Haur eta nerabeen aurkako indarkeriak ertz asko ditu, eta hura detektatzea «oso konplexua» da. Hala ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzak eskatuta EDE fundazioak egindako txosten batek. Azterlanak abusuak hobeto ulertzeko gakoak bildu ditu, eta baita horiek aurreikusteko eta detektatzeko neurriak ere. Gaur goizean aurkeztu dute txostena Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketarako sailburuordeak, Ainara Canto EDE fundazioko ikerketa arduradunak eta Rosa Lizarraga Agintzari kooperatibako psikologoak. Lakuako egoitzan (Gasteiz) egin dute aurkezpena.
Indarkeria mota guztien artean, haur eta adingabeen aurkako sexu abusuak izaten dira detektatzeko zailenak. Salatzen diren abusuen artean %2 bakarrik dira sexu abusuak. Sexu abusu horiek, baina, oso denbora gutxian, «tabu izateari» utzi, eta prebentzio eta lehentasunezko jarduera esparru bihurtu dira erakunde publikoentzat eta osasun, justizia eta hezkuntza alorretan lan egiten dutenentzat. Hala azaldu du Rosa Lizarragak, haurren aurkako sexu abusuen balorazio, orientazio eta arretan diharduen Agintzari kooperatibako kideak. Haurren aurkako abusu sexualak detektatzea da eremu ezberdinetako profesionalek izaten duten arazo nagusia, eta webgune bat sortu dute kezka horri erantzuna emateko: screening.agintzari.com
Screening moduan diseinatu dute, profesionalak orienta daitezen sexu abusuen susmoak dituztenean. Horretarako, sexu abusuak detektatzeko 50 adierazle aukeratu dituzte. Webgunea «abusuen susmo oinarritu bat ezartzeko diseinatuta dago, ez abusua gertatu den ebazteko», Lizarragak azaldu duenez. Edozein herritarrek erabili dezake tresna hori, baina bereziki profesionalentzat egina da.
Txostena
Bestalde, haur eta nerabeen aurkako indarkeria aztertzeko txostenaren berri eman dute. Indarkeria mota ezberdinak aztertu dituzte bertan; besteak beste, familia barruan gertatzen den indarkeria, erakundeek eta hedabideek bultzatzen dutena eta sexu abusuak. Txostenak dioenez, bost herritarretik batek sexu abusuak pairatu ditu haurtzaroan, eta indarkeria kasuen %10 baino gutxiago salatzen dira haurtzaroan edo nerabezaroan, hau da, indarkeria pairatzen den unean. Batez beste, indarkeria abusuen kasuak epaitu arte hiru urte baino gehiago igarotzen dira, eta abusuak jasan dituzten haurrek lau aldiz kontatu behar izaten dituzte pairatu dituzten abusuak, azterlanaren arabera.
«Haurren aurkako biolentzia saihestu daiteke», azpimarratu du Cantok. Horretarako, ikuspegi integrala duen «prebentzio estrategia» bat garatzea proposatu du. Txostenak hainbat lehentasun jaso ditu; tartean, honako hauek: prozesuak eta erantzunak azkartzea, arreta zerbitzua kontrolatzea, haurrei eta nerabeei gehiago entzutea eta emozioan oinarritutako hezkuntza afektibo-sexuala indartzea.