Gradu eskaintza «zabala, asmo handikoa, eta etengabe aldatzen ari den gizarteari erantzutea helburu duena» aurkeztu du gaur EHU Euskal Herriko Unibertsitateak datorren ikasturterako. Guztira 82 titulazio eskainiko ditu —102, campus batean baino gehiagotan eskaintzen direnak kontatuta—, eta horietako sei berriak izango dira. Lehen aldiz, Adimen Artifizialeko gradua emango du EHUk, eta Haur Hezkuntzakoa hiru eletan eskainiko du, hau da, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Gainerako titulu berriak gradu bikoitzak dira: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Ekonomiarekin batera —ingelesez osorik—; Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa, Soziologiarekin batera; Ikus-entzunezko Komunikazioa, Kazetaritzarekin batera; eta Kazetaritza, Publizitatea eta Harreman Publikoekin batera.
«Datorren urterako eskaintza akademikoak oraina eta etorkizuna binomioa du oinarri. Orain sortzen diren behar sozial eta ekonomikoei erantzun behar diegu, baina baita etorkizunean sortuko direnei ere», adierazi du Nekane Balluerka errektoreak. Hala, azaldu du Haur Hezkuntza hiru hizkuntzetan eskaintzeak ere premia bati erantzuten diola: «Azken urteetan ingelesa sartzeko joera handitu da, eta praktiketarako ere, zentroek gero eta gehiago eskatzen dute».
Leioako (Bizkaia) Hezkuntza Fakultatean eskainiko dute gradu hirueleduna, eta 40 leku izango ditu; euskaraz eta ingelesez B2 maila eskatuko diete ikasleei. Orain arte soilik gaztelaniaz eman den gradua ordezkatuko du. «Eskolako hizkuntza behar eta erronkei hobeto erantzuteko gai diren profesional hirueledunak trebatu nahi ditugu», berretsi du Balluerkak. Euskarazko gradua, berriz, Leioan, Gasteizen eta Donostian mantenduko dute. Eremu horretako eskaintza akademikoa osatu nahi du EHUk, Lehen Hezkuntzako gradua ere martxan baitu hiru hizkuntzetan.
Adimen Artifizialeko gradu berriak ere 40 leku izango ditu, eta Gipuzkoako Informatika Fakultatean eskainiko dute, Donostian. Hainbat arlotako ezagutzak jorratuko dituzte bertan: ingeniaritzan, datuen zientzia, robotika, ordenagailu bidezko ikusmena... Lanbide Heziketan informatika ikasketak dituztenek 48 eta 54 kreditu artean baliozkotu ahalko dituzte.
Gradu bikoitzek ere ikasleen premia bati erantzuten diotela nabarmendu du Araceli Garinek, Graduko eta Graduondoko Ikasketen errektoreordeak: «Askok bi gradu ikasten dituzte aldi berean, eta honezkero ohiko bihurtu den praktika hori naturalizatzea dakarte gradu bikoitzek». Bost ikasturtetako iraupena dute; guztira halako hamabi eskaintzen ditu EHUk.
Arlo praktikoak, pisu handiagoa
Trebakuntza duala ere zabaldu egingo du EHUk 2020-2021 ikasturtean. Zazpi gradu gehiagotan jarriko dute —guztira hamabostetan eskainiko dute—: Enpresen Kudeaketa eta Marketina, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Kazetaritza, Kimika, Politika Zientziak eta Kudeaketa Publikoa, Publizitatea eta Harreman Publikoak, eta Soziologia. Balluerkak azaldu du arlo praktikoak garrantzia handia hartzen duela halakoetan: «Ikasleak aukera dauka graduko ikasketen zati bat enpresa edo erakunde sozial batean egiteko».
Eskaintza akademiko hori ezagutzera emateko, orientaziorako azokak egingo ditu EHUk: Donostian, gaur; Gasteizen, otsailaren 1ean; eta Bilbon, otsailaren 8an.