiteko azpiegitura. Politena tabernan uztailaren 9tik 12ra egon diren Zarautz, Getaria eta Zumaiako (Gipuzkoan) bizilagunei aurrez txanda hartu eta probak egiteko eskatu die Carlos Barruso Donostialdeko OSIko arduradunak. Getariak bisitari asko jasotzen dituenez, beste herri batzuetako bizilagunik egon liteke Politenan izandakorik, eta, hala bada, Osakidetzak emandako telefonora jotzeko eskatu du. PCR proba egiten duten guztiei eskatu die etxera joan eta itxialdia egiteko: «Oso garrantzitsua da hori». SMS bidez jakinaraziko zaie emaitza, eta, esan duenez, negatibo ematen badute, eta emaitzen zain daudenekin lotura esturik ez badute, horiek atera daitezke.

Gaur, gutxienez 300 laguni egingo diete proba. Gaurko txanda guztiak emanda daude, eta Barrusok esan du gutxienez ostiralera arte han izango direla. Behar izanez gero Zarautzen probak egiteko beste azpiegitura bat jarriko dutela ere aurreratu du. Nekane Murga Osasun sailburua lehen orduan ere bertaratu da. Agurtu ditu Osakidetzako langileak eta Haritz Alberdi alkatea ere, baina 09:00etarako joan da. Adierazpenak Barrusok egin ditu, gaztelania hutsean.

Haritz Alberdi Getariako alkateak hartu du hitza gero, Getariara joandako kazetari andanari erantzuteko. Maskaren erabilera arautzeko eskatu du. Erabilera orokortzearen alde agertu da Barruso bera ere. Iragan astean, Getariako Kale Nagusiko jende pilaketa ikusita, udal zinegotziek eurek banatu zituzten maskarak kalean, eta Getariarako propio sortutako kartel handiak ere jarrita dauzkate Kale Nagusian, bisitari asko etortzen direnez, maskara erabiltzeko eskatzeko. Udaltzainek ere abisatzen dituzte herritarrak, tartea gordetzen ez bada, maskarak janzteko. Arau zorrotzagoa behar delakoan dago, ordea, Alberdi. Maskararen erabilera arautzeko eskatu du, berriz ere, Getariako alkateak.

Baieztatu du, oraingoz, esku artean dituzten datuen arabera, lau direla positibo eman dutenak probetan. Deia egin du PCR probak egiteko, hori delako zabalkundea kontrolatu ahal izateko bidea. Alberdik berak ere proba egin duela esan du, Politenan izan zelako. Emaitza jakin bitartean etxean egon da, eta negatibo eman du.

Herrian kezka baldin badago ere, ardura ere badagoela azpimarratu du. Bi mezu nagusi eman ditu: «Lasaitasuna, bitarteko egokiak jartzen ari direlako, profesionalez osatuta. Eta ardura, higienea zaintzea, distantziak zaintzea eta maskara jantzita eramatea, hori bezain gauza sinplea. Arduraz jokatu behar dugu guztiok».

PCR probak egiteko prestatu dute Tolosako Beotibar pilotalekua. BERRIA

Tolosan, probak prestatzen

Gipuzkoako beste herri batean, Tolosan, PCR probak egiteko estalpeak prestatzen hasi dira eguerdian. Beotibar pilotalekuan ari dira Gurutze Gorriko eta beste erakunde batzuetako osasun langileak. Harridura sortu du horrek herrian, udaletik gaur goizean esan dutelako kutsatze komunitariorik ez zegoela herrian.

Taberna bateko zerbitzari batek eman du positibo Tolosan, eta azken 24 orduetan horrekin loturiko beste 24 kasu atzeman dituzte. Parranda giroko taberna gisa deskribatu dute agerraldiaren epizentroa.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.